XXXI. Behiaz
AITAK: Gaur mintzatuko gare behiaz.
SEMEAK: Hori aditu nahia nintzen, ezen Eskal-herrian behitik atheratzen da probetxurik gehiena.
AITAK: Hala da. Zaude beraz erne, zeren behiaren gainean erranen darozkitzut gauza batzuek egundaino aditu ez-ditutzunak.
Bordale-aldean hiri bat bada Liburna deitzen dena. Ondo hartako aberezain bat, Genon otsez, aiphatua da egungo-egunean Frantzia guzian. Ezagutzen du behiak zenbat esne eman dezakeen, zer esne mota eta zenbat denboraz.
SEMEAK: Gauza miresgarria da hori!
AITAK: Bai, eta ez-da naskikoa; segura da. Haren antzea gu-baithan sar baledi, preza ginezake.
Egin izan du bada liburu bat guri irakhastekotzat bere jakitatea. Zenbait baliatu izan dira, bainan ez-dugu guziek begia bardin ona, eta bizkitartean hortakotzat begia behar da.
Nahiz antzea ez-den buru batetik bertzera iragaiten, makhila esku batetik bertzera bezala, halarik ere hariz-hariz ikhasten da; emeki-emeki ohartzen da eta trebatzen gauza guzietan.
Zuk ere, geroago baliatzekotzat, burutan har zatzu oraiko solasak.
Huna zertarik Liburnako aberezainak ezagutzen dituen behi onak.
Idiek eta behiek badute gibelean, buztanaren azpiko-aldean, ile izarra deitzen den seinale bat.
Seinale hori deitzen dute oraino ogi-burua, zeren azienda batzuetan ogi-buruaren itxura zerbait baduen.
Beraz abereen ogi-burua edo ile-izarra biak bat dira.
Ile-izar horrek hainitz erran-nahi du behi batean; handia eta zabala bada, seinale ona; ttipia edo meharra bada, seinale txarra.
Ile-izarra ezagutuko duzu azienden ixter-arteari gibeletik ongi begiratuz.
Badakizu abereen ilea gain-beheiti etzana dagoela. Bainan izarreko ilea azpitik goiti doha. Nola hainitz xehea baita, artharekin ikhartu behar da. Argi onera atherako duzu behia hortarakotz, behatzaz ere haztatuko larrua ezagutzekotzat nondik hasten diren ilearen goiti-beheitiak.
Goiti dohan ilea izarrekoa da; beheiti etzana dena ez.
Azienda batzuetan izarra ongi ageri da, zeren goitiko ileek eta beheitikoek, elkhar jotzearekin, kizkurdura bat egiten baitute, bizkitartean ez inguru guzian.
SEMEAK: Holetan ile-izarra ez-da ezagutzeko errexa.
AITAK: Begia ongi emanez geroz, bai.
Iguzkitan goitiko eta beheitiko ileek bi argidura dituzte. Gauza guzietan hartze bat bada: huntan-ere behin trebatuz-geroztik, den errexena da.
Ile-izar ederrak hasi nahi du errapetik, eta hautsi gabe heldu buztan-azpira.
Ixter-arteko larruak ixurrak egiten ditu, eta ile-izarrak iduri du asko aldiz den baino hertsiago.
Nola hainitz baitihoakio nori-berari jakitea haren egiazko zabaltasuna, behia ibilarazten da harat-hunaka eta errape aldeko larrua ezkuz zabalarazten zayo.
Erran dena, ile-izar osoa eta zabala, zeinale ona.
Zathika hautsia bada, seinale txarra laiteke, baldin zathi hekien erdian ez-badira bi izartto ilea beheiti etzana dutenak. Guardia emateko da horri. Izar hekiek bata bertzearen gaineko aldean dira. Bakhan gerthatzen da hori, bainan seinalea ona da.
Badira behiak dituztenak buztan-azpian, bi aldetarik, eskuin eta ezker, bi izar ttipi, edo bat bakharra. Xeheak dira eta batzuetan ez-da ageri ile-hartzidura bat baizik, marratto bat iduri. Honako seinalea handiago eta txarrago. Horrek erran-nahi du behiak, ernaldu ondoan, esnea laster galduko duela.
SEMEAK: Ageri da ile-izarrak ez-direla bardinak guziak.
AITAK: Ez-dute orok itxura bera; bainan ez-da horri sobera begiratzeko; handitasunean da guzia. Izarra hedatuagoa eta behia esnaldun hobea.
Ile-izarra behar den tokian ile-zirrista bat baizik ez-bada, deus ez-du balio behiak laneko baizik.
SEMEAK: Beraz ile-izar ederra duen behia, segurki esnaldun handia daiteke.
AITAK: Ez-eiki! ez-dut hori erran. Egia da hori dagokatela seinale hobeenarentzat. Bainan diote begiratu nahi dela oraino bertze seinale batzuei.
