IXILTASUNA
(«Mendekoste bestetan» bezala)
IXIL-AURRE
Nere lore baratza
gelaren alboan datza;
ematen dio zentzu banari
bererik zaion emaitza:
begi, belarri, sudur ta sapai
asetzen dira baltsa.
Gertatua, izan ere.
Eguzkiak batera
txoria txintaz atera;
garoa lurrin biur dediño
elkarren lagun gera.
Baiñan oberik entzuteko
irtengo naiz oianera.
Oiana, dan aiña zabal,
gainberoak erdi zapal;
geldi geldiro arontz onontza
bakar naiz itzalez itzal.
Oiana ta ni batean gaitu
ortziko urdiñak estal.
Nere baratzak ez dun
soiñua gogo dut entzun
txioa baiño sorrago dala,
arek ukitzen nau legun.
Ua lakorik belarri onek
ezin arkitu du iñun.
Erlerik ez dut ikusten,
zurru-murrua sumatzen.
Kakao-ama zaion zugatza
tantai orotan gaillentzen;
Ameriketan —gelgarri dana—
zugatz aundiak loratzen.
Ostorik ez ta lorea,
lore biur dan erlea;
sorgiñ-inguma xuri-gorrixta
muskil gaiñetan ernea:
urruti-soiñu sorgarria da
belarri auen asea.
Elur maluta bezala
Ilbeltzean jausten dala,
noan bidea estalia du
egiñez neri magala.
«Zapal nazazu, seme, ari zait,
gure nagusi zerala».
Aundi aundi noa bidez
oianak didan itzalez;
ager diranak, nere oiñetan
jaurriak esan ditekez:
ikus noraiño makurtzen diran
ni jaun ezagutu naiez.
Zeri nagoen begira?
—Ikuskarien erdira.
Zeru eta lur tarteko denak
nik nai nukena ez dira.
Ez da begiz ikustekoa:
oien guzien argi da.
Entzuten ari naizena
ez da furrunda ozena:
beroak berak moteltzen ditu
egalak eta eztena.
Oiana ta ni batean gaitu
lotara deitzen azkena.
Andik nere beitaz, nora?
—Nere gelako zokora.
Basoan suma ditudanetan
gauza bat neri gogora:
erle-soiñua baiño meiago
dan marmari zorakorra.
IXIL-ALDI
Itxi ditut bi begiak
loari ederretsiak;
eme emeki itzali zaizkit
basoaren marmariak;
baiñan oraindik etsirik ezin
artu dute belarriak.
Gauez ere zur da beetik
lo-zorroaren menpetik;
erdi-lo dala, entzun gogo du
xurru-murru meietik:
beti lirauken otoi-soiñua
sortu ledion barnetik.
Guziak sogor, au ernai,
otoitzerako doi ta gai.
Goi-arnasari laguntza eske
luzaroan dago erpai;
ez baitaki nai bezain garbi
Goiko Jaunak zer luken nai.
Geroan, intziri miña
iñolaz esan eziña;
ordu luzetan atertu gabe
nik ordez bestek egiña.
Ara bialdu zait bortxarik gabe
indar aul denen ekiña.
Begi-txuku, arnas-bakan
arri dagonaren gisan
entzun aski dut intziri miñau
barnean zer ari zaidan:
otoitz oberik ez dut asmatzen
erbeste illun onetan.
Lana bestek egiten dit,
aspertzerik ez dagokit.
Otoitz egiten sekulan baiño
orain obekigo dakit,
iñork entzuten ez dun zotiña
aldian aldian darit.
Paul Barkazale'ren lana
negurturik jan-edana
bostogei urtez epeldu gabe
artara baitzan emana;
poz aundietan negarrez urtuz
irauterik etzeukana.
Aspaldion opa nuna,
ondasunen ondasuna:
animarena ez-ezen, bai ta
gorputzaren osasuna.
Nere urteen luze laburrez
bedi Jainkoak nai duna.
IXIL-ONDO
Zokotik irten bearra
ibar negartsu ontara.
Ixillaldiak otoitzarekin
berritua dit indarra.
Alegingo dut ote dezadan
txuka besteren negarra.
Gaiztakeri ta gezurra,
—betea baitute lurra—
burrukatzeko egokiko dut
nere indarren apurra.
Arnas Gurenak eman begizkit
ago ta luma zugurra.
An Euskalerria sasi,
—oker ez badut ikasi—
etsaien gudak erruz omen du
landako muria naasi.
Ola badago, ez nuke gogo
etxera bidean asi.
Il naiago dut, batera,
bizi gelditu, bestera;
zer gerta ledin ikusi-naia
onezko bada, bide da;
gaitzez baledi, betor Erio,
onez bada, biziera.
|