|
DIEGO OLARTERI
Gau narea
Ezin konta-al argiz
josirik zerua begiestean,
eta aizaroz bilbil
oroi-ezaz lo datzan
lurrera begiak edatzean;
maite, miñez, gurari
bizia iratzar oi zait barnean,
Olarte, ta malko naro
jalkimiñ begietan,
naigabez diotsat azkenean:
Bizileku aundien,
eder ta argiaren jauretxe,
orrerako jaio zan
anima, zer zorigabez
illunbe ontan dago erbeste?
Zer zorapidez onela
dagoz zentzuak egitik alde,
goiko zori orrezaz
aztu eta, okerrik,
itzal utsezko on aizun jarraile?
Bere zoriaz oar
gaberik, lozorro dago gizadi,
bitartean zeruak,
oiñ-ixil inguruka,
ebasten diola bizitzaldi.
Esna zaitezte, gizonak,
zagozte erne zuen gaitzari;
anima illezkorrak,
ainbateko egiñak,
itzal da gezur izanen jaki?
Jaso begi oriek
betiko zerutar lekune onera,
ta bizikera labain
orri itzuri egiñen,
bildur ta igurikiz batera.
Pits bat besterik ote
lurbira zatar, lizun alena,
on goren onen alde?
emen oberik baita
ba-dana, izanan eta daikena.
Betiko erlantz auen
alkarte iñork begira badeza,
igieraz ain tinel,
ibilgunez ezberdiñ,
ta tartekidez alkar batera:
Illargik zillar-gurpil
nola dabilkin, ta onen atzean
Merkuri jakite-buru,
ta Maite-izar sona
dizdiz ta eder urratsean;
bai eta nola beste
bidez dabillen Marte odolti,
nola Jupiter on guziz
beteak bere tximist
arraiaz zoardi daukan ortzi;
erpiñean Saturni
uztaidun, urrezko mendeen aita;
onen atzetik izarte,
kantari-talde aratza,
argi ta ondasun-iturri baita.
Au begira ondoren,
nola ederrets lurbira-itxura,
nor ez intziri t'aldia,
eta anima katetan
erbeste daukanaz ez eten-gura?
Au da pozkida-leku,
emen da pakea jabe, emen
aulki jori-garaian
Maite gorena dago
on oroz gozaro bildua ederren.
Edertasun betea
emen baita osoro ageri,
argi garbiz diztira,
iñoiz illundu gabe:
emen udaste loretan beti.
Oi egiazko soro!
oi larre gizen, atsegingarri!
iturburu naro!
oi kolko zoragarri,
zelaidi gorde, on oroz ugari!
|
|