www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

BARU-MENDIAN

        Tankera berriko neurtitzak

 

        Tankera berriko neurtitzook kantarako ezbaiña mintzorako egiñak dituzu. Ele-zati edo silaba bakoitzari etzaio oinbeste jara eman bear. Lerroan berean dagon utsarte edo etenak egiten du neurtitza. Lerro auek bina eten ditut,naiz sei aldioro,naiz bost aldioro. Bi etenen tartean sartu diteke lau zatiko elea ere. Onela, musikan bezala, lau beltx, naiz iru beltx bi kakodunekin, naiz bi beltx lau kakodunekin.

        Gure kanta-neurtitzak oso astun gertatzen dira irakurtzean, batez ere zortziko nagusian. Lerro berriago auek euskerari egoki dagozkio. Izan ere, irudun ele asko du euskerak: e-ra-man, e-karri, e-to-rri, i-ku-si, i-ka-si eta abar. Beraz lerro-etena, erderaz cesura, sei aldioro naiz bostaldioro, naiz laualdioro, beti seikoarekin naaste, ta seikoz bukatzen dala. Gerko-latiñek ba zuten taiu ontako itz neurkera, 1) Askelepiadena, eta 2) Alkaiurena:

1) Mecenas, attavis (6) edite regibus (6)

2) Vides ut alta (5) stet nive candidum (6)

Iruko ahapaldi ori beratzitan emateko egon naiz, etenik gabe, J.S. Bachenarekin egin nuna: 3, 6, 9garrenetan puntua, eta puntudun lerro oiek sei aldioro etena. Ez neri esan azken-silabak azta edo pisu aundiago dula, edota mintzorrik bizkorrena beregan artzen dula, zortziko txikian eta aundian iduritua artzen dan bezala. Iñon baldin bada, ementxen ageri da garbi. Itz neurketan ikasia bazera, tuntun ortara leenbizitik oituko zera, irakurle. Bizkaitarrentzat ain egokia danik ez nuke esango; baiña zenbait bizkaitarri irakurri ondoan, atsegin zaiela entzunik nago. Aiek mintzor bixikoa baitute. Batere punturik gabe egin nitun aurrena, ta neretzat obeki daude; baiñan euskaldunen belarria ez dago ortara egiña. Neurtizgillea nai dun bezain ona bedi, puntuak beti lotu egiten du gutxi edo asko; zaildu egiten du; naiz ez duna esanerazten dio, edota zatarriren bat tartean sarrerazten.

        Eratuqe cum bestiis (Mc. 1, 13)

        Eta eizeekin zegon.

 

Emen natorkizu Baru-mendira Zure oiñetara.

Ezi ezazu bein aur ezigaitz au Zeroren gogara.

Ez utz eskutik egin nauzun au nere griñetara.

 

Zuzen eta zintzo egin ninduzun, ongi nintzan asi:

baiña nerau naiz gizagaixo au, eun auzitan naasi.

Oraingoan, bai, griñetaz jabetzen dezadan ikasi.

 

Pizti ankerrak oiñetan dituzu uzkurrik, ikara.

Zugandik zaie jabal edatzen barnean zirrara:

jantzi oietatik darizun lurrin indar zerutarra.

 

Urbiltzen zaizkizu autsiz bildurra: Zuk eskuz leguntzen:

idi astoek estalpe artan asbero zinduten;

eize ankerreri orain Zuk arnas diezu egiten.

 

Ausartzen dira Zuri esku oiñak goxo limikatzen;

ez bedi aundi (nik egunoro baitzaituda jaten)

begirapenez esku-oin ba'tut musukatzen.

 

Lazaren arreba Zuri begira oiñetan jar zedin.

Bai ta ni ere Zure baimenaz or eseri nadin,

agindu zenion arlo oberena dezadan arekin.

 

MariMadaleni utzi zenion muñ eiten oiñeri;

sendarazi zenun aren barrena, naiz izan ain eri.

Ari bezala sendabidea emaidazu neri.

 

Guzien Errege, aulki latz ortan zaude, arkaitzean.

Aitarekin itz, eskuak gurutz belaun aitzinean.

Nagon ni ere, aspertu gabe jarkera berean.

 

Aitaren altzoan, Baratzeko ua duzu otoizgaia:

«Idatzia danez, ortara nator: ein bedi Zuk naia».

Zer otoitz oberik? Ni ere Zurekin ontan nadin saia.

 

Sasi eta arkaitz baizik ez ager, ez eize-marrurik.

Ez da entzuten oian itsuko ostoen soiñurik.

Bi-biook gaude otoitz ixillean; ez da lekukorik.

 

Griñook ematzeko, Baru-mendian luzaroan nagon,

noizean beinka begi oiengana begi auek jason.

Ez nadin aspertu maita ta maita, egon eta egon.

 

aurrekoa hurrengoa