|
MAITE-KANTAK (A)
Kristo ta Anima ezkontideen alkar arteko olesak.
Emazteak:
Nora zaitut kuku,
Maitea, ni emen lagaz intziri?
Zauri nuzu-ta, ba zoaz
oreña bezela nigandik;
oiuz narraizu, eta Zu igesi.
Arditegitik larrera
ibilli zabilzten artzai oriek,
baldin nere maitena
badakuszue, gaixo
nagola esan, miñez, il-urren.
Ibar-mendi gaindik
nere maiteen billa joanen,
eztut lore biltzerik,
basa-piztiez ez izu,
gaztelu ta muga iraganen.
Oi baso eta itzalpe,
Maiteak eskuz landuak naro,
oi zelai ori-urdin,
lore pinpiñaz bitxi,
esan zuetatik al dan igaro!
Izakiak:
Amaika eder-jario
zailu joan da zuazti otatik,
eta begira zoala
aren itxuraz utsez
bai eder utzi ere jantzirik.
Emazteak:
Ai, zerk senda nazake?
Egizu noizpait neregana!
Etzaidazu gaurgero
mandataririk bidali,
etzakite-ta nik nai dudana.
Or dabilzkit denak
zure ainbat ederren goresle,
eta naukate minbera;
il-urran ere nagozu
zer zeraz ari dirala zezele.
Baña nola dirauk,
bizia, euregan bizi ezik,
Maiteaz gogoratzez
datozkikan gezitan
il-bizian agola errerik?
Biotz au zaurtu eta,
nola eztuzu senda nai izan?
Ostu izanik, nola
uzten duzu onela,
ta ostu duzuna ez eraman?
Itzali nere kezka,
ezer ez baitu aringarri!
Zakuszatela begiok,
auen argi bai zera:
Zuretzat bakar nai ditut ekarri.
Ager zakit beingoan,
il nadi zure ederra ikustez;
ain zuzen maitemiñak
ez baitu sendatzerik
begiz begi ikustez bestez.
Oi iturri gardena,
zure zillar-azpegi oietan,
barnean irarririk
dauzkatan begiñoak
erakuts bazenetza bepetan.
Ken itzazu, Maitea,
egan noa-ta.
Senarrak:
Zatoz, usoa,
ara muñoa gaindik
zure egal-aizetan
zauriz oreña, t'atsartuz dagoa.
Emazteak:
Nere Maitea mendi,
zelaigune bakar, oiantsu,
urrutiko izaro,
ibai durundatsu,
aize eztien arnas-xistu;
gauaro izar lorea,
goizalde bitartera danean,
murmurika ixilla,
bakartasun ozena,
apari pozgarri maitasarrean.
Axeriak atzeman,
loretan baitago gure maasti;
larrosaz bitartean
egiñen dugu bilgo,
eztedi iñor mendian nabari.
Ago i, Ipar illa;
ator i, Egoa, maite-ekarle,
ufaka usaionez
egiok baratzari,
Maitea loretan dedin ase.
Ots, judear neskatil,
lili eta larrosa artean
urin-usai dirauno,
zagozte auzoetan,
ez egin otsik gure atean.
Kuka zaite, Kutuna,
soizu arpegiz mendi-aldea,
ta ez esan iñori;
orra izaroz bakar
dabillen onen lagun-taldea.
Senarrak:
Egazti ariñ eta
leoi, basauntz, orein jauzkale,
mendi, zelai, ugaran,
euri, aize, sargori,
gaueko laztura begirale:
lira atsegiñ eta
sirenen zora-kantuez, arren,
bego zuen aserre,
ormarik ez ikutu,
Lagunak ongiroz dezan atseden.
Emazteak egin du
gogozko atsegin baratzera;
bere gogara datza,
lepoa makurturik,
Laztanaren besarte narera.
Sagarrondo azpian,
antxe zindudan nerekin ezkondu,
an nizun esku eman,
zure ama galdu zan
toki berean ziñan bizkortu.
Emazteak:
Gure oea loretan,
leoi-aitzuloz bilbil ertsia,
purpuraz edaturik,
paketan eraikia,
urrezko milla iskilluz ornia.
Neska gazteak bidez
or dabiltz zure lorratzean,
pindarrez ukiturik,
ardo onduaz birbiz,
Jainko-urrinte-jario betean.
Ardangela barrunen
Maitetik edanik, gero ibar
inguru nindoala,
ez nekian besterik,
lenik narraion saldoa ere gal.
An nindun eradoski,
an zerakuskidan jakite naro,
eta naizen au osorik
Ari nintzaion eskeñi,
an nion itzeman emazte entzo.
Arima, dudan guzia,
Aren meneko jarduki baita,
orain enabil saldozai,
besterik ez eginkizun,
maite-izan dut soil ariketa.
Gaurtik erri-basoz
ez ikus ez arki ezpanendi,
galdu naizela esan,
maitetan ibil-eta
galdu-ustez nautela beretsi.
Goizalde otxaroan
bilduriko lore ta pitxiz
egiñen dugu txorta,
zure maitetan lore,
loturik nere adats-izpiz.
Nere lepoan bakar
zuk egan zenekusan berean,
so-eta an atzi geldi
baitziñan, eta zauri
erori begi otako batean.
Begira zindudala,
zureen itzalak nindun jantzi;
maite-samur zindudan,
orrela zuten merezi
nereak, Zugan joa jauretsi.
Ez nazazula gaitzets,
baldin lenen beltxeran banintzan,
so eidakezu orain,
begira ninduzunetik
doaiez eder bainuzu ni baitan.
Senarrak:
Uso zuria kutxara
itzuli doa altxuma mokoan,
ta orain usapalak
maitekide laguna
batu du ibaiondo naroan.
Bakarrean bizi zan,
bakarrean du kabi egin,
bakarrean darama
bere maiteak bakar,
bakarrean dira mitemin.
Emazteak:
Pozkida gaiten, Maite,
eta goazen zure ederrean
ur gardena darion
mendi-muño ikusle,
egigun barnago itzalunean.
Ondorean gorengo
artzulotara joanen gaituzu,
ondo gordeak baitagoz;
eta barnera egiñik,
mingrana-mistela edanen dugu.
An ager zaidakezu
nere arimak ain gogo izana,
an emanen didazu,
nere bizi zerana,
aurretik eman zenidana.
Eguras-artze ura,
urretxindorran txiunta gozoa,
ibarra, ango giroa,
gauaro izar narean
miñ gabe sar oi dan sulanboa.
Iñor ez ikusmira,
Etsaia ere izkutu zegoan;
bare zegon esia,
eta zalditeria
ur-begitik beera zijoan.
|
|