|
ATALAURREA
Norbaitek diñokena: ba da gurean eginkizun bearragorik euskal-idazleok lenen eta apetaz irauli bear zenituztekenak, beste edozein izkuntzetako idazlan garaienak euskerara itzultzen aritu bearrean. Izan ere, eskoletako elizti, irakaspide ta egunean eguneango gertari ta arazoen berarizko ispillu litezken irakurgai argitara ematea bear-bearrago da, ezbairik gabe; ortan ari dira, ain zuzen ere, gero ta ugariago euskal-idazleak. Alaere ezkenuke aztu bear, azibidean daukagun eta, orain ez aspaldi arte, eliz-gaiei lotuxegi egona dan gure elederrari oñarri sendo bat aukeratzea ta bere esapidea alegiñez lasagotzea dagokionik. Ortarako, beste izkuntzetako idazlanik ederrenak gurera aldatzea —eta ontan beste askok ere aurrea artu didate— biderik egokien eta eragikorrenetako bat derizkiot. Beste oinbeste egin dute ta egiten ari dira gurea baño eleder aziago baten jabe diran erriak; orobat egin zuten beren aldian Fray Luis Leonek eta Donibane Gurutzak, beste askoren artean, alegia hebertar, greziar ta latindar ereduak gaztelerara irauli ta egokitu. Eztegu gutxigo egin bearra eskaldunok; ortik ere iritxi dezakegu gure euskera zar-berri au esapide jori-jorienaz gaitu dedin, bere ele-uberka zabalagotuz eta bere jatorrizko urgunea ugalduz; naiz eta lenbizi, bearbada, geron alorra landu, apaindu ta kantitu bear baldin badegu ere: asko dira gurean ganorazko eskuen zai dauden añadak, auek ustia ta urre garbi biur ditzaten. Baña bi jokabideok, bata besteari buru eman edo eragotzi bearrean, alkarren lagun eta osagarri ditezke euskal-kulturari buruz. Gure ele-jakitun Luis Mitxelenak au diño EGANen: «Itzulpen ugari izan dugu gure artean euskal literatura asi zen ezkeroztik... Eztakit ordea orien balioa goregi jasoa ez ote daukagun. Erruz agertzen dira itzulpenak izkuntza landuetan, baiña eztiote itzulpenek ematen literatura bati bere mailla, berezko obrek baizik» (1960, V-XII). Egia, bai, egi borobilla. Baiña baitare ENBATAk Culture et Folklore idazpuruz dakarren au: «Traduire en basque les auteurs étrangers est plus utile que mantenir les danses, la pelote...». (1961-IV)
Burubide onetxek eragin dit XVI gn, mendeko bi gaztel-idazle aitorren olerki onenak euskerara itzultzen, balinba oraingo saio au mugarritxo bat diteke, gero ere geitu litekena. Orain dala gutxi, OLERTI aldizkarian ale batzu argitara eman nitun, aldez artu ta merezi ez bezela txalogarri izan baitziran, eta neretzat ain eragikor ere. Egia esan, Ormaetxeatar Nikola («Orixe») gure ele-maisuak eragin zidan onoko argitaldi au atondu nezan; baita len aitaturiko aldizkariaren sortzalle ta zaindari degun A, Onaindiak ere; ura, oldez ta ain gizalegez, atal-buruko ikaskizun baten bidez begiraletzat eskeñi zitzaidan, eta naiz bata naiz bestea, banan eta baten, itzulketan lankide izatea ere. Nere itzulkizunei buruz egiñiko oarkizun eta zuzentzeak gatik esker ona zor diot «Orixe» jaunari. Neurtitzen azken-doñuari dagokionez, berriz, olerki geinetan beintzat beraren aburura jalki natzaio, amaikakoak doñukide ta zazpikoak beren gisa utziaz, izatez duten gogaia zuzenago ta biziago ematearren. Zorretan natzaio orobat nere itzulkizunekiko bere iritzia, nere ustez aldekoxegi zaidana, emen agertu nai izan duelako.
Euskal-letren bi aurrendari auek lagun dituala soillik ausartzen naiz burua agirian azaltzen, gure izkuntza zarrari zor diogun mailla eraiki-asmo bakarrez, egon ere alde orotatik jaukiturik baitago ta, bizinaiez, ezberdiñean burruka. Ar zazu, irakurle, egiozu begi argia, irakurri-ala zure euskal-zaletasuna bazka ta goza dedintzat; kritikak alaber, bere eginbearra danez, adieraz beza naiz zuzen naiz oker legokena.
Donosti, Mundaiz landetxean.
EGILLEAK
|
|