|
GURUTZEKO JOAN DEUNA BERE IDATZIETAN
Aita Onaindiak
Santu-maillan erpiñeraiño iritxiak ditugun gizaki doatsuak ere, gu bezela, ezur ta aragi izanak dira ziurrik asko. Baita Gurutzeko Joan deuna ere. Kondairak dioskunez, gorputz tipi genun, baiña zatiak oro egoki ta eiñean zeuzkana; bere soiñari ainbat ildura, zigorraldi ta astindu arrazo zizkion arren, etzun esateko geixorik izan bizitz-egunak zear.
Arima bikain bat ere ba-zun gorputz orren bizi-kemen, eta auen artean olako kidetasun zoragarria. Joan Gurutzekoa, beraz, eredu jator dugu barne-bizitzarako, txit garrantzitsu nai andik nai emendik, edozein ertzez begiratuta. Gogo-almen etra zentzunak indar ekurutsuz ornituak zeuzkan nunbait, eta, norbaiten aiurru ta izakera auek dagiten ezkero, setaz ere bikaiñenetarikoa dugula esan bear. Xamur, baiña ez bildurti; goxo, baiña sendotasunean tinko; biozti ta noizka oso jaikia, olermenaren argi-aldietan batez ere.
Ezaguerari dagokio ederra, ta sortzetikoa begiz ta belarriz jaso oi dugu geienbat, auek baitira eder-zentzunik berezienak. Joan Gurutzekoak, berriz, zein ikusmena zein entzumena, biak zeuzkan zorrotz-zoliak: idatzirik utzi zizkigun liburuetan parra-parra ereinda daurkizkigun iduri bizi ta eragilleak, ikusmen ernea adierazten digute noski; entzumen zolia ere bai olerki-ahapaldietako ezaken-bukatze oskidetsuak eta itz-esakeren goxotasun berdingeak. Eta lumea artu ta erabiltzean etzun besterik egin barrua eman baiño; beraz, barrenkoia dugu Joan Gurutzekoaren jakinkizuna; orobat bere ele-eder ta olertia ere.
Naiz-ta gorputzez osasuntsu, etzan luzaro bizi izan, berrogeta bederatzi urtedun il bait-zitzaigun. Idazle bezela ere ez dugu epe luzean jarduna, etzun bada olako presa aundirik izan bere uste ta biozkadak argitara emateko; bizi-bearrak nola eskatu alan ustu zigun biotza, beti lasai ta gizonki. Berez genun asmotsu ta antzelari, baitik-bat olerki barrutian; eta bide ortatik jokatu bear zuela estu genezake, berezko jit, oldar ta joerari amor egiñik; baiña etzan ortara makurtu. Jainko-maitasuna ta lagun-urkoarekiko garra izan zitun zio ta zuzpergarri bere idazti jainkozkoak osatzeko. Etzun beste asmorik erabilli.
Goiz illun batean, barruko aitu-eziñak zirala bitarteko, Toledoko karmeldar komentuan morroillo ipiñi zuten, ondo zaindua. 1578'garrena zan, eta ogei ta amasei urte zituan praille gazteak. Teresa Amarekin batera, karmeldar Lagundia berriztatu nai zun; baiña au etzuten danak begi onez ikusten.
Soiñez asko eraman bearrean ere, gizon garaitua zegon, bai adimenez bai biotz-ondoz. Eta, ain zuzen ere, orduantxe asi zan, gela itsu batean illunetan zegolarik, bere barren oiñazetua usten; lendik ere olako aolku ta eskutitz eta bestelako orrotxoren batxuk idatziak zitun arren, espetxe zurbil artan agertu zitzaigun idazle, olerkari; ots, antzelari. Antxe asi zun bere Barne-kanta, maite-kanta ezti samurra, olerki liriku ezilkorra; antxe idatzi zitun ogei ta amargarren ahapaldiraiñokoak, gero Baezan eta Granadan osotu zitun arren besteak.
Geroago idatziak dira Karmel-mendira Igoera, Gau illuna ta Maite-sugar bizia. Mistika-gaiez, jainko ta arimaren arteko ar-eman ixillak azaltzen ditun jakinkizun eskutuz lillurazitako lau liburuok, oso ederki eratu ta taiuturik utzi zizkigun, batez ere Barne-kanta ta Maite-sugar bizia.
Ixillezko jakite ontan maillaz igorik doa arima, epeka bezela; bidean ba-ditu zer-garbitu ta erabateko zoztorrak; mendi gaiñeko aize bigunetan murgil, atseden artzera orduko, miñaren miñez, gau zurbillean, noraezean, gorriak ikusi bear ditu gaixoak. Ala ere, ekaitz zirimoltsu ostean eguzkiak dirdir egin oi du; berdin gertatuko zaio arimari ere, mekezko gau beltzean zear Maitea zai daukan Karmel mendiaren tontor argitsura iritxiko baita.
Lau liburuotatik lenegoari Karmel Mendira Igoera deritza: ta irudikizun baten biltzen du Joan Gurutzekoak bere irakaskintza osoa. Gure arimea Jainkoak sortua da, Bera du beraz elburu ta muga, bai orain bai gero; arimeak zoriona opa du, ta egiazko zoriona Jainkoarekin, elburuarekin batuta bizi izatea noski; zorionik jator ta iraunkorrena lortzeko, barne-osotasuna egin ta Jainkoarekin alkartu bear. Batasun ori irixteko, ordea, arima garbitu bear dugu goirako bidean zoztor ta Jainkoarekiko kaltegarri zaion orotik. Au eskuratzeko bideak? Lenen, buru-ukapen osozkoaren bitartez, zentzunak beuren ingurumariko zer guztiekin lege-esipe arautuan sartu; ta, ondoren, Irutasun deun-deunaren galtzarrean igeri, siñismen, itxarokizun eta maitasunezko jardun goxo atertu gabean aritu.
Iru zatitan banatuta daukagu idazti osoa. 1) lenengoak arima gertatzen du Karmel mendirako len-maillak igotzeko, au da, bidetxior ezkutu zear igotzen asteko. Nola? Iztaez gaiñetiko bizitzarako eragozpen eta oztopo zaizkion atsegin ta apeta guztiak erantzi, billoistu ta neurrira ekarririk. Igotze nekezko, aldapatsu ta luzea nunbait, baiña erpiñera eltzeko ibilli bearra. Zenbat era ariñago, ots, griñaen zamaz utsago, lenago gera gaillurrean. 2) Bigarren zatiak ere ba-du bere elburua: adimena ta sumagarriak artzeko onek ditun beste laguntzaille guztiak garbitu; dana utzi bear da, tontorrera eltzerakoan, gozotasun utsean Jainkoarekin bildu ta siñistezko begiratze zoragarrian goza al izateko. 3) Irugarrenak, azkenez, beste ainbeste dagi oroimen eta naimenarekin, garbitu ta utsitu lkandako zer guztitik, eta bide batez itxaro ta maitasunez ase-bete.
