www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

GETSEMANI

 

I. NERE BARATZA

 

                Etena 8 eta 7

 

Baratz eder, bakar, ixil; etxea dut inguru.

Bost zugatz mardul, arnariz beterik adaburu,

txertaka, landare xume, denak lorez mukuru:

emen deramat eguna nere baitan ekuru.

 

Nere gelak, ate, leio, lurraren berdin ditu;

barren ortan egun argiz ezin naite gelditu.

Baiñan edertasun ontan, Jaunaz nola kupitu?

Aren albo kokatzeko bi begiak itxitu.

 

Begien zoramenari egin badiot uko,

Ikasle aien antzera ez nau loak artuko?

Ur-xurruxta dut erdian: onek nau esnatuko.

Eihara-zaina bezala ez al nau sogortuko!

 

Zil bekit gogoratzea nere zenbait naigabe;

nere poz aundiak ere an asiak dirade.

Nere gogoramenean ongi gordeak daude!

Zurekin berritzen ditut etortzean urtabe.

 

Or erdian, nere Jauna, zaukat iduritara,

jasan-bearrak oroituz, gorputzean ikara.

Kristau zintzoen xoko dan Getsemani landara

bilduko naiz berriz ere; betoz gurekin ara.

 

Ikasleak bezain argal ba dakizu naizena;

emaidazu, saiets ortan esertzeko baimena.

Oroi naiz Jainko bezala barnean zauzkadena.

Zurekin biotzik biotz egingo dut otoitz bena.

 

Ur-xurruxta dut barneko musikaren laguna.

xurrut orrek guritzen du biotzaren barruna.

Zertako gogoetatuz alper neka garuna?

Ein dezadan bizkor otoitz, izekiz maitasuna.

 

Ordu oso, ordu gozo, egunak eman beza.

Gau guzian lorik gabe ontan iraun baneza!

Ordu goxo, nork eskatu? ez atseginik eza?

Gazia Zuk artu zenun, neretzat utzi geza.

 

Getsemani, Getsemani! naigabetuen landa;

kristauak or arkitzen du pozaldi Zuk emanda.

Zenbat aldiz arat egan irudituz naiz alda!

Ekaitz aldian neretzat kabi goxoen an da.

 

Zerau zaitut baratz ontan aretan zindudana;

nonai zaude Jainko-Seme, Jainkoz nonai zerana.

Itzul dezadan biotza soli soillik Zuregana.

Nagon emen, bakar, ixil, Zuri maitez emana.

 

 

 

II.

 

                «Coepit contristari»

                     (Mt. XXVI, 37)

 

                Naigabetzen asi zan.

 

Asi nadin Zure miñak gogoz artzen aurtengo.

Sorkari guzien miña gerta bekit barrengo.

Guziak leengo dirala, denak ez daude leengo.

Erakutsi nai dizute beren barrena beingo.

 

Gizon zeranez, ba duzu aldien gora-beera.

Guregatik artu dezu giza-gorputz minbera.

Afarian bizkor ziñan, baratzan argal zera.

Indar berriak artzeko ba zoaz otoitzera.

 

Otoitzean sartu nai ta gorputzak ezaldia.

Ni ere, gutxi bederen, zerbait naiz ikasia.

Bekaiñetan illuna ta ezpaiñetan nagia,

burua goibel, erori, milla bulkoz naasia.

 

«Au, ori, beste, bear dut bi egunez egari.

Bizkarrik ezin ukatu Aitak gogo dunari».

Jainkotasuna debeku ikustez animari;

ikustea bailitzaio min guzien sorgarri.

 

Zer illun argi gabea! Gau illunaren ago!

Odeietan itzali da illargia lotsaro.

Nekeak urbildu-aala ortzian illunago;

baiñan illuntasun ori itzurterik ez dago.

 

«Erio zorian nago goibelaren goibelez».

Biguñago litzaidake eriotza naigabez;

baiña gogora buruak dakarkidan oiñazez?

«Al bada debeka zazu, oro dezakezunez».

 

Sar nadin naigabe ortan ur andian bezala.

«Aundiz itsaso» diozu biozmin ori dala.

Ortatik eman idazu neregan jasan aala.

Illun beltz ez bada ere, illun orren itzala.

 

Ur aundien zurrumurru entzun dezadan urrun,

ez xurruxtaren soiñua baratzan bezain legun.

Baratz ontan atergabe artu nazazu lagun.

Geldi bekit belarrian soiñu oien oiartzun.

 

 

 

III.

 

                «Dormientes prae tristia»

                       (Lc. XXII, 45)

 

                Lo zeuden naigabez.

 

Antxe, Jauna, ba dakizu, geldi nintzan bakarra.

