BAKARDIARI
Oi luzaroz ain oker
nenbillen onen kaialde gordea!
Oi jasan bear gaitzen
gerizpe ziur, eta
atseden ain gozo, argi, narea!
Lasta-etxola: or iñoiz
ez kezka gaitzik, ez ere lagunik
begi-luze, ez mintzo
ustelik, ez eta iñor
asmo gaiztoz jakile duzunik.
Zeru goiaño oan
mendizut, bean ez bezelako
lanarte gozaleku:
emen jendeak, itsu,
griña biziaz iltzea naiago.
Ar nazak gandur ortan,
pake gezurruts, jendarte galkor,
lanbide alper eta
iñoiz ere merezi
ez izan gaitzez igesi bainator.
Ta ezar nazak gero
egurats-tarte garbien baitan,
zori gaiztoz irentsi
pozoin-kalteak senda
ta arnas loia-re txau dezadan.
Naikeri irol eta
ezbear oroz zororik bizian
gorabera guziaz
itxeki ua, burutik
kendu dezadan arian-arian.
Igan, lengo oitura
ziranen orapilloa askatuz,
soiñ-eunaz ia billus,
kirats gabeko argiz
gozaro paekan bizi nai dut.
Igan tinko egonik,
itxasoz begiaz erruki edatuz,
kresal barrena doan
gizoste gaxoaren
estuasuna dezaket nik ikus.
Kai aldera ain alai
zetorren arek, ekaitzak jo-ala,
itxas zabalez zear
nora-ezean larri
ontzia doi-doi jitoan darama.
Kardal artean ondatzen
urliak batela, aren zai aoa
zabalik orra osiña;
jabaldi-zun sandia;
besteak baxan du jotzen ondoa.
Jasak egun argia,
biotza ostu oi die besteri;
euren dirua uzten
Netuni zekenari;
il-bizi dabil bestea igeri.
Bularka dagi egiñ
alean: bañan, ontzia gal-eta,
zer dagike gaxoak
ol aul bati eutsiz
osin beltz aserrearen aurrezka?
A, bein eta ostera
igesleku maite, gordea!
ez akida uts-irten,
eta bai okerrik, itsu,
tirria oi dana oro, ordea.
|