www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki guztiak
Domingo Agirre
1890-1918, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: «Txomin Agirreren heriotzaren 75. urtean, bere olerki guztien bilduma» (Julen Urkizaren edizioa). Karmel, 1995-4

 

 

aurrekoa hurrengoa

ITXAS-ERTZIAN

 

 

            I

 

Zeru zabala goibela dago,

odeiak duaz aidean,

aizea gogor ate ta leio

oyuska irriñartean,

arbolak oker, eta orriak

igesi ekaitz aurrean,

andrak negarrez itxas aldera

eziñ egonik etxean....

Txalopak dira itxasoan ta

galerna dago gañean.

 

 

            II

 

Neguko arratsalde otz ta laburrean

eztozu ikusi eskale zarra

burua makurrik, oñak arrastaka

ta eziñ jasorik gorputz argala?

 

Ikusi eztozue, penaz beterikan,

ume zurtzik iñoiz, jaberik bage,

burutsik, oñutsik, ugarrez betea,

ta buruaren duiñ, kalerik kale?

 

Bada, or daguan aldra orretatik

unetxo batean gelditu leikez

agura eskaleak eta ume zurtzak,

alargun tristeak beti negarrez.

 

—Ara bat!... Bestea!... Ba-datoz?... diñue.

Iziarko Ama, erruki zaitez;

Itxasoko Izar argitsua zara,

gugana ekarri egizuz arren!

 

Eztator geiago! Alperrik egozan

begiak botiaz itxaso aldera

agiri ete zan bisutsen artetik

txalopa aztarrenik gora edo bera.

 

Alperrik! Lanbroa, lañoa ta bitsa

zan bakar bakarrik ikusten zana,

ekaitz indartsua aize eguetan

erraz menderatzen itxaso dana.

 

Ixil egozala, ixil ta bildurrez,

kanpai danbadatxo ill bat entzuten,

biotza ebela larri ta saltoka,

begiak negarrez, t'ara nun daben

 

Oñaztarri bizi bildurgarri batek

Odei zeruko bat urratu oso

eta bat-batera, itxaronik bage,

trumoi gogorraren burrunbada jo.

 

Ondorean barriz asten, da txingorra

t'euria gogotik zaparradan,

ta uluaz, txilioz, saltoka igesi

jendia guztia banakatu zan.

 

Dana ez! Bakarrik aitzaren gañean

gelditu da oraindik emakume bat.

Aize-euri tartean zeñ gogorra dagon!

Nork artuko ez leuke arri zatitzat?

 

Begira egizue: aizeak aidean

bere soiñ illuna pli-pla darabill;

obiratz bateko dirudi bandera,

aitzian sartua, gorputza makill.

 

Aize soñuaren tartean itua

diadar mintsu bat dator beria...

Eztozue entzun?... Ixo, danok ixo...

diadarrak diño: «Neure semia!»

 

Jausi da andrea zentzuna galduta

aitzaren gañean oso-osorik;

arri gogor ta ezemaguriak

beregan artu dau errukiturik.

 

O! seme bat eukan, seme bat kutuna!

Zelan ez zatitu aman biotza!

Olatuak bultzau legorrera badau

bere semearen gorputz illotza!

 

 

            III

 

Jaungoiko itzala! Zure egintza da gauza guztia,

zuk puztu dozu ikaragarri ekaitz sendua,

zuk dozu indartzen, zuk aidatuten dozu olatua,

zuk dozu sortzen aize, euri, txingor t'edur zuria.

Odei zeruko baltz izugarri keinatzallean

egun sentiko eguzki errañu gozuan legez,

lur barruetan gordeta dagon sutokarian,

gau baketsuan, zenu urdiñeko izarren bidez,

beti ikusten da toki danetan zure besua,

au erakusten zein zaran andi ta zeiñ altsua.

Zergatik, bada, gure Egillea, añ ona izanik

ipinten dozu Isate orren alisatea

negar, zispiro, malko samiña ta naigabea

ereiten sarri mundu onetan? Jauna, zergatik?...

Baña, zer diñot? Parkatu egizu galde arrua.

Mundu neurtuko gauzen barririk ezpadot baldin,

egintza zure sakonen barri zelan nik jakin?

Gu gara egiñak auts pizkategaz: zu Jaungoikoa!

Parkatu, Jauna, parkatu egizu nire galdea;

beti egin bedi guregan zure borondatea.

 

                        «Euskal Festak donostian. Oroimengarria».
                                Donostia, [1891], 37-40. orr.;

                        Euskal Erria 25 (1891) 562-565;

                        Ondarrak, 115-118;

                        Ondarroa (1989) 88 [Zat.].

 

aurrekoa hurrengoa