Otoitz-aspertu bat nai, ta debeku nun negarra.

Belaunen gain egoteko galdu nizun indarra.

Eseri naiz; ezin egon; ez dator deadarra.

 

Zenbait aldiz oge goxo biur zait biozmiña.

Leen astun zan naigabea, azkenean... ariña.

Biotzean agortu zait gaur beiñolako griña.

Au dut miñik aundiena: miñik izan eziña.

 

Askotan Zure miñ orrek arindu dit nerea.

Gaur ezerk ez nau kupitzen gaixo doakabea.

Eseriz, eziñegona; edonola, nekea.

Ez datorkit axalera barreneko pakea.

 

Urbilduz zoan eguna; biamon oro larri.

Lurra zeken, atsa legor, zerua berriz arri.

Soraiotasun elkor au bai dala nekagarri!

Bestetaz ez bada, miñez gelditu naiz egarri.

 

Begiak igurtzi naia, ezpaiñetan arrausi,

gorputzaren ezaldia iñolaz ezin ausi.

Eguerdi zan, oroi zera, ogera nintzan jausi;

illunaldi beltz aretaz ezin ninteken nausi.

 

Zuk etzenun baratzean oge goxorik izan;

miñ ori sorgarri gabe gogoz zenun eraman.

Erio aiñako miña ez dut ikasi zer dan;

eriotza, bai, eskatu biotz osoz bostetan!

 

Ez zure Gurutzekoa: ez neukaken indarrik

agoz esateko ere «kendu miñ au nigandik,

baiñan ein bedi Zuk naia, ez nerez nai nukenik».

Eriotz ariñagoa aukeratzen nizun nik.

 

Neke auek arintzeko eman zenidan loa.

Naigabe artaz aazturik, egin nizun goxoa.

Ondoren, otoitzerako zuti neukan gogoa;

leena berriz esateko eze neukan agoa.

 

 

 

IV.

 

                (Etena oarkabean aldatua 10-8)

                «Si possible est»

                         (Mc. XXVI, 39; Mc. XIV, 35)

                Al badite.

 

Orduntxe, Jauna, nolako miña

etorri zitzaidan neri!

Zuk eta biook bakar dakigu

zazpi urte beltzen berri.

Zuk neri miñak bialdu eta

ni guzien gain igeri.

Zure laguntzaz ezin nezaion

ukorik egin ezeri.

 

Esaten nizun: «Noiz arte, Jauna?

Ala, jabetzen etzera

Zuk eman-aala jasan dutala,

jasango ere aurrera?

Azken-miñ ori bego beñipein,

ez naza jaurti lurpera».

Baiñan ez neukan neronen mende

bere miñarem aukera.

 

Ezin dut aaztu Urli'ren bidez

erauntsi zenidan lorra;

ez Sandi arek bide-erdian

ipiñi zidan zoztorra;

gero, Berendi egin nun topo,

gogorrik bazan gogorra.

Guzi oiekin ordaindu bezat

nere gaizkigiñen zorra.

 

Ezin etsi nik. Bego, bai, bego,

artuko dut olako min;

lekutuko naiz baztarrenera,

ez dedilla nitaz jakin.

«Baiñan ez bedi nere gogora,

Zuk naia dezadan egin».

Itz auek doi doi esaten nitun

ezpaiñez, biotzez ezin.

 

Gerta-bearra gerta zanean,

beste biderik ez neukan.

Ukatu, nola? Esku on orri

etsian muñ bear eman.

Etsi garaia eldu zanean

biotz osoz nizun esan:

«Nik ez, Zuk naia gerta dedilla

zeruan eta lurrean».

 

 

 

V.

 

                «Procidit in faciem suam orans»

                       (Mt. XXVI, 39)

                Auspez erori zan otoitzean.

 

Nere baratzak erdian ba du txoritokia.

Illunduz an eseri naiz egiten eskaria.

Zer sumatzen illun artan? Jaun auspez eroria!

Belaunez jartzen nakio, entzun nairik adia.

 

Alboan ur-txurruxtari ematen diot giltza,

ixilduz, Aren arnasa sumatuko balitza.

Gaua bañon ixillago dago Aitaren Itza.

Barna korapilloturik ezin nakio mintza.

 

Lizardi'ko malkorrean gaxte nenbillan artzai,

ardi baten joalea oianean entzun nai.

Arnasa geldiazirik bidean nengon erpai,

txiliñik entzuten ez, eta, bioz-pilpil utsa bai.

 

Alan emen: sumatu nai Jaunaren biozmiña;

nolabait erakutsi nai neukan erruki ziña;

min nizun, entzun nai eta ezer entzun eziña.

Baiñan, entzunik, ez ote geituko nere miña?

