PILIPE RUIZI
Noiz diteke, Pilipe,
zerura nadin erbestea
lagaz, eta gorengo
oboan egi betea
miñik gabe an begiestea?
An nere biziaz bat,
argi-leinuri betean bil-billa,
ikus dezaket bein-banan
ba-dana eta izana,
ta auen beren jatorri ixilla.
Ba dakusket orduan
esku gorenak nola zimendu
ain berdin eta galgan
jarri dion lurrari,
sendo eta tink dezan sostengu.
Ba dakusazket lurrak
euskarri ditun betiko zutabe,
xede eta mugarri,
oien bidez Jaunak
itxas sumiña baitauka mende.
Zergatik lur-ikara,
itxas sakonak nola sumintzen;
nundik nora Iparra
liskar billa datorren,
ta urak gora-beera dabiltzen;
nundik darien iturri,
ibaien betiko urgoi aundiak
nun duten elikatzea
jakiñen dut orobat
beroen eta izotzen sorgiak;
egurats zabalean
nork ere deutsien goiko euriri,
oñaztarren sutegi;
Jainkoak nora dauzkan
elurte, nundik datorren ortziri.
Udan ez al dakuszu
aizea nola naasten dan oro?
Illunkara da eguna,
Gaztel eroak jotzen,
ta autsak goraño egiten arro.
Odeiez Jainko-gurdi
irauli diraul, azkar, dirdari,
dardar eta durundi,
su biziz dizdiz dagi:
lurra ikara, jendea apalki.
Euri-jasa tellatuz,
muñotan beera ugolde lodi;
euren lana galdua,
landak oro uretan,
ikusten nekazariak lauorri.
Eta andik gorago
ba dakusazket izarren ikarak,
bai koloka diranen,
bai tink daudenenak,
aztikeri ta zeru-aztarnak.
Izarrak nork dabilzkin
eta nork pizten ditun ederki,
ain tinel eta zoar;
zelan Artzai-makoa
itxasoratzez erabe dan beti.
Nun dagon ere bizi
t'argi-sorgu dan su betikorraren
elikabide, neguan
nola oi dan leiatzen,
gauak luzatuz nork ere gerazten.
Eta gorengo oboan
ba dakusket egonez pozkida
t'atsegiñ-egotegi,
urre-argiz bitsetan,
anima doatsuk an bizi baitira.
|