XXX. Idiaz
SEMEAK: Aita maitea, aipha diezadazu idiaz.
AITAK: Bay, ene semea; bainan, zer idiz nahi duzu mintza natzaitzun? Laneko idiaz, ala gizentzekoaz?
SEMEAK: Uste nuen biak orobatak zirela.
AITAK: Ez-xoil.
Laneko idi hobeenak motz eta lodiak dira, zezena iduri. Ez-dira gizentzeko hain errexak.
Idi irazki lerdenekoak dira gizentzeko errexenak. Behiaren itxura gehiago dakharkete, ezenetz zezenarena.
SEMEAK: Nola egin bada? ezen laneko idiak gizenarazten ditugu urthe baten buruan; eta laneko idiak ez-badira on gizentzeko, ez-eta-ere gizentzekoak laneko, nola ilkhi atheka hortarik?
AITAK: Ez-dut erran ez-direla on; errextasunaz mintzatu naiz.
Behinik-bat, itzain ofizioan dabilanak idi hazkarrenetarik behar ditu; zezen itxurakoak. Eta higatzentxe direnean, saltzen ditu ahal bezain ongi.
Bainan gure herrian, laborantzan baizik hari ez-diren gizonek ez-dute halako idi motarik erosi behar.
Hekien lanak ez-dira hain gogorrak, non bertze idi mota batek ezin-egin baitezazke errexki. Idi guziak berenez indar handikoak dira; beratzak direnek ere laborantzako nekhea jasaiten dute.
SEMEAK: Beraz itzainak idi hazkarrenak erosi behar ditu, eta laborari hustak idi gizenkorrak.
AITAK: Halaxe da. Bakhotxak irabazi gehiena eman dezokeen mota. Itzaina garrayotik ontzen da; laborariak idi gizendutik egin behar du mozkinik hobeena.
Idi erostekotan gerthatzen zarenean, begiratuko duzu heya aziendak hats ona duen; heya hortzak ederrak eta bardinak dituen; zer adin duen, larrua nasai eta guri duen; ilea usu, legun eta argi.
SEMEAK: Zer erran-nahi dute seinale horiek?
AITAK: Hats laburra eta trabatua duen idiak ez-ditu bulhar onak.
Hortz txarrak dituen idiak ez-du ongi xehatuko eta jana gaizki ehoko du.
Adineko idia ez-da gaztea bezain balios, ez-laneko, ez-eta-ere gizentzeko.
Ilea bakhan duen idia berotua daiteke eta eritzeko menturan. Orobat ilea ilhun eta hartzi duen idia ez-da itxuraz sasual.
Larru nasaya, ilea gozo eta argi duen aziendak erakhusten du osagarri ederra.
SEMEAK: Entzuten dut erraiten koloreak ere zerbait erran-nahi duela.
AITAK: Gure aldetan gutiz-gehienak gorriak dira. Diote bizkitartean idi beltza ona dela bethi, xuririk balinbadu hatzetan edo buruan; bertzenaz tontoa eta gogo hilekoa dela.
Gorria dagokate hobeentzat laneko. Su gehiago du bere baitharik; eta hori ez-da guti, ezen badakizu idia azienda dorphea eta urhats hurrikoa dela.
Gizentzeko baizik ez-badituzu idiak, erosatzu ilea izarka jarria dutenak. Bertzeak baino beratzago eta alferrago dira, bainan gizenkorragoak. Bazterretik iguzkitara begiratzen badiozute, ikhusiko duzu hekien bizkarra guzia izarrez bethea.
Idi zuriak ez-dira gizentzeko baizik.
Behiez aiphatzean, erranen darotzut oraino horren gainean bertze hitz bat.
SEMEAK: Nondik ezagutzen duzu idien adina?
AITAK: Adarretarik eta hortzetarik. Bainan seinale horiek ez-dira arras segurak, eta ni baino tratulari hoberik enganatzen dute.
Ergiei hamar hilabethetan heldu zaizkote lehenbiziko aintzineko hortzak, erran-nahi da esneko hortzen ordainak, hanbat xuri ez-direnak, bainan zabalagoak.
Hamasei hilabethetan aldatzen dira bazterretako hortzak, eta hekien ordainak, ez-izanik-ere hain xuri, hazkarragoak dira.
Hiru urthetarik, bortz urthe bethe gabe, hortz guziak aldatuak dira. Orduan luzeak dira; bainan laburtzen, beltzten eta desbardintzen dira aberea zahartzen denaren arabera.
Bigarren edo hirugarren urthean, aberearen adarrari egiten zayo ondoan, erreztuna bezala, zamar bat, eta urthe oroz haren gaineko aldean bertze bat. Erreztun hekiek khondatuz, ezagutzen da aberearen adina. Azpiko erreztuna hartzen da bi edo hiru urtheentzat, eta bertzeak batentzat bakhotxa.
SEMEAK: Ez-daiteke beraz xuxen-xuxena ezagut idien adina.
AITAK: Ez, ene semea; bainan makhur guti batekin; urthe batena edo biena gorenetik.
SEMEAK: Zer adinetan uztartu behar dute idiek?
AITAK: Ez-lukete hiru urthe bethe gabetarik lanean ezarri nahi.
Aintzintxetik, ferrak ematen zaizkote, amoratuz eta ez joka erabiliz. Uztartzekotzat orobat, eztitasuna eta balakuak behar dituzte, zuhain poxi zenbait eta artho buruak.
Errana da gizona (hartarik zerbait atheratzekotz), ile aldera ferekatu behar dela, eta zerbait emanez amoratzen dela. Gauza ber-bera da aziendekin. Probetxu ona atherako du hekiekin eztitasuna erabiliko duenak.
Hezten hari den ergiari etzayo guti baizik eman behar akhuloaz. Etzazula joka gaixtaraz edo sorhayoaraz; lausenga zazu; hobe da.
Aro onarekin erabil zazu lehenbiziko lanetan eta nekharazi-gabe. Lana utzi-eta, emozu zerbait onik eta phesta zazu.
Idiek sayhala hainitz on dute bizkarretik: begiratzen ditu ulietarik eta hotz-bero handietarik.
Zerbait onik egitekotzat, aziendek nausia maitatu behar dute.
SEMEAK: Lehenago-ere erran izan darotazu frango.
AITAK: Bai, ene semea, zeren askok ez-baitakite zer bidegabea egiten duten beren buruei, aziendentzat gogorrak izanez. Ez-nuke nahi uste izan dezazun horrek deusere ez-duela erran-nahi. Egizu nik diodan bezala eta ontsa atherako zare.
|