 

Oiu bat: «Al bada bego, Aita, neke astuna;

alaare, bedi nik ez ta Zerorrek nai duzuna».

Ordu betez oiu bera, leengoen oiartzuna.

Azkenean itzali zait albotik nere Jauna.

 

Zutitu naiz, zer egingo? Atsa kolkoan estu.

Negar-aspertu bat nai ta malkorik ezin leertu.

Ikasleengana joana? Emen diteke gertu.

Arrika bat bide. Nagon. Jauna, zakit agertu!

 

Itzak: «Lo aal ago, Simon? Ezin engoken esnai

Nerekin ordu betean? Semeak, zaudete zai.

Ein otoitz, zuek galtzeko asmoetan duk etsai.

Gogoa zut egon arren, etzegok gorputza gai».

 

Laister da berriro Jauna leengo tokian auspez,

ixillaldien tartean leena berriz esanez:

«Aita, ezin baditeke erabaki duzunez,

egingo dut Zure naia beazun au edanez».

 

Orain, bai, arnas-nekea, ez lan egiñarena:

arrausiz izerdi otza buruan dunarena.

Biamonez ikusiko odol-izerdi dena;

il gabe gorputzak au du aulerien azkena.

 

Ixil! Bildurrak leen antzo arnas-ateri nauko.

Ontan, agonduz, begia dirdir gertatu zako.

Aingeru bat zerutikan: ark indar eman dako.

Itzali zait... Aldegin dit eren aldiz arako.

 

«Egizute lo! Ots, zuti! Emen da saldu nauna!»

Ez datorkit otoitzera. Eraman dute Jauna!

Auxe, bai, neretzat gaua, argiz, miñez, illuna!

Giltzaz berrierazi dut uraren erantzuna.

 

 

 

VI.

 

                «Angelus... confortans»

                       (Lc. XXII, 43)

                Aingeruak biotz eman.

 

Eldu dira zalapartan, zekiten baratzera;

Arma, krisallu, lasta-su, gure Jauna lotzera.

Aurreratu zaie bizkor: «Zer zatozte onera?»

—Jesus nai dugu—. «Emen Ni». —Ek atzeka lurrera.

 

Zer indar atera duzu aularen otoitzetik?

Petiri'k aularen arma artu du lo egonik.

Ez duzu zuk ainbat milloi Aingeruren bearrik,

Itza mintzo biurtua ozen dardaraturik.

 

Ukituz sendatu duzu Malkoren belarria.

Itsu aiek etzekusten Zuk zeneukan antzia.

Baiñan ezin eragotzi Aitak erabakia.

Anker aien eskuetan, nai-ta ziñan utzia.

 

«Ez dut aldegingo, Jauna, naiz Zurekin erio,

denek aldegiñik ere» Petiri'k arro dio.

Ikasle banari ere agotik au dario;

baiña lotu dutenean, igesi jun zaizkio!

 

Mintzatuz, ixilduz, Zu Jaun ageri zera beti.

Ixilduz Jaun irten ziñan Erodes'en etxetik;

ixilduz eta mintzatuz Pilatus'en mendetik;

oiu aundi bat egiñez, Jainko Jaun Gurutzetik.

 

 

 

VII.

 

                «Sedete hic»

                       (Mt. XXVI, 36; Mc. XIV, 32)

                Eseri emen.

 

Antxe zan. Eseri nengon, naigabetan nintzala;

urbil aski Zuregandik Ikasleak bezala.

Bi begiak elkar-iges, buruz, gogoz, apala.

Nork esan leenengoz ordun entzungo zindudala?

 

Ari nintzan? Xor nindagon? Neronek ez nekian.

Musika bat ezin kenduz nedukan belarrian.

Xor nengola, ta, soiñua ixilazi naiean,

otoitz-ordua goxaro joan zait ezarian.

 

Begiak xorturik, baiña, belarria Zurekin,

askotan zertara gauden ezin dezagu jakin.

Obe genuke Zu suma, gogo, zentzu, denekin;

baiña barren erdi-xorrak laguntza du batekin.

 

Ordu erdia, ordua, besterik egin gabe;

ez nintzan azkeneraiño zer egiten nun jabe.

Alperrik astia galtzen ote nizun erabe;

baiña sostean biotza biur zitzaidan labe.

 

Andikan bizkor jeiki naiz. Nonai Zure babesa.

Sendatua sumatzen dut nere kemenik eza.

Xorraldiak indar ori nolatan eman leza?

Indar oien bear nintzan gizon iraun baneza.

 

Orduun baitaratu nintzan, musikaren barnean

Zu zintzaidala legunki gordetzen biotzean.

(Zenbait aldiz igalia ezagun axalean).