Orpoz-orpo datorren bigarren liburuari Gau Illuna deritza; eta lenengoaren edo Karmel Mendira Igoeraren jarraipena dala aitortu genezake. An arima bere ari zan barne-garbiketako lanean; emen arimak baiño ere lan geiago dagi Jainkoak, laster emazte izango duen arima akats eta orban guztietatik garbitu ta elurra bezin zuri biurtzen.
Bi zati ditu liburu onek ere. gau illunean datza oraidiñokarren arima gaixoa, zentzun ta gogo gau illunean. Beraz,lenbiziko zatiari zentzunaren gau illuna deritza, ta gogoarena bigarrenari. Eta auxe da, egi-egiaz, gure Santua ain ospetsu egin duen mistika irakaskizuna.
Len, igoeran, bidexka izkutua zear gorantza zijoalarik, guda gorrian ikusi genun arima, bere baitan ditun izatezko joera ta garramura gaiztoen aurka; kanpotiko burruka zan geienik, edo beintzat azal samarrekoa, barne-mamiraiño osorik eltzen etzana nunbait. Oraingoa, berriz, barrukoagoa duzu; gogoa bere izatearen zokorik barruko ta ixillenean bildu ta antxe daurkigu gudu izian, edo obeki, Jainkoaren esku mende, ikuzlearen eskuetan zapia bezela, alegia.
Ontan Joan deunak suak ozka dagion egurra dakarkigu gogora. Oni lenbizikoz kea dario, ezerik baitago; pixkaka galdatuz doa, ta azkenik gori-gori itzultzen; osoro garbituz gero, ez du kerik ere ematen. Onelaxe, gau illuneko arrago bizi ontan, gertatu oi ditu Jainkoak berarekin bat-egin eta alkartu nai ditun arimak. Arimeak ez dagi deusik, Jainkoak garbitzen du, Bere begiraldi goxoaren zizta indartsuz. Gau aizarotsu ontan Jainkoak dama, arimeak artu.
Gizakiak giza-erara egin oi ditu, baita artu ere; Jainkoarekin biltzeko, baiña, nolabaiteko Jainko-tankera artu bear, eta au eziña dugu aurretik garbitu ta araztu ezik. Eraberritze au latz bezin neketsu izan, antza, gau itsuan barne-min, atsekabe, oiñaze ta eiagoraz egiten dana.
Lenengo zatiak zentzun-garbiketea azaltzen digu bereziki, kanpotiko sumagarri aldetik nabaitzen diran ondorenak. Bigarrenean, ostera, barne-barneraiño doa; gogo utsaren zokoraiño barrendu ta arimea, zeuntzun-eragin ta ekin naasi ta kaxkar gabe, lasai ta eder igi dagian azpi-zokorik ixillena arakatzen du, eta gizonki arakatu ere, gure mistiku garaiak.
Alan eta guzti ere, orrako gau beltz ori ez da betikoa: gau ondoren eguna dator, ekaitz ostean eztialdia. Izadiko lege. Berdin arimen barrutian ere: oiñaze ta neke-lorrak bukatzean, zorapenezko argiak dirdir; eta aurretik igazi diran naigabeen izpirik ere ez dugu ikuskatzen, ondorengo zauskada gozoen eztia miazkaturik. lengo lorra utsal dirudigu orain.
Gaztelar Santuaren Igoera ta Gaua naigabezko poemak dira; eraso ta eutsi, burruka gordiñean. Baiña miñaren miñezko ekite latz ori ez du berezko elburu, Jainkoarekin alkartzeko bide baizik. Etzitun egia esan, osorik amaituta utzi Gau illuna deritzan liburu ontako bi zatiak. Zortzi ahapaldi ditu poema onek, eta etzitun azaldu bi baizik; zortziren azalkizuna egin ba-lu, etzun arima ziurrik asko gau beltzeko aitzulo ortatik argitara gabe utziko. Orrela dio, bederen, azken-ahapaldian:
Lotu nintzan, aiztua,
Maiteagan nengon burua makur;
etzan ezer, ni lasai,
nere kezkak utzirik,
lilien artean arras aantzirik.
Ez, Gurutzeko Joan deunak —karmeldar Lagundia len-erara biurtu zun gizaki gotorrak— ez du ezer ere erdizka ta urgun bezela uzten. Or duzu Barne-kanta, maite eresi sutsua, munduko literatur kondairan ezagutzen danik eta olerki lirikurik ederrenetarikoa. Or argi oro, poz eta atsegin; argitara baita arimea. Uxa ta urtu dira laiño beltz eta odei ikaqragarriak; gogorra, txit neketsua izan da gora-bidea, baiña or orain arima aratza mendi-gaillur dirdaitsuan, jainkozko argitan blei-blei.
Maite-kanta ontan arimak eta Kristok, alkar-izketa lillurakorrez, beuren barren-miñak oiukatzen ditute, xamur ta giar. Ez ark ez onek, ez du kezkarik; ezeren arreta edo axolik baldin badute, maiteminduek izan oi ditutenak dsira, maitasunak dakarzkieten min ta zauri goxoak, gogo-miña xamurtasunez urtua uzten dituenetarikoak. Lenengo ahapaldietan, gorde ta agiri, kukuka dabiltza jolas-zurrean; gero, bertso-kantu garaitsuenakin, alkarren arteko eder ta doaiak abesten ditute; eta, atzenez, alkarri itz-emate goxo ta ezkontza ostena, arima ta Kristoren arteko ezkontza, bi maitaleen arteko gurari, uisi ta naiezko bategite zoragarria. Arima Emazteak ez du nai emen, Kristo bere Senarrak nai duna edo nai ez duna baizik; onezkero, bata-bestearenak dira alkar-emate ixil zoramenezkoan.
Onela amaitzen da zerutar kantu ori, loretsu, argi ta sentimentuz betea. Baiña, gero zer ote? Zer gertatzen ote alkar-batasun ortan? Nolako bizimodu daramate bi maitaleak? Arimak ez du beste arazorik, begiratu goxo etengabean Maitea ikusi ta maite izatea baiño. Ixil utsezko egoitza barnekoian bi zorakortu. Kristok, ikutu biguiñez, gero ta geiago piztazi ta azkortzen du bere Emazte arima. Eta maite-bizitza ori ere ezin utzi iñolaz karmeldar Olerkariak —berak bizi-ikasia noski— adierazi gabe. Ortarako beste poema bat idatzi zun: Maite-sugar bizia; labur ta jori. Arek bai azaltzen ditula ederki arimaren barru-oarpen, zauskada ta zirarra esangaitzak! Illeti antzo, irazekia dirudi arima Jainko-maitezko su gotan; eiagora ta asperenka dager, maite-labean murgil. Batean iru dan jainkoak erretzen du bere altzo uler-eziñean. Eta, ala ere, oraindikan lurrezko soin-barruan esiturik bere burua ikusi ta zeru-dirdira zelanbait dastaturik, ez du bizi nai geiago; eriotza opa du, ta alan deskaio Jaunari. Onako zerbait kantatu zun beiñola gure olerkari gartsu batek, ahapaldi au osatzean:
Hilik baizen ezin bizi, hau da bada zortea!
