BAKARRALDIA
Bai benetan doatsu
mundu-otsari itzuri doana,
eta lurrean jakitun
bakan izan diranen
bidexka ixillez dabillana.
Aundien bizikera
arroak ez baitu kezkarazten,
mairu argiak urrez,
arri-nabarrez eraiki sapaia,
ark ez aintzat artzen.
Aotan aipagarri
izaterik ez dio ardura,
mingañak zurikeriz
goraipa dunaz ere
egiagatik ez jakin-gura.
Neri zer dit axola
beatz ariñak berezi nazan,
aize uts onen billa
ats-estuka banabil,
yoranez, irrika, il-bizian?
Oi mendi, iturri, ibai,
oi ixil gorde atsegingarri!
Ontzia galdu-urran,
itxas sumiñ ontatik
atseden eske bainator larri.
Loaldi etengabea,
egun arrai, garbi bat nai dut nik;
odolaz edo diruaz
arro danaren mutur gaiztoa,
eztut nai ikus jadanik.
Atzar nazate txoriak
txiuntza gozo ez ikasiaz,
eta ez besten mende
dagon arek oi ditun
kardaba gaitzak aldi guziaz.
Naiago nigan bizi;
griñatxar, bekaitz, gorroto, axut
ta ustekeri ezik,
goiari zor diodan
zoria bakarrez goza nai dut.
Mendi-malda beera
ba dut baratza eskuz landua,
udaberri aldian
lore ederraz apain,
lendanaz baitu nabari zitua.
T'ango ederra ikusi
ta geiagotzeaz edo naro,
muñatz lirain beera
ur-txirripa garbi bat ariñ,
jostari, ba dator araño.
Eta gero emaro
zuaitz tartean zearka dabil,
eta bide batez
lurra belarrez jantziz,
loreak ugari dixuriz bipil.
Aizeak landa-mintza
egurasten, eun usai bidaliz;
susmur ezti guriaz
daragie zuatzai,
urre t'algoa aantzaraziz.
Bezate diruketa
ontzira diranak uste aizunaz,
Ipar-Ego aizeak
leyaka diranean
ez dit axola asalda ditunaz.
Kirrinka dago masta,
gau illun biurtzen egun argia,
zeruraño ba doa
naasiz iskanbilla,
urmendoiz ugalduz ugaria.
Mai bat gartxu, atseden
onaz ongi betea nik aski;
arazki landuriko
zillarreria, bego
ekaitzaz bildur oi eztanari.
Besteak aginpide
galkorrak ase eziñez egarri
erre dituño gaxoak,
itzalpera etzanda
nagon ni emen kanta-kantari.
Itzalpean etzanda,
untzorriz ta ereñotzez koroi,
buru-belarriz adi,
etorri gozo-mearen
doñu eratsu onen entzunkoi.
|