ONDARRIBI
Ondarribi, Ondarribi,
euskaldunen orubea,
erregien jauregi ta
gaztelu zarren jabea,
giza-leialen seaska,
Bidaso-ibaiko lorea
alperrik bele arrotza
izan da zure jabea.
Sendoa badezu noski
arrizko gerri lodia
zenbat aldiz sendoago
biotzaren ausardia!
Nola zu arrotzak ausi,
kementsuen arrobia?
Nola beleak garaitu
arranoaren kabia?
Zure kale ta jauregietan, o uri zarra!
Ezagun dezu jator'andia,
erregiena bezin garbia,
Saguntorena bezin goitarra.
Zein eder zeran ta dizdilari!
Izaki dana dezu opari:
Eguzkiaren errañoetan dator zugana
zeru bikañen musu laztana.
Ibar naroak lore limurrez inguru zaitu;
Zure omenean antola degun zortzikoari
arkaitz zuloak oiarzunetan dio jarraitu;
itxas altsuak, bagaz t'arroaz, bere gisara,
negu beltzaren gau illunean
oroitzen dizu antziñetako gud'eresia,
t'uda garaiko egun barean
esku zabalez biraltzen dizu zure oñetara
bere ur garbien apar zuria.
Mintzo danetan gaillurreraño jasoa zera;
gizon argiak, ipar aldetik,
leiatsu datoz zu ikustera;
kondairaleak zure kemenez zuzpertzen dira,
t'Ama biguna, Guadalupeko mendi gaiñetik,
txoratzen dago maitagarriro zuri begira.
Euskal Esnalea 4 (1914, 81.zk.) 106-107;
Ondarrak, 151-152.
|