Eta oraino bizi behar, bortxaz, o dolorea!
Ezin-hilak ene baitan ala baidu luzatzen,
O heriotze maitea, zerk hau horla berantzen?
(Milla euskal olerki eder, 147)
Onetxek dira Gurtzeko Joan deunaren lau liburuak. Bigarrena, au da, Gau illuna, bukatu gabe zeukan Jainkoak berera eraman zunean. Beste irurak egin-egiñak dira, mistika-gaiez kuin-kuin. Igoeran eta Gau illunean zortzi ahapaldiko olerkia bera azaltzen du, baiña ahapaldi bi bakarrik, besteak tamalez ikutu gabe utzi zizkigun. Barne-kanta ta Maite-sugar bizi, bai bertso bai azalpen, ederki egin eta biribildurik dauzkagu, arima barne-zaleen goxogarri.
Aipatuetatik iru saiets utzirik, orain gagozkion bereziki ta labur Barne-kanta poemari.
Olerki lirikar ederra noski, munduko izkuntzetan danik bikaiñenetakoa askoren iritziz. Egilleak etzion eresi oni olako idazpuru apartekorik ezarri, geroagokoa baitugu Maite-lelo, Barne-kanta (Cántico Espiritual) dalako izen ori. An Toledoko gela zurian atxillo zegolarik, gau illunean antza, berak maite zunak utzita bezela, Jainko-maitasun gozoz mozkor, deadar-oiu goria dagi:
Nora jun zara, Maite,
ni emen largarik min-garrasika?
Orein antzera zoaz
iges ni zauriturik;
emen nozu deiez, ta Zu gordeka.
Edu ontakoa dugu len-lerrotik azkeneraiñoko guztian, txinpartaka egiña, arima ta Kristoren arteko jardun betea. Eta ez gero edozein arima: Joan deuna orrela maite-mindurik zegon Toledoko baitegian, eta ahapaldi kartsuetan josita, irarria dagerkigu emen bere barne-giro osoa. Ezin dezakegu bero-mailla oberik idoro, bere biotzaren Jainko-zama aztatu ta neurtzeko poema alegitsu ta ezti-jariozko au baiño.
Badakigu nola azten dan zugatza, eguzkiaren beroz ta lurraren ezotasunak lagunduta. Maitasunean ere berdintsu jazo oi da. Gurutzeko Joan deunaren kanta ontan ere aziaz doa arimea, maitasunean aurreratu ta ugalduz; eta azi-goratze ortan, zidor-egaletan olako oroigallu batzuk uzten ditu, arrimokor antzera. Zer ote? Arimeak Maiteagandik artutako doai ta ontasunak, egin dizkion adierazpen arrigarriak, ezaguera ta maitasunezkoak ikustaldi, mesede, albiste, zauri, maite-ikutu ta abar. Oien bidez, arimeak gorantza dagi, mendi ezkutuko mailladi gora, an goiko erpiñean ospatuko dan oturuntza pozgarri betikora iritxi arte. Laguntza auek eusgai sendo ditu arimeak.
Biotzez maite diranaka alkar ikusten dute, albait eta sarrien. Kristok ikusaldi atsegingarriekin alaitzen eta su-piztutzen du arimea. Badaki onek nor dun ta zer dagin; eta ezagueran areagotuz dioan maitasuna bizi ta irazekiagoa izan oi da, espa ta naigabeak bezela. Augaitik, poema erdiruntz, olako norgeiagoka bat asten da bien artean, txit goxo ta jaikia: alkar-izketa zuzpergarria noski, olerki antzeztuaren azal-gairk arduratsuena.
Ala ere, ahapaldi bakoitza ez duzu maite-mailla edo arimeak bere gora-bidean dagian urrats bat geiago. Ez da ainbesteko osotasunik. Joan Gurutzekoak ez zuen olako bide berdin joate antzerik asmatu; aren olermen indarrak eta irudikizunak, maiz, arimea maite-mailletan baiño urrutiago dijoaz.
Dana dala, poema osoa begiz jorik, bost epe bezela zenbatu genitzake, batasunaren murritze aundi barik. Barreneko bide ori ez dugu aldioro berdin doana, etengabe ta jarraika. Gogoak bere Maitearekin burutzen dun kondaira ontan badira uneño batzuk besteak baiño gaiagoak, eta auetan ere badira beste batzuk ain ondo berezi ta banandu bageak, olako tarte luze-labur muga-ezak. Olerkariak, jakiña, ez digu egunik egun bere barne-bizitzaren edestia erasi; lipar gordiñenak, bai, adierazi dizkigu alegi gartsu gotorrez, Jainkoarengana irixteko eman bear ditugun urrats eredugarrienak begi aurrean ipiñirik. Une batetik besterako ori geienik ez da aitatzen, olerkariak ez dio garrantzirik ematen. Noizpeinka, ezarian-ezarian, igarri gabe, goraiño igoa daurkigu. Noiz eta nola igoa? Ezin ba asmatu. Ahapaldi bat beraren barruan ere gerta oi da iñoiz giro-aldatzea.
Ona, atzenez, bost epe edo arotan Barne-kanta osoaren guna, ahapaldiz ahapaldi.
1) Maitearen bila (1-12).— Zerbait gertatzen danean, toki berezi baten gertatzen omen. Ortik gogotan darabilgun unai-kanta onek ere badu bere gertaleku emana. Nun ote? Lenbiziko irudiak ez du ezer oso mugaturik. Arima maitez minduari Maitea gorde, ezkutatu edo or nunbait sartu zaio. Nun, ordea? Ez daki, albotik urrutiratu zaiola daki bakar-0bakarrik: Maiteak iges. Ta au billatu bear du naitaez. Olerkarik ertz ta mugaz esitu du tokia, irudikizun eta alegi oi ez lakoz esitu ere. Ta emen daukagu poema osoaren matasa mugatua, inguratua; badakigu nun gertatzen dan. Maitea ostendu egin zaio arimari, baiña badaki gutxi-gorabera nun dagon gorderik. Billatzeko baditu bide batzuk: aztarnak utzi ditu Maiteak igesari ematerakoan, aztarnak «mendi ta ibarretan», aztarnak «muiño ta mugetan», aztarnak «zuazti, zelai, sarobe ta larretan». Lorratzak or ta emen...
