www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerki guztiak
Domingo Agirre
1890-1918, 1995

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: «Txomin Agirreren heriotzaren 75. urtean, bere olerki guztien bilduma» (Julen Urkizaren edizioa). Karmel, 1995-4

 

 

aurrekoa hurrengoa

AI BALEKITE!

 

                Et in terra pax hominibus

                bonae voluntatis. (S. Luc., II, 14)

 

 

              I

 

Zaudete ixillik, gizon argalak!

Zuen ojuak naukate miñaz.

Eztet nai entzun munduko esanik.

Lurtarrak lurrez jantziak daude,

lurrez ta griñaz!

 

Garratzak beti griñaren itzak,

aldi askotan gezurrak dira;

ta baldin banaiz egizalea,

jaso bear det gorontz anima,

betiko Urira.

 

An dago egien iturburua:

naikua urruti gizonagandik!

An dago beti gozotasuna.

Andikan datoz ezti-tantoak,

t'egiak andik.

 

Zaudete ixilik... Sinai mendian

Moises onari, legea emanaz,

itz egin zion Jaunak berberak;

aingeru eder baten aotik;

dakust esanaz:

 

«Jaunari emen zeru goietan,

Bera dala Egille Altsua,

eta lurreko erbeste-beian

biotz oneko gizon guztiai

pake dontsua!»

 

 

              II

 

Ai, gaur baletor lur onetara

Jaungoikoaretn mandataria!

«Nun da pakea —esan bezake—, onen saria,

zeruetatik nik ekarria,

gizonarentzat Jaun Egilleak aukeratua?

Eztet billatzen pakerik emen, ta bai kontrara

arrokeriak, etsaitasunak, eta ondamua.

 

Zer da, jenteak, gertatzen dana zuen artean?

Nun dira Jaunak eman zituan erakutsiak?

Amaitu ziran biotz oneko, gizon guztiak?...

 

Arrazoizko itzak litezke izango, begiratzean

munduko gauzak nolatan diran gaurko egunean:

ekaitza sortzen dan bezelaxen, ustekabean,

ala sortzen da guda lurrean.

 

Ta nola ekaitzak dakarren sarri

kanpo ta baratz, lora ta alorten ondamendia,

nola datozen aren ondoren oiuka aizia,

zerua beltzik, errekak arro, eta itxasoa

bere aserrean ikaragarri;

orrela dakar guda makurrak neke gaiztoa,

zitalkeria, ikusi-eziña, aserretzarra,

gorroto beltza, sua ta garra,

ta luzaroan ezin legortu degun negarra.

 

Gudak gogortzen ditu biotzak,

ekartzen ditu samiñ zorrotzak,

itxutzen ditu gizon argiak,

eta aztu-eragiñ zeruetako erakutsiak.

Gudazaleak nai duena da mendetu etsaia,

ta mendetzea naikua eztala, zuzi ta astindu,

jo ta maillatu, ausi ta puska, triska, birrindu.

Ta itxumenean ezta ezagutzen norbere anaia!

 

Pozez badago gudalaria

urrian dabil malkozko aria;

guda-gizonak beste gisatan ezin du goza:

ostikopean daukan anaiak atsegintzen du

ta etsai negarrak pozez zoratu;

ta negarretik datorren poza,

o!. nik eztakit zenbateraiño madarikatu!

Dunduritzen det guda zuzena, bear danean,

dierriaren alde izatean,

ta Eleizarentzat mesedezkoa;

bañan oiezaz gañetikoa

eripetzen det nere anima bar-barrenean!

 

 

              III

 

Zer dan pakea! Aztu zerate?

Pakeagandik urrutietan al zabilzate?

Mait'al dezue gudalarien lan-bide okerra...?

 

Pakea degu gau izartsuko illargi ederra,

baso-mendien ixiltasuna,

umanzitxoen auski leuna,

ugeldietan ibaiak duten malsotasuna,

itxasoaren barezko eguna;

bakartadean bizi diranen arren soñua,

erru gabeko ume aingeruen lo-lo gozua,

euskal artzaien bizi-modua,

jauregi zarren orma kondairar untzez jantzia,

ekaitz ondoren agertzen zaigun goiko ustargia,

Jaungoikoaren farre-irria!

Neke gabeko atseden ordu ta naikidea,

zeru bidean guk biar degun arnasa artzea!

Anima zintzo garbi-garbien bizitz donea,

zerutik Jaunak biraldu zigun karidadea:

orixen degu kantari nagon pake maitea!

 

Pakeak dakarz bere laguntzat,

mayatzak bere lorak bezela,

bedeinkaerak, itz ongarriak,

samurtasunak ta poz berriak;

atsegin bigun animakoak,

mundu onetan billatzen diran ezti-tantoak!

Manearentzat dauzka txaloak,

birtutientzat on-eresiak;

berak legortzen ditu malkoak,

berak saritzen ditu izerdiak;

paketik dator jakituria,

gizonarentzat onenetako apainduria;

paketik dator duikinde ta sal-erosketa,

lan-bide onean irabazten dan ogi-pusketa,

soroetako narotasuna,

etxadirako arki-bidea,

ganbara zabal arto ta gariz ondo betea,

gutxi-geiago denok nai degun diru-ondasuna,

alkarganako maitetasuna,

abegi ona, ikusi naia,

adiskideai egiten zaien agur alaia,

baserritxoan ikusi oi dan pozezko maia,

berri onakin biotz barruan daukagun jaia!

 

Paketik dator animarako doai santua,

gizon guztiak begira dezen zeru aldera;

paketik dator, zerua bera!,

pake zalien beti-betiko bizi-lekua!

Pake gozoa! Zeruko alaba!

Zure ontasunak, zure gaindiak,

zure ekarrera osasuntsuak,

eztitu ikusi gizon itxuak,

eta orregatik, etzaitu maita!

 

Ai, balekite mundu guztian zein dezun Aita,

ta zure ondoren zuk dakarzuzan mesede andiak!

Ezlitzatezke inola izango gizon [ta] erriak

gaur diran beziñ doaikabe ta errukarriak!

 

                        «Euskal-festak Oyartzunen. Oroimengarria»,

                                Donostia, 1897, 17-20. orr.;

                        Euskal Erria 37 (1897) 19-23;

                        Euskalzale 1 (1897) 266;

                        Argia 1 (1921, 33.zk.) 1;

                        Ondarrak, 141-146.

 

aurrekoa hurrengoa