www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

LUR-IKARA

 

                Pitxintxa su-mendiari

                (Anai-arrebak Quiton geundela)

                Ikus Dabid Ps. 45, 92, 95, 96, 120, 124, 127

 

Lotan agoala? —Zeiñek eragin dik olako dardara?

Sukar daukanean gaixoak ola dik eiten otzikara.

Gaur ez aiz bulartu: ez duk erakutsi Jaunaren indarra.

 

Orro bildurgarriz ez-usteko dantzan asi adi, lurra!

Jeiki adi marruz legorra gaintzeko itsasoan, ura!

Etxe-bildur iges jun bedi gizona, obenez uzkurra.

 

Goiko Jaunak gotor egin au, Pitxintxa, gutzat igesleku.

Berak esan ziguk Dabiden ezpaiñez, ez gadin izutu;

erdian dugula dardar egin gabe, gagozan ekuru.

 

Zangorik ez dardar, besorik ez ega, Jainkoagan etzin.

Ibar, muño, mendi eskuan dauzkana diagu gurekin.

Bi gorputzoon muga paketan diagu, naiz ik egin zirkin.

 

Mendira begiak! Andikan laguntza. Utzagun ibarra;

lur ustel ta zoko urak azpijanak, berekin negarra.

Arkaitza dik zuti menderen mendetan, eskeinka bizkarra.

 

Lotan agoala? Su-mendi berriak sortzen ditxik sarri;

zarrik ez aal daite bere lo-zorrotik iñoiz iratzarri?

Gizona zigorrez noizpenka jotzeko Jauna dik egarri.

 

«Zerbaitek ekarri au Amerikara».— Ez bildur, arreba.

Utzagun Jaunaren altzo zabalean auzi orren lleba,

gure naiz besteren obenaren ordain nai bagaitu zeba.

 

Atorkigu, Matxin il eta gu bioon Aingeru Zaindari!

Onez ekarri nauk Europatik onat, iruroon pozgarri!

Emen bildu gatxik zerura bidean. Izan bedi sarri!

 

«Anai, elkarrekin il bearrak ote?» Jaunak nai dunean.

Laztan zagun elkar anai Aingerua dugula tartean.

Irurook batera Jaunak ar gaitzala Bere magalean.

 

aurrekoa hurrengoa