Arrapaladan doa arima Maitearen billa, oni ta ari galdezka. Antsiz eta negarrez mendi ta muna zear; eta ez da arritzekoa, zauritua bai dabil. Iraizean bezela agertu ta iges egin dio Maiteak. Eta Olerkariak bai txairo ta margo biziz apaindu billa-irtetze au, idazkera arin, egoki ta neurrizkotan! Uin antzo, bata bestearen ondoren datoz intziri,m negar ta garrasiak; galde ta dei, arao ta erantzun, zotin ta adiazko uiol eutsi-eziña dirudi.
Eta orrelaxe doa aurrera. Arimea bakarrik, Maitearen atzetik beti. Amairugarren ahapaldiraño ez da agertzen iñondik ere Aren erantzunik; arimeak bakarrean diardu deika ta intzirika, epegaitz eta dardarti. Maiteak, egia, geznari ta mandatariak bialtzen dizkio, zer ta nolakoa dan esanik; baiña areago zauritu besterik ez dagite, il-egiñean utzirik beuren izketa totelez. Etsi-antzera, zurrun ta zail, onela ots: «Ai, nork ni osatu...!» Eta, «oi bizitz! nola dirauzu ezin biziz? Biotz au, zauritu duzun ezkero, zergatik ez duzu sendatzen?». «Erakustazu arpegi ori, ta il nazazu gero zeure begiratuaren ederrez...».
Amabi ahapaldi, Maitearen billazko bakar-izketa gorian, zalantza ta ezpai mergatzez orniduak. Auxe dugu lenengo epearen gai-ardatz.
2) Senar-emazteen alkartze (13-19).— Gogoz saiatu ezkero, arin edo berandu ardietsi oi da billa gabiltzana. Arima ere paketua dugu billaketa leikor ondoren. Ur gardena txirrioka ematen zun iturri aurrean galdezka zegolarik, begiak jaso ta Maitearekin topoz egin. Ezin du eraman Aren argi-ziztaren gogorra, ez bait-dago oraindik bear bezin aratz, bear bezin duin Arekin alkartzeko, eta pitin batean beintzat, alboratzeko eskatzen dio xamurki begi oien dirdira.
Baiña Maitearen abotsa dantzu, orein zaurituak its dagio lurtar ez dan mintzo zoragarrian. «Itzul zaitez —diotsa—, uso eder; ona orein zauritua muiño gaiñean zure egoaizearen giro ozkirrian atsegintsu».
Arima-emaztearen zoriona! Barne-osiñeraño sartu zaio goxotasunaren eztia; lurbirako gauza ta zer guztiak ere lurrin usaitsu ta begi-betegarri egin zaizkio, ta aieri oiuka ari da, baso, zelai, aize, egazti ta izaro, zurrunbilloan gogoraziz. Pozkariozko abestirik ederrenean goresten du Maitearen irudi zangarra, izaditik artutako ikur bizi antzagarrien bitartez. Baita gero, ederrik asko, marraztu ere biak alkar artu dutenetik asiriko bizi berria.
Maixu gisa ari da emen gure Santua, idazkera ere zerbait aldatuz; aurreko ahapaldietan etzun ba erabilli urri baizik izen-lagun ta abar, emen ordea orrako itzak lilluragarriro jazten ditu laguntzaille tinkoz: «bakar oiantsu», «erreke soiñulari», «aize bigun», «gauaro ixil», «bakartegi ozen», «apari eztizko»...
Arima ere osotasun-maillan gorago igoa dabil.
3) Gogo-ezkontza (20-27).— Ona maite-eresi onen unerik arduratsuenean. Maite biak, alkar idoro ondoren eztitan daude, eskuak emanik; Emazteak ez du ezertariko zaratarik gura. Mahastia lora baitago, beude urruti azeriak, ez bedi iñor mendian agertu, Ipar gaizto ere bego geldirik, judear neskatxak ere ez bezate an urbillean otsik atera, Maiteak lili tartean ats artu dezan. Senarrak, bere aldetik, «egazti», «basauntz», «mendi», «aize», «sargori» ta abarri oles ta arao dagie ozenki, arren, ormarik ez ukatzeko eskatuz, Kutunak lasai lo egin dezan. Emaztea baita gogo zun baratzean sartu, ta bertan datza maite dunaren besarte biguinean burua makurturik. Biotz gori bi —Kristo ta arima— alkarri itsatsirik.
Orain ere badakigu unai-kanta ontako antzezlariak non dauden: «opa zuten baratz atsegingarrian». Emaztea «barneko ardangelan» sartua da. Mahasti edo ortuetan ez al duzute olakorik ikusi? An edango du mistel goxoa, ardo luzez ondua ere bai, Maitearen eztaietako apari xuxpergarria. Edan du, bai, ederki antza; eta ondoren, abere-taldea zaitu naiean, ibarra zear irten dalarik, ez da iñondik ageri lengo saldoa.
Nai aiña izan zun Emazteak ardotegi ixillean; bularra ere antxe eman zion, ba, ta jakite arrigarria. Berak, ostera, zan guztia eskeiñi zion, betikoz Bere Emazte izateko itza emanik. Argi ta garbi aitortzen du ogei ta zazpigarren ahapaldian:
An nindun ugatzatu,
an irakats zidan eztizko jakintza;
nik, ostera, naizena
oso nion eskeiñi,
betikoz emanik emazteko itza.
Olerkariak, oi bezela, panpin ta giar margozten dizkigu bi Maitaleen maite-lillurazko ar-emate auek, itz-joko pitxi ta aberaskiz gaiñezka.
4) Maite-bizitza (28-35). Eta onezkero, bata bestearenak dira-ta, maitasuna dute jardun ta arazo bakarra; gogo leialez alkar gartsuki maite izan, ez dute beste zeregiñik, batasunezko mailla gorengora iritxi diranetik. Eta jardun ortan aurretiko zalantza, esturaldi, maite-mintze ta enparau xeetasunak dakarzkite gogora.
Emazteari, batez ere, eder ta atsegin zaio beiñola Maitea erakartzeko erabilli zitun bide ta maltzurkeriak gomutaraztea: ille bakarra zekarkin lepoan, dardar aizeak jotzean, bere begi batek zauritua. Alderantziz, Ark begiratu zion ta doai-ederrez jantzi zun osorik. Azalez ere len beltzeran zenun; orain ez, orain so dezaioke lotsakizunik gabe, begiz jo zun ezkero ederrik ipiñi bait-zun ezin-bestean.
Alkarri egin zioten ematea osozkoa izan zan nsoki; arimea, beintzat, kemen ta adore guztiarekin Maitearen mendeko duzu; ez du aurrerantzean abere-zaintzerik, eta elngo lagunak, zelai ta belardi zear, ikusi ez baddagite, maiteketan ibillirik galdua dala uste izan bezate. Maitearekin batean «lore ta pitxi guriz» sortak ere egingo ditu, ots, onoimenezko egite zoragarriz bere burua gero ta geiago apaintzen saiatuko da.
