GURUTZEAN
Emissa voce magna expiravit.
(Mc. XV, 37)
Oiu aundiz eman zun arnasa.
Buruzut-indarrak bilduz, egin du oiu aundi.
Oiu ori guganaiño eldu da mendiz mendi.
Ez du gizonak atera; Goiko Jaunak barrendi.
Oiu orrekin il dana, Jaungoiko da iñondi.
Artzai nintzala mintza nai menditikan mendira
bi eskuz nere mintzoa zuzendu nai erdira,
indar guziak bildurik, oiu biur dira;
lagunak orobat ditu eskuak belarrira.
Jesusek, orduko, gaurko, biarko gizonari
dei bizkor egiten dio, entzun gogo dunari.
Oiu ortaz eman dio ill-arnasa Aitari;
arnas berori bialdu gizadi osoari.
Guziook bat gerala du esan afal-ondoan;
Aita Semeagan dala, biak daudela gugan.
Beraz, oiu ori guri egiña bear esan;
arnasa guri utzia, Aitari ta batean.
Il zaigula azken-atsa burua zut emanez;
burua erortzen utzi, guri keiñu egiñez;
besoak zabalik dauzka laztan eman bearrez;
urbil gakion, besoak zabalduz, eta maitez.
Arnasa guri utzia, Gurutzetik bialduz.
Bete gaitezen orretaz galtzar ontara bilduz.
Dugun arnas au agoan, gure miñak sendatuz,
asperenik mamienak eskeiñiz, Jesus! Jesus!...
|