|
«ORIXE» GUREAN
Zenbait egun aurretik arekin egona nintzala, nere lankizun au ia osorik egiña neukala, bat-batean ustekabe: «ORIXE» IL DA! Bai: «Orixe» zana, damurik, itzali zaigu begietatik. Orain, euskal-letrak umezurtz geldi dirala esan dezakegu, beren aitagoia il danean. Baña, ez, ez nabil zuzen, «Orixe» zana bizi da, an goian gure Axular, Mendiburu, Lizardi ta beste euskal-idazle jator askoren maikide, eta emen gurean ere aren ainbeste idazti bikañetan, jarraibide eder-eder diranak guziontzat. Itzalirik ezak? Ez noski, bestela etzan ura gizakume izango. Alaere, berak erakutsi zigun biderik zuzenena: ez berri gorri, ez zatar gordin, bai bien arteko: JATOR! Denok ortik jo bageneza! Gure aldia uskerietan galdu gabe, ona emen gure egitekoa: arek bezela euskeraz ondo ikasi eta, zintzo ta laiño, lan egin euskeraren onerako.
|
|