Senar-Kristo, berriz, pozikan dago; uso zuria kutxara itzuli baitzaio abar ezea mokoan dularik. Bakarrean bizi dira, bakarrean atseden artu ta alkar maite izanik.
5) Zeru-min (35-40).— Azkenengo bost ahapaldietan Emaztea mintzo da bakar antzera. Ustetsu agertzen zaigu, baiña ez oriandiño oso aserik; eta eskabide berriak dagizkio Maiteari: ederrik asko ikasi ditu Arengan, baiña areago ezagutu naia azlatzen.
Maite-billa asi zanean non aurkitu zun adierazi zigun: «ibar-ondo urdiñean», «baratz atsegingarrian», «ardangela izkutuan». Etzaio naikoa. Maitasuna espatsu batia, toki ixil bakarrago bat gura du orainik, Senar maitearekin kezka izpirik gabe egon al izateko. Eta bakar-zale ta griña orrek bultzatua, bere ustez beintzat leku seguru ta egokiagoak diranak gogorazten dizkio: «ur gardena darion muiñoa», «ango itzalpe barnekoia», «goi dagon artzuloa»...
Antxe gordeko dira, ziurrik aski. Baiña, au ere naiko ez balitz, izamen irazanaren mugak igaro ta arimak urruti bezela erdi-ikusten duen «donokiraiño» iritxiko dira. Atsegiñezko baratzaren bestekaldean, oian itsuan aurrera joanik, zerua baita aurkitzen. Eta Kristok an emango dio beste egunez erakutsi ta eman ziona:
Aizearen ats mea,
txindor eztiaren maite-leloa,
ibar ta ango giroa,
izar dan gau narean
min bage erretzen dun sugar-lanboa.
Auxe dugu, urrats luzeka, Gurutzeko Joan deunaren mistika-era jator berezia, berberak oarrez ta biziz ikasia ta guri eredugarri utzi ziguna. Izan ere, barrendegian badugu olako leku ixil txanbeliña; ortxe bildu oi dira maiz bi maitale —gogo ta Kristo—, eta giza-mingaiñak esan ezin aiñako gertakariak izan oi dituzte, lurreko loiez arimea garbitu ta maite-suan gorituz doanean.
DONIBANE GURUTZ, JANKOTIAR OLERKARI
«Jainkorako» olertitza
Oker izan da Donibane Gurutzen olertigintza bakoizka ta berezian artzea, eta —batean santu ta olerkari danez ezkutuago izanik— aren olerti-eskupera iritxi al izateko eragozpide ere. Aspaldi onatan, ordea, agirian jarria izan da Donibane Gurutzen olertiak «jainkorako» poesi-goaiarekin dun aidegoa.
Garaiko egikera izan zan giza-eginkizunak jaikoratzea, eta Españan XVI'gn, mende osoa ta XVII'go asiera artzen du joera orrek. 1613'an Prantzisko Villauak diñokenez, «ori, gaia aldatuz ta egitura artuz, egiten zan».
Jakiña denez, Barne-eresia errotik eta dan-danez Leloen leloaren jainkoratzea da; orrexegatik, lanketako lirak deritzan esku-idatzi baten leloen Itzulketa bezela dator. Ortaz landa, bi jainkoratze-iturri mugatzen ditu D. Alonsok: eleki ikasiak eta erri-elekiak. Emili Orozkok gañera beste eleki bat ere aitatzen du, olerkari mistikuari artez eragin ziona: karmeldar oñutsen konbentuetako olerti-loraketa dalakoa.
Jainkorako olertitz-pataska guzi ortan, oleti jatorrak du leku berezienik. Maiz, bertso-bilote bat oi da lurtar ta zerutar ekarrien arteko lotura, adibidez, D. Alonsok aitatzen ditun don Gaiferosen zortzikoko bi bertso auekin gertatzen dana:
Caballero, si a Francia ides,
por Gaiferos preguntad.
Onela aldatzen du Lopez Ubedak:
Angeles, si vais al mundo,
por mi Esposa preguntad.
Pedro Padillak berriz:
Sospiros que al cielo ides,
por Dios Hombre preguntad.
Vegatar Lopek ere onela:
Lágrimas que al cielo ides,
por mi Esposo preguntad.
Bestetan, aapaldi jator baten jainkoratzea gerta oi da. Erri-kantuetatiko Alvarez Gatoren lelo mistikuak, adibidez, XV'gn, eta XVI'gn, mende artekoak; edo Fray Anbrusi Montesinoren lelotegi polita, eta 1549'go Barne-Lelotegiko eguerri-kantak ere.
XVI'gn, mende-erdialdeko olertikera au da Teresa deunagaño ta Donibane Gurutzaganaño eltzen dana; berauxe ere eliz-lelotegietan XVII'gn, mende-asieraño, baita Vegatar Lopeganaño ere.
Olertikera au zala-ta, Teresa deunak eta Donibane Gurutzak, bestelako eraskin batez, jainkora erabilli zuten kopla ezagun au:
Vivo sin vivir en mí,
y tan alta vida espero,
que muero porque no muero.
Nigan bizi ezik bizi naiz,
eta ain bizi garaia uste dut,
eziñ illez bainago iltear.
«Erio-bizi» bekoz beko emate orrek, «bizi ezik bizi naiz... eziñ illez nago iltear» dalako adimen-jokuak, koplarien olertikeratik du ekarria, baita erri-koplaetatik ere. Zeatzago esan, «eziñ illez nago iltear» bertsoa Resenderen Cancionero Geralen azaltzen da, eta beste lelo batzuetan ere bai.
Beste oinbeste esan bear ere «eztakit zer» esakizunaz, onen jainkoratzea Donibane Gurutzak egiña dala uste izan baita, baña Pedro Padillaren Thesoro de varias poesías deritzan bilduman (1580) arkitzen da. «Maitealdi baten ondoren» asten dan olerki politari dagokionez, egazteizako maite-leloen aideko dezu ta D. Alonsok Liburutegi Nagusian begiz jotako olerki baten jainkoratzea: eraskin bat eta asierako kopla pixkabat aldatzea naiko izan zun Donibane Gurutzak, berarena bada beintzat, jainkora biurtzeko. «Artzaiñoa» olerkia, orobat, J.M. Blekuak Parisko Liburutegi Nagusian arkituriko artzai-kanta ezezagun batetik dator: itz baten batzuk aldatu ta azken-kopla erantsi besterik etzun egin Donibanek, olerti osoa jainkoeraz emateko. «Ba dakit nik ongi...» olerkiari dagokionez, berriz, galai-lusitar lirikako lagun-leloak deritzatenekin egokitzen du Valbuenak.
