Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954
[liburua osorik RTF formatuan]
[inprimitzeko bertsioa PDFn]
[Literaturaren Zubitegia]
Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991
|
|
|
J S BACHI ELIZAN
Ixil organua
ixil dut ezkila,
aldarean daukat
gure Jaun umila,
abean eseki
guregatik ila.
Aitaren ITZA da,
baiñan itz ixila;
ixilik ari naiz
ixil orren bila.
An nagozu bakar
Eliza-xokoan
begiak ertsirik.
Ernai? Lo-xorroan?
Ez dakit bi oien
muga non dagoan.
Kristoren ixila
dutala gogoan
sartzen naiz barnera
aldi betikoan.
Aldia zer danik
galdu dut aria:
oparo dut artzen
siñeste guria.
Ordu bete, gozo,
joanik abia,
neretzat an dago
orratza geldia,
betiraundearen
iduri bizia...
Ba nago, ba nago...
Goizaren idorra!
Sumatu dut noizbait
gorputzaren lorra.
Intzik ez daneko
da fede legorra.
Ez dut itzuri nai
burruka gogorra;
emango du Jaunak
guri dan goporra.
An ari naiz, buruz
Koral bat auznartzen
nik itzak emanik
azpitik kantatzen.
Verbum caro dugu
Elizan entzuten;
Ark dit egunero
belarria jotzen,
arek dit agoa
apur bat goxatzen.
Geroen batean
organuak soiñuz
FUGA bat asten du,
bai baitakit buruz.
Ez dut aski oroiz,
bear dut adituz;
belarrik narama
barnari lagunduz,
Jauna zentzu guziz
ta gogoz maitatuz.
Asi da, ari da
iruten, ariltzen,
ekin eta jarrai
bilbatzen, eiotzen.
Ari-albiñua
sei notak atontzen:
aiek, itzul, iraul,
iñoiz ez aspertzen
itokin antzera
biotz au xulatzen.
Ba nago, ba nago,
artu dut aria,
berriz itzuli zait
siñeste guria.
Azkenik, aaztu zait
aldien aldia,
eta betierak
nauka idukia.
Betikor senti naiz
Jainko-iduria.
Bukatu da FUGA,
ixil organua,
piztu da neregan
Maitearen sua.
Ixiltasun ori
orain da goxoa:
legun da musika,
legun da soiñua,
legunago aren
ondoko gantzua.
Noizbait bukatzen dut
nik ere otoitza;
entzun dut ixil dan
Jainkoaren itza.
Otoitz-ondo onek
ba du goxo-litsa:
bakartasun ixil
geigoren irritsa.
Ai guritasun au
betiko balitza!
|
|
|
|
|