www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki guztiak
Domingo Agirre
1890-1918, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: «Txomin Agirreren heriotzaren 75. urtean, bere olerki guztien bilduma» (Julen Urkizaren edizioa). Karmel, 1995-4

 

 

aurrekoa hurrengoa

ZER PAKEA!

 

                «Qué descansada vida

                la del que huye el mundanal ruido»

                                        (Fr. Luis de León)

 

Non da bazter sokoa,

bart ames eindakoa,

munduko diar ta garraxirik aiture gabe

an egoteko pake-pakean ongo gizona?

A! Ta zer gauza ona

(uri-zalentzat erri andiak aparte utzirik)

dan egotea bakartadean ixil-ixillik,

pozez begira mendi-zelaien alaitasuna,

lorez ta orriz nola jantziak

dauden arbolak, ta zein garbiak

mur-mur gozoan beti dabiltzan errekatxoak!

Emen dagon pakea!

Gaztaña arbola baten azpian nago jarririk,

bere kerizpe maitagarriaz inguraturik:

ara non dagon nik opa nuan bakartadea.

Dakust, or beian, ibar zabala

arto ta gariz eder jantzia,

aurrean daukat baso itzala

aritz arbolaz oso betia,

nagon lekuan, gaztañadia;

beratxoago, intxaur-pagoak;

belar berdean, marrubi gorri gozo gozoak,

aldamenean, sagarren lorak,

txori kantariz beteta arbolak;

lore politak nere inguruan,

t'intza biribill beren kolkuan.

 

Manea baño Sortitza dala zenbat obea!

Eta nola ez, gizonak egin badu manea?

Eta sortitzak Jauna ber-bera badu Egillea!

 

Gauza guzia dakust paketsu, ixil osoan...

Bakarrik dantzut arbisk burrunba nere alboan,

aize biguna jostakaria arbol ostroan,

ta zinzerri bat dilin dolonga urrutitxoan.

 

Errayetatik sentitzen da emen bizitz berria,

biotza samur, adiñ argia,

arima-ariman damorri bigun maitagarria,

ta Jaungoikoa bedeinkatzeko modu obia.

 

Munduko diar ta garraxirik ez det entzuten..

Pake osoan bizi liteke emen gizona.

A! Ta zer gauza ona

(urizalentzat erri andiak aparte utzirik)

dan egotea bakartadean ixill-ixillik,

pozez begira mendi-zelaien alaitasuna,

lorez ta orriz nola jantziak

dauden arbolak, ta zeñ garbiak

mur-mur gozoan beti dabiltzan errekatxoak!

 

                        «Euskal Festak Donostian. Oroimengarria»,

                                Donostia,1894, 29-30. orr.;

                        Euskal Erria 32 (1895) 47-48;

                        La Cruz 7 (1934, 294.zk.) 12;

                        Ondarrak, 121-123.

 

aurrekoa hurrengoa