Berri auek eta aita ditezken beste askok ere auxe adierazten digute: Donibane Gurutzaren olertigintza, Teresa deunarena bezela, XVI'gn, mende-erdiko gaztel-olertikera jatorrean, jainkorakoan alegia, errotzen dala. Jainkorako olerkari dira bibiok. Erri-zantzu andia dute bibion olertitzak, zenbait gertari izanik ere adibide. Donibane Gurutzari gagozkiola, diñotenez, Toledoko espetxean zegolarik, kalea barna zijoan mutiko bati kopla au entzun omen zion:
Muérome de amores,
carillo, ¿qué haré?
—Que te mueras, ¡alahé!
Maitez nago iltear,
zer egiñen, kutuna?
Il adilla, alajaña.
Santuaren bizi-edeslari batek diñonez, «ain eztiki ta sentikor ere jo zun koplañoak aren belarrietan, erabat berotu ta maitemiña itzali baitzion, eta mintzo artan Kutunarena zetorkiola antz emanik, Arengatik maitez iltzeko eskubide emanen baledio...». Orrela sartu zan Barne-eresian Kutuna (Carillo).
Esagun orain zer edo zer E. Orozkok aitatzen dun eragipenaz, alegia, Karmengo olertikera jatorraren loraketaz —Menendez Pidalek ematen dion adirazkizunaren arabera—. Karmeldarren bizieran sartzen eta Teresa deunakin da Donibane Gurutzakin zar-berritzen dan kantetako olerti-joera orrek prantziskotarren jatortasuna du sorburu. Izan ere, Prantzisko deunak berak eraginda, «Jaunaren koplarien» ezaugarri izan zan ori, oien artean Fray Jacopone da Todi garaiena dalarik; eta Españan, gaztel-olertikera jatorrean errotuaz, Fray Anbrusi Montesinogan bete-beterik nabari dana.
Teresa deunaren jarraibideak bultza ta eragin zion kantetako olerti-loratze oni, atsegin baizitzaion kopla ta zortziko asmatzen. Avilako Julen, aren kapellau zanak, «Jainkorako olertiketa dalako ontan» berarizko doia zula adierazten digu, eta inguruko lekaimeak ere oldez alkar-artzen zuten alako olertigintzan, doai nabariz gañera zenbaitzuk. Olertiketa ezezagun ontantxe du sustraia aspaldian Teresa deunari erantsi izan zaion kopla onek:
Véanse mis ojos,
dulce Jesñus bueno;
véanse mis ojos,
muérame yo luego.
Zakuszatela begiok,
Jesus on ta ezti ori;
zakuszatela begiok,
eta bertan il nadi.
Erri-kopla ezagun bate jainkoratzea dana; 1571'go Pazkotan, bertso auek kantatuz, Teresa Ama kordegabetuazi zun mojagaiak egiña nunbait; Salamankara zijoanean, Teresa Amak onela esaten omen zion: «Ator ona, enetxo, kanta izkidan alako koplaño aiek».
Aipa oi da ere beste olerki ezezagun bat, Beasko mojategian, espetxealdi ondoren, Kalbarioko eremutegira bide, andik igaro izan zanean Donibaneri eskeñi ziotena. Jesusen Ana Ama lekaime-buru zanak, jasan bear izan zitunaz ura arindu asmoz, koplatxo gartsuen bat kanta zezaiola agindu zion moja bati, eta onek au kantatu omen:
Quien no sabe de penas
en este triste valle de dolores
no sabe de buenas,
ni ha gustado de amores,
pues penas es el traje de amadores.
Negar-erri onetan
eztakienak nekeen berri,
on-berririk eztaki,
maiterik ere ez txesta,
nekezko baita maitale-jantzi.
Prantziska mojak diñonez, «Donibane Gurutzak itz oiek aditu bezela, miñez samurtu zan erraietaraño, ezpaitzekin berak nekeen berri aundirik onen berri askorik jakiteko; ainbat samurtu ere, malkoak ugari asi baizitzaizkion jalkitzen begietatik, arpegian beera mara-mara ixuriz...».
Gertari onek au adierazten digu, lira dalakoa Donibane Gurutzak bereak sortu baño lenago sartu izan zala karmeldar arteko olertitza ontan. Olako olerti-giroan, Zortzikotegikoan bezelatsu, bakarka ta alkarren artean ere gerta oi zan koplaketa; ori dala-ta, nunbait, Teresa deunaren «nigan bizi ezik bizi naiz» gaiari eraskiñak (glosak) Donibane Gurutzen aapaldien artean sartu bide-ziran. Izan ere, bibiek olertiketa jator onen egille ta eragille bezela izandako nortasuna zala bide, biei erantsi zitzaizkien aien inguruan sortu izan ziran kopla ta kantak oro, baita zenbait gerogokoak ere.
Auen eta beste zenbait gertarien arabera, au atera diteke ondoretzat: Donibane Gurutzen olertitza bear bezela aditzeko, naiz aintzakoena aren nortasun aundiak aditzera eman, kantetako olerti-ekarri oni oartu bear zaiola. Garzilasogandiko eragipena batez ere Sebastian Cordobak egiñiko jainkoratze bidez datorkion bezela, beste ekarri orrena orobat, olertiketa landuarena ta erri-koplaketa jatorrarena alegia, batez ere karmeldar konbentuetan banan eta baten sortu ta ugaldu zan jainkorako iraulketa orren bitartez datorkio.
Donibane Gurutzen olertikera
Donibane Gurutz, olerkari danez, azi ta ezirik zegon oñutsen artean sartu orduko. Medina Landako Jesusen Lagundiaren ikastetxeko ikastaldian izan zun olertirako azikera; batez ere A. Bonipagiren irakatsi ta egiketai esker. Aritu ere, an ari izango zan olertiketa-lanean; orixe egiztatzen dute jesuita entzun ark «olerkari on bati neurtikeraz» gutunean azaltzen ditun bururakizunak. Etzitzaion ari naiko neurtitzak aindo ta neurri izatea, ortaz gañera «itzak azta ta aulak eta alperrikakoak aintzakoago ta adierazleago diranen orde utzi bear dirala» eskatzen baitzun. Latindar ta greziar aitorrak, batez ere Birgili ta Teokrito, irakurriz ta buruz ikasiz egindako ikasketa onek garbi azaltzen digu olerkari mistikuaren neurtizketarako antze oi ez bezelakoa.
Joan Yepes gazteak, aldi berean, enparantzetan eta kanpoetan langilleen, arotzen eta nekazarien aotik Zortzikotegiko ta erri-lelotegiko koplak entzunez ere osatu zun bere olerkari-aziera; orobat gaztel-liburuak irakurriz, eta Garzilasoren neurtitzarekiko balakuz ta zolitasunaz ere.
Baña bein konbentura ezkero, aren libururako ta ikasketarako joerak beti erlijiozkora egiten du. Diñotenez, Biblia, Santuen lorea (flor Sanctorum) ta San Agustiñen liburu bat besterik ez omen zeukan bere gelan; konbentuko liburutegitik eskuztatzen zitunak, berriz, beti lasterka ikusten omen. Eta aren erti-arauzko irizpideari dagokionez, bere idazkietan azaltzen digu: soil-soillik eraspenerako asmo bakarrak daragio. Garzilasogandiko ta lengo irakurpenetiko oroitza gero ta urrunago du.