Huna nolakoa den behi ona.
Lehenbizikorik. Ile-izar handia behar du;
Bigarrenekorik. Burua axita eta propia, adarrak meharrak eta legunak;
Hirugarrenekorik. Lephoa mehatsa eta zalhua;
Laugarrenekorik. Larrua guria, ilea goxoa eta argia;
Bortzgarrenekorik. Zainak ageriak eta atheratuak sabelean, errapean eta ixeter-artean buztan-azpiraino.
Horrelako behia erosten baduzu, izanen zare segurki esnaldun handiaren jabe.
Seinale horiek berak dituen idia da hobeena, ez-laneko, bainan bay gizentzeko.
Zezen bat iduri duen behia, buru handiarekin; adarrak lodi, ilea latz, lepho-zakhia motz eta lodi, larrua gogor, ile-izarra mehar, sabeleko zainak gordeak; halako behia ez-da laneko baizik hanbat on.
SEMEAK: Ene aita maitea, burutan hartu ditut behi esnaldun handiaren seinaleak. Bainan beldur naiz halako guti kausituko dudala.
AITAK: Egia da munduko gauza guzietan on-onak dira bakhanenak. Erranen darotzut bizkitartean geroago eta errexkiago atzemanen direla nik erran bezalako behiak. Ezen behi onaren seinaleak agertzen dira sortzetik; ezagut daiteke aratxe bat zer izanen den geroan. Seinale onetako aratxeak ez-dira hilaraziko.
SEMEAK: Beraz, migak edo ergiak erosten dituenak, ordunanik jakin dezake zer abere mota hartzen duen?
AITAK: Halaxe da. Seinale onetako aratxe urrixa erosten duenak, gerorat izanen du esnaldun ona.
Ergietan ere seinale berak badira, nahiz ez-diren hain garbiki ageri.
Zezentzat halakoak begiratuko dira behar bezenbat.
Badakizu umeak izaten direla maizenik aita-amak iduriak; zezen eta behi seinale beretakoek ere eginen dituzte beren iduriko umeak.
Ez-ditugu beraz oraidanik gure behiak edo-zein zezenera eraman behar.
SEMEAK: Hortako naiz ni-ere, zeren ez-baita gauza alferra hazgei ona edo txarra etxean idukitzea.
AITAK: Atsegin dut hori zureganik aditzeaz. Horren gainean erranen darotzut bertze solas bat, eta ez-dezazula utz, othoi, ahanztera. Askok uste duketen baino gehiago erran-nahi du.
SEMEAK: Zer-da bada? ene aita.
AITAK: Huna. —Laborariak behar du, bere ahal guzian, etxean sorthu zayoen aratxetarik egin etxeko azienda guzia.
SEMEAK: Zer! ez-du beraz kanpotik erosi behar eskas duen aberea?
AITAK: Bay, erosi behar du! Nik diot ordean hazgeyak etxean iduki behar dituela geroko beharren arabera. Etxean sortu diren idiak, bertzenaz onak direlarik, langile hobeak izanen dira kanpotik erosiak baino;
Orobat, etxean sorthu behia, hobea kanpotikakoa baino.
SEMEAK: Ez-dakit hargatik nola daitekeen hori!
AITAK: Ez-da bada aditzeko gaitza. Gerthakari txarrek emanik, sal bagineza gure etxea, bertze batean gogo berarekin lanean hari othe zinaizteke?
SEMEAK: Oi hori ez!
AITAK: Sinhetsazu bada asko gauzetan aziendak gure idurikoak direla. Hekiek-ere lakhet dute sort-etxea.
Behiei bereziki damutzen zayote toki arrotza.
Nahiz idiei, nahiz behiei, damu horrek histen diote gogoa. Ezaxolatzen dira, gaixtatzen ere, eta ez-dute etxean haziek bezalako gozorik.
SEMEAK: Uste nuen erraitera zinhoazela merkhatuko idiek iduri dutela aldaka dabiltzan etxetiarrak, lan on guti dabiltzan tokietan egiten dutenak.
AITAK: Ez-dut nik holakorik erran. Dena-dela, ez-dut nahi, ene semea, gizonari bezala mintzo natzaitzunean, athera dezazun haur-solasik.
SEMEAK: Barkha diezadazu, ene aita maitea, solas hori bere bitxiak erranarazi darot.
Arras ongi ikhusten dut orai nola kanpoko aziendak ez-duen etxekoa balio. Bizkitartean gure tokiko laborariak nekhez altxatuko ditu etxean behar dituen ergi eta hazgey guziak.
AITAK: Badira naski halakoak ere. Bainan nik erran dut nork bere ahalaz jarraiki behar duela etxean hazteari. Hala egiten balute bere ahalaz, uste nuke gehienek berenez egin lezaketen, edo bederen miga guti erosi behar luketen. Artha da guzia.
|