ITZ ETA MINTZO
Egalak astinduz oillarrak jo digu. Belarrien poza!
Ogean ixilik, belarriak erne, argiraiñokoan.
Ixiltasuna da gogai onen ama. Noizbait, argi-xinta.
Jeiki naiz, jantzi naiz; besoak antxuma nago sapailloan.
Aralar gaiñean eguzki-dirdaia. Bazter-intxaurrean
osto aiña txori, mozkor leuden gisan, txio zurrustaka.
Aingeru-ezkilla. Orduun areago dandarekin leia,
i bai aiz, ni ba nauk. Sogortu nai naute; ni, berriz, txixtuka.
Dandara berriro: Mezarako deia. Bi deiak... Bakarra...
Ordua noiz joko jantzirik apaiza; ni barnean nago.
Belar-giro baita, mezamutillak uts, ni Meza laguntzen.
An zer egin dutan, zer entzun, zer iraul, gerorako bego.
Gosal eta xuxen, ez etxetik urrun, gaztaiñadi bateen
goi aldera noa. Legun eguratsa ni jarri ta laister.
Ostoen urrungak arian lo-arma sartzen dit.
Lorik naiz ametsik aal goxoagorik neurtitzak egiter?
Gogaia goxatuz, irakiten doi doi ari zait burua
oarkabe; baiñan urren esnatzean, itzak txintxo datoz
bizar asko gabe, nik bear-neurrian lumaren ertzera.
Orduak ba doaz: eskuak bete lan egin dut ordukoz.
Gingan eguzkia. Gaiñeko muñotik itzul egitean,
Aingeru-ezkilla Lizartzan, Orixen, urren Azkaraten.
Denak entzun arte bidetxurrean ni, ibil eta geldi.
Dandara bakoitzak belarri ta biotz dizkit dardaratzen.
Zer eguerdi goxo ditudan burura! Berritzen didate
oroi utsarekin orduko zirrara, legor naizenean.
Angotik ari naiz; ba dut aski domu leendanik egiña.
Ameriketatik gogoak ara nau egaldi batean.
Eguerdi ostean kukatzen naiz, bakar, dakidan xokoan
iru erritako ezkillen soiñua ixil auznartzera.
Ordu oro zaida nolabait berritzen. Irurak jo dute.
Dandara luzeak zintzo deitzen gaitu Kalbari gaiñera.
Ikastolan aurrak. Urren ixilaldiz, gurdi negartia.
Ixiltasun artan, basoko lo-xuxta baiño biguñago.
Aren lagungarri erloiu-zintzailla arat onataka.
Eguna ba doa, ba dator illuna nai baiño leenago.
Loti naiz, ez gautar; ixilzale, baiñan ez San Anton aiña.
Ogera baiño leen sapaillora berriz. Ez dut illargirik.
Izar dagon arren, illun gorotza da. Orexain erreka
xurru xurru beian. Ez da gaur entzuten ontzaren ulurik.
Ogean ixil da; ez ixil osorik. Belarrian beti
sogin-soiñua dut. Egiz ote soiñu? Beti dit lagundu
erbeste negartiz, zeruaz oroitzen. Oroi zait eskola,
zerbait egin eta bein batez maisuak nola nindun galdu.
Lagunak etxera, ni gela beltzean. Argizpirik ez da
iñondikan sartzen. Baiñan andik laister piano-soiñua.
Arentzat itxirik ez da, baiñan ezin itxi belarria.
Argia sar ezin oi dan izkutuan sartzen da mintzoa.
Ez beti. Gerta zait, ostots bildurgarriz etxekoak oro
jeiki, baiña ni lo. Esan orduun neri «Mikolas» agopez;
agontzen naiz usu. Izenak zer ote? Atzarri ni beti
entzuteko; baiñan entzungor besterik edozer entzunez.
Zer gerta dakiket eriotz-orduan Jainkoak izenez
deitu nazanean? Beste denetako entzungor naitela.
Ordu zoriontsu! zu zaitut nik opa adiskide deiez.
Oi zer esnatzea! Zure besoetan esnatu nadilla!
Mintzo denen mintzo, Aitaren ITZA ZU, sar zakida sakon
nere belarrian. Ez dezadala nik beste zerik entzun
bizi naizan arte xoko gorde ontan ixiltasunean.
Soiñu denen soiñu, Jainkoa, belarriz dezadan oiartzun.
|