Ondo zail da Donibane Gurutzen olertitza —batean mistiku ta olerkari danez— idazkera aldetik begitan ematea. Ain zuzen, Santua bera oartu zitzaion bere Barne-eresiren koplak duten korapilloari. An darabilzkin irudikizunei buruz, «auek barnean duten maite ta adimen arauzko asmo laiñoz irakurri ezik, artez ta zuzen esanak baño zentzugabekeri diruditela» diño. Or dago untzea: kopla oriek, Santuak eskatzen dun arabera, «aiek duten maite ta adimen arauzko asmo laiñoz» irakurri. Ongi diño E. Orozkok, alegia, beren gogorakizun edo adirazpideaz zentzuetan barna ain biziro ere jotzen gaituten irudikizun oriek, zail dala berez duten indar ta zentzunaren arabera artu ta, aldi berean, beren adieraz bestalde, oien adiera mistikua txasta ta ikus.
Alaz ere, olerkaria bat dator mistikuarekin, eta aren egintzan, bere gogo mistikuaren barne-eragiarekin batera, ertilariaren alegiña ta erdiespena nabari da; alegia, esaneziña adierazi naiean, neurtitzak edo itzak irudikizun edo gogorakizun aldetik ezezik beren doñutasunaz ere izan dezaketen almen osoaren billaketa. Ain zuzen ere, egintzako alegiñ ori agirian jartzen du Fray Jerolimak, Beasko mintzategian, Santuak buruan zekarzkin Barne-kantaren koplak lekaimei jalki bitartean, gerta zanaz diñonak. Nola moja batek, «olerki aren bikaintasun, gozamen eta sakontasunaz arriturik, itz ain zoragarri aiek Jainkoak-edo bururatu ote zizkion galdetu, eta arek onelka erantzun ziola: "Enetxo, eman ere batzutan Jainkoak, eta bestetan neronek billatzen nizkiñan"».
Santuak berak aitortzen du ere barne-gertari esaneziña azaltzeak dun korapilloa. Maite-sugar biziren sarreran, gau «ain barren eta mamitsuetarako... geienetan ezta gauza izaten izkera, gogozkoak eragiten baitu zentzuna, eta mami-mamiki ezpada nekez esan oi da izpien bat barne-muñetikoaz». «Ez-jakitea litzake —diño beste leku batean— adierazte mistikuan maite-esanak... izkera baten bidez aditzera eman ditezkenik uste izan». Eta «au dala-ta, arrazoiz baño irudikizun, berdintza ta antz bitartez, senti oi dutenakin gañez egin eta barne-ugaritasunaz ixilleko ta eskupeak pitin bat dituzte ustutzen». Ba du ere alako aldi bat, bertan Santua ez-aal edo agertzen baitzaigu bat-egitealdi gorena azaldu eziñez, aitortzen dularik: «Ardandegi onetzaz zerbait esateko ta animak emen esan edo adierazi nai duna aitortzeko, Arnas Gurenak berak bear luke eskua artu ta lumari eragin».
Irudikizun arauzko idazkera ori, beraz, eztu berez elerti arauzko, mistiku-senak eragiña baizik; alaz ere, edozein esantzak bezela, erti-arauzko zentzuna ere ba darama beregan. Eta esakera orren arrigarrien dana: munduarekiko sentikizuna ta ura ukatzea dan munduz-bestaldearen irudikizunezko zentzu izkutua, oi ez bezela batean ematen ditu, orregatik ere alegorizko olertitza osoan nabari dan gogaikerara ta oztasunera jo gabe. Aitzitik, gogaikerazko ta arrazoizko dan guzia, sentikizunarren, suntsi oi da aren neurtitzetan.
Izadi-gaiak iruditzat erabiltze ta baloratze ori, eztu Santuak neurtizketa-aldian egiña. Ordurako, mendi, ibar, iturri ta loreak, adierazkizun edo irudikizun-bilgo bezela ikusi ta txastatuak zeuzkan. Ainbat senti ta goza izandako Leloen leloa zun jarraibide. Atsegin baizitzaion Santuari landa zabalean, baratzan edo eremutegiko bazter lekutuetan, batez ere iturri baten alboan, bizi ta otoitz egin; ain zuzen ere «landa atsegiñetan, mendi-orkaitzetan, ibai ta iturrietan eta ozkarbi izar narean. Jainkoagandiko aunitz nabari zitzaion». Lekaide-buru zalarik, konbentu-inguruetara, ibilketa santu ain maite aietara daramaz prailegaiak, «bakartira zaletu» zitezen eta «lurbira osoa betetzen dun eta izakietan barrendurik dagon itzala aditzera emateko» ere. Praile ta mojen artean dabillelarik, «landetako, ibaietako, mendi-zelaietako ta an ain zabal da garbi nabari zitzaien zeruko gauzak bide emanik, zerutar ta jainkotiar gauzetaz mintzatzen zan».
Ikuskariak barne-zentzunaz begiesteko oitura onek ongi azaltzen digu nola itza, berez dun esanaren sentikizuna galdu gabe, alegoriz ta irudikizunez baliatzen dan, eta Izadia beti zentzuz-bestaldeko ta dan-daneko aldetik ikusten. Gauzen izanan, guna, du aintzat artzen, eta itxurak, dan-danez, ezer gutxi dio axola. Ortik ere izenaren nabarmena, ez siñesterañokoa, aditza bera bertan beera utziaz ere.
Ezta bear bezela, guk dakigunez, diño E. Orozkok, Donibane Gurutzen olertigintza osoak kantetako —eta ez idatziz emandako— dun berarizko zantzua adierazi izan, naiz sortu-aldiko joerari, naiz idazkerari ta bertso-igikerari dagokionez. Baruzik, bidez edo ezariz bada ere, aipa bai aipa izan du: «...les strofes du Cantico ne sont pas tant les strofes d'un poète que celle d'un chantre». Gerardo Diegok ere agirian jarri du azentuen tartekako erabilte berdiña —alegia, amaikakoen eta zazpikoen azentua bigarren eta seigarren silabetan, lenengoaren amargarrenekoaz ta etenaz gañera—, orrela aapaldiaren kantetako tankera egiztatuz. Ori bera azaltzen du ere, len esan degunez, Donibanen bertsoak duten erriagandiko ekarriak.