Ez nengon xor, ez, Zurekin nengon gogo betean.

 

 

 

VIII. JUDAS'EN MUSUA

 

                «Et osculatus est eum»

                Eta muñ eman zion.

 

Biotzik beltzenarekin or dator lagun zuri

Jaunari muñ ematera. Non duk ezpata, Petri?

Satan-seme ori jo zak! Barka zaiok Malko'ri.

Baiñan ez; Aitak nai duna, bestenaz, ezin ledi.

 

Bildots bat iltzean ez du arakiñak erruki.

Ille gurian aiztoa dio legun igurtzi.

Ola, musu beltz orrekin saltzen ire nagusi?

Zein elkor biurtu dikan zillarrak biotz ori!

 

Ez du musurik ukatu. Eskuak erakutsi.

Otoitzean bizkortu da. Gorputzez, gogoz, zuti,

odol-bataioa nai du; berantak dauka larri.

Ba deramate tiraka, odol aren goseti!

 

Ikasle mingain-beroak oro doaz igesi.

«Nagusi, Zurekin il, bai; ez Zu bakarrik utzi».

Aien asmo sendoenak aizeak deramatzi.

Orobat agintzen dugu; berdin iges goazi.

 

Bakar bakar uzten dugu etsaien jostagarri.

Zer egin nik? —Baratz ontan gorderik egon geldi.

Or atera zaigu Simon, bazterka, zer-ikusi.

Bein, berriz, irutan uka: «ez dakit nor dan ori».

 

Musuan izkutatzen du Judas'ek etsaikeri;

itz eta zin, bero genun, ustez, maitean Petri;

itz eta zin... ukatu du; ago batek bi mihi:

maitasun aularena, bat; bildurrak emana, bi.

 

Nik ere galtzar berean ez al ditut biotz bi?

Nola dezaket izkuta oinbeste saldukeri?

Irutan galdegin dio: «maite nauzu, Petiri?»

Erenean, «Zuk dakizu» erantzun du gurbilki.

 

«Maite baitut Jaun», aitortzen iñor ausartu ledi,

irutan ukatzen Petri duelarik ikusi?

Ustez maite zaitut, Jauna, Niauk baiñon obeki

Zuk dakizu nere biotz aldaberaren berri.

 

 

 

IX.

 

                «Ligaverunt eum»

                       (Io. XVIII, 12)

                Lotu zuten.

 

        Spiritus oris nostri Christus Dominus,

        captus est in peccatis nostris (Thern. IV, 20)

        Guk ago-arnas dugun Kristo gure Jauna,

        gure pekatuz lotu zuten.

 

Loturik eramana da Kedron errekan barna,

auzia garbitu bear duten gaiztoengana.

Salatzailleak an daude zital Jesusengana;

iltzera galduko dute erru gabeko Jauna.

 

Iragarle zaarrek oro Zu zinduten aipatu.

Zure arnasak arturik ziran Zutaz mintzatu.

Zu ziñan aien asperen, arnas, mintzo ta kantu:

neurtitz ederrez zinduten alde-aurrez ospatu.

 

Gizaldi naigabetuak Zu maizenik agoan.

«Jesus» izen au bezainbat zein daukagu gogoan?

«Jesus» erakutsi zigun leenik amak altzoan.

Dugun entzun azken-itza «Jesus» iltzerakoan.

 

Nere biotz onek otoitz mintzo gabe Zu zaitu.

Eztarrian auen zakit, ezpaiñetan erregu.

Asperen, negar eta poz, guzietan guzi Zu.

Lotu zindudan!... Ez nekin zer negin... Jesus! Jesus!

 

 

X. GETSEMANI NERE MIÑ-ONDO

 

Miñ-aurrearen ikara! Miñaren larripena!

Miñ-ondo aundiak ba du atsegin bat ostena.

Min-lekua legunkatuz artzen dan atsedena

esateko bakar da gai miñ aundiz egon dena.

 

Giltzapera nindoola esku lotuak burniz,

arren, lasaxegotzeko esatear egon niz.

Makurrago gerta-bildur, ixil jasan dut anitz.

Etziramon goxoa nun, ukaraiak igurtziz.

 

Ez dakit noiz arte, baiña jun ziran nere miñak

Baratzan Jaunaren aien aldean ez samiñak;

baiñan Arenak sumatuz esan ditezke ziñak,

miñ-ondoaren goxoa jastatzeko egiñak.

 

Urteroko Garizuman au dut nere xokoa,

zazpi urtez ain samiña, zazpi laukoz goxoa.

Zuretzat izan zan miña, neretzat miñ-ondoa.

Zernai gaitz gerta dakidan, Getsemani'n gogoa.

 

aurrekoa hurrengoa