Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954
[liburua osorik RTF formatuan]
[inprimitzeko bertsioa PDFn]
[Literaturaren Zubitegia]
Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991
|
|
|
BERRAONDOKO MEZA
(Indart-Zuburu senar-emazteeri)
Berraondoko
Elizaren izaria,
ez luze zabal,
baiñan biribil andia,
erran nezake
itsasoaren erdia,
itsasoz urrun
eldu denaren bidia.
Erdi erdian,
balitza nehon erdirik,
etxea dago
mundu ororen ixilik.
Ardi, bei, beor
goizean daude etzanik;
nere Mezara
igarotzen naiz artetik.
Ez da mendirik,
ez da zuhainik aldean;
txoriak ez du
txintarik osto gainean,
Indart-Zuburu
lo ditut bete-betean;
zeruak lurra
besarkatzen du bakean.
Aratxeari
marrumaz asi da beia;
ezkila orde
neri Mezarako deia;
apezik ez da
eskas da Mezaren geia;
besterik ezik
aski bedi nere leia.
Ixiltasunik
ez nun osorik aditu;
ixiltasunak
bere zurmurrak ba ditu.
Eliz ixilak
gogora bear banitu,
hau bezain ixil
ez dut nehon arkitu.
Eliz ixila
Kartusikoa Burgosen,
orobat ixil
Azkoitin Santi-Kurutzen:
han gertatu niz
otoitz beitarik egiten.
Ez nuen uste
txoko oberik ba ziten.
Ibili, joan,
beti nagozu erdian,
mugarik eta
bazterrik ez dun tokian.
Jinkoaganat
ari nizala abian,
geldi behar dut
erdi-leku den guzian.
Agur oraikoz
bego zuen arrabotsa,
txorien txinta,
iturrien pil-pil otsa,
oian itsuen
muskil orrien asotsa,
itsasoaren
marmari nahiz ostotsa.
Zuek zaituet
erdi ontarat ekarri,
—zuek oraino
Jinkoaren oroitgarri—;
ba dakizute
ni zertaz nizen egarri;
edan arteo
utz nezazute bakarrik.
Iduritzen zaut
ororen erdi nizala,
eginak oro
neretzat egin dirala;
askoz ez handiz
ez naute zenbait bezala
lotsaz beldurtzen,
andiago dut ahala.
Jinkoa dugu
giran orok erdi-leku,
Aren iduri,
denen erdian gaude gu;
erdi-leku hauk
muga bera dute pondu;
bi giralarik
elgar bat egiten dugu.
Erdi hontarik
ezin dugu ihes egin,
halarik ere
baztertzen gira minekin.
Bakea nahi
bestekin eta gurekin;
ez da bakerik
ortik ilkitzearekin.
Berraondoko
itsaso lur biurtua,
zeru-lurraren
ezpain beteko musua,
Elizik gabe
Eliz ontan dut Jinkoa;
gogoz dut emen
entzunen Meza Saindua.
Lur handia da
ostia bezain biribil;
ni niz apeza,
ez emen apezik urbil.
Bego latiña,
bego mintzai oro ixil,
Jinkoarekin
kuku neregan nadin bil.
Gordegu hontan
gertatzen niz andienik;
kuku, obeki
gauzak ikusten ditut nik.
Beste orori
begiak ertsi emanik,
Jinkoaganat
zabaltzen ditut azkenik.
Neurri ta neurri
beti niz pondu berean,
neurri ezina
den Jinko azken-gabean;
nihaur ein batez
hala niz Aren barnean;
ari nindeke
neurketa betierean.
Maitatzen zaitut,
Jauna, eginik ahala,
sortkari oro
ontan lagun ditudala;
are oraino,
—ni nizan bezain argala—
maita nai zaitut
Zuhaurek Zuhaur bezala.
Ixila Meza,
obe dut ixilik egon;
biotzez biotz
Jinko onarekin nagon.
Ez dut zurmurrik
entzun ere nahi nehon.
Otoitza goxo
egiten da Berraondon.
|
|
|
|
|