Olerkirik garaienak —lirak eta zortzikoak alegia— espetxean ondu zitun Donibanek, ez idatziz emateko —an ezpaitzeukan lumarik—, kantetarako baizik. Ori dala-ta, nunbait, diño Jesus-Mariaren Isabele Amak: gordean euki zuten bitartean, «buruan zekarzkin zenbait zortziko esan zitun, berak egiñak, eta moja batek idatziz artu ere». Jakiña da ere prailegaiak, jolasaldian, jatordu ondoan, edo beste egurastaldietan, Gau Illunaren bertsoak kantatzeko zuten oitura. San Josefen Fray Jerolimak diñonez, Barne-eresiren koplak «maiz-maizenik aoan zekarzkiten mojak» ere.
Bestalde Santuak berak du aitortzen kantetako zun txestallua ta griña. Barne-eresiren XXI'gn. aapaldiari jarritako iruzkiñean onela diño: «Liraen doñuak eztiki ta atsegiñez bete oi du gogartea, eta alarik txirikatzen eta lotzen ere, naigabe ta neketatik baitu kentzen». A. Silberik Santuaren koplengatik diñonez, erri-kopla onenak beziñ oldez ta indar berberaz ditxekie belarriei; eta ez ain oldezko ta laiño diralako bakarrik, baita berez kantetarako olerti-zantzua dutelako ere.
Olerki geienak, beraz, sentikizun gañezkari baten esakizun eta kantu bezela sortu zitzaizkion. Oietatik aunitz ortan soillik gelditu ziran; beste batzuk, buruan emanik eta bein da berriro aoan erabilliaz, idatziak izatera iritxi ziran. Etzion berari ardura aundirik bere bertsoak bildu ta idazteaz. A. Gerardoren aburuz, aipatzen diranetako kopla batzuk galdu baziran, «Egilleak buruan soillik euki zitulako ta paperean iraunarazi etzitulako» galdu ziran. Ori bera dala bide, nunbait, kopla ezagunak esku-idatzietan nabari duten berdiñeza, baita izenpe-urritasuna ere.
Neurtitz-azalkera doñu ta kantu zurrian baloratze orrek, mintzoaren eragintasun biziena erdiestera darama. Ots-itza, berriztea, bereixtea ta, batez ere, doñukidea, gutxitan gerta izan da gaztel-olertitzan Donibane Gurutzengan bezin eragikor, gogaia ta zolitasuna ain zuzen egokituz ta adirazpide-almena areagotuz. Ortaz gañera, aren olerkien berarizko barne-igimena kantetarako, irakurpenaren betibateko elaire berdiñik gabe. Zuzen dabil A. Krisogono esatean: «Doniane Gurutzak musikaren gozamen garbia bere baitan senti izan ezpalu, etzukean iñoiz bere Barne-eresia idatzi al izango». «Aren bertsoak —diño gero— eresti baten eduko dira».
Fray Luis leonek jakintsu ta olerkari antzo sentitzen du Izadia: bere animarentzako atsedenbide ta bere izan-izatearen ginga du olertitza. Baña oar zaio ere —eta ain sakon ta eder—, zentzuz-bestaldeko sentikizunaz ikuskarietan nabari zaion Egillearen edertasun eta betegiñaren errañuari. Berarentzat «bazter orotan Jainkoa da, ta zeruan da lurrean eta beste zer guzietan begitara ematen zaigun ona ta ederra jainkotasunaren dirdira da». Alaere, lurra ta zerua aurrez-aurrez ematen ditunean, berberak esana, alegia, «orotan Jainkoa da»-lakoa ere aztu egingo zaio. Bakarrik «zeruaren eta izarren bikaintasunak eta politasunak (esango dio) oiuka nor diteken Jainkoa». Gau narearen, biotza gozarazten dion doñu ixillaren oiulari degu Fray Luis, ain zuzen ere, ura betikotasun-miñaren, egiazko pakearen eta jakitearen eranarazle baitu. Zerua, aunditasun-egotegi ta maitasun-jauretxe bezela ezezik, betiko kerizpearen irudi bezela agertzen zaio; eta lurra, onen edertasun guziaz ere, bere sentikizun miñean, zerrapo, baitegi, ibar sakon eta illuna du.
Ona emen, diño E. Orozkok, Fray Luis Donibanegandik berezkatzen dun aldetako bat. Jainkotasun-dirdira begiztatu ondoren, jexten da Donibane goi-begiestetik eta, begiek lurreratzean, Jainkotasuna bera, Laztanaren itzala ikusten du izakietan. Orotan Jainkoa da, diño Fray Luisek; izakiak Jainko dira, berriz, Donibanek.
Emen izakiak geldiro ta maite-maiteki begiesten da txastatzen dira, Fray Luisengan ez bezela, baña beti itxuraz-bestaldetik begiesten ere. Ikuspegi bizkorra, bizi-bizia sortarazten digu Donibanek; iztaez-gaindiko mundu bat adieraziz ta gomatuz, aldi berean begiz-begi daukagun alako ikuskari bizi batek bezela jotzen eta txikiratzen gaitu zentzuetan barna. Orori oar gatzaio, goarpen zorrotzenai, meenai, barne-zentzumenez senti oi danari ere: otxaroari, urrinteen joanari, lorreen usainztatzeari, aizeen xistuari, urretxindor eztiaren txiuntari ta murmurika ixillari ta bakardi zoliari ere. Zentzumen guzietan, ordea, entzukiak dira nagusien, eta Santuak berak diño zergatik dan ori: izan ere, belarriz senti oi danak «barnerago egiten baitu». Gaztel-olertitza osoan ezta beste ikuspegirik aizez, eguratsez, au baño beteagorik. «Ur, aize, sargori» dira; «zure egada-aizea» da; «aize eztien xistua»; «aize-arnastea»; «dorreko aizeak», edo «izai-ostraillak» igorten duna. Ezta, ez, alako egurats geldi, idurizkorik, arnasten, xistua entzuten, urrinteak ixurtzen eta usoari ta usapalari ezezik animari ere egatzen uzten diona baño. Ain zuzen ere oartzen zaio Santua aizeak sortarazten dun zentzukizun biko oni: ikutuari ta xistu edo soñuari, alegia; berak diñonez, «belarri-xokoetan zorrozki sar oi dan» aize-xistu orri. Doñu ezti ta leunean batez ere, «gozaro jotzen dunean, alako otzautsi apetaz zegona asetuz..., orduan baita gozartzen eta atsegintzen entzumena; eta entzumen-gozagallu onekin belarriak berarizko gozagarri ta atsegin senti oi du aizearen doñu ta xistuan, ukimenak aize-ikutuan baño askozaz geiago, barrenkorrago baita entzumena».
Labur esan, Donibane Gurutzengan ikuskarien barnekoratzeak goiena jotzen du, jainkotasun-erpiñera egiten da. Orra aren olerti-miraria: Izadiaren edertasuna erakartzen eta goraipatzen digu, eta orrela Jainkotasuna bera adierazten. Izadiak eta Laztanak bat-jo dute edertasunez:
Nere Maitea, mendi,
zelaigune bakar, oiantsu,
urrutiko izaro,
ibai durundatsu,
aize eztien arnas-xistu.
|
|