www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

BOLIBIKO ZABALDIAN

 

Simon Bolibaren «aur kutun», Bolibi,

non da begientzat ikus-bitarterik zugan bezain aundi?

Or dituzu zelai, or mendi kankaillu, or, batez bat, argi.

Ageri dan tartez, itxas-obo bera zuretako txiki;

malkor eta malkor, elur eta elur, eta zeru garbi.

Su-gurdi aurretik sorgiñ-argiz lurrak itxaso dirudi;

atzera begira, lur biurtzen ura, begien zurgarri.

 

Gatzuna lurrean, artaldeak bakan, ez zugatz, ez txori;

oro sogor, baiñan erne dut belarri.

Eder mendietan, eder aintziretan, zeruan zohardi,

argian arego Zu baituket arki.

Eder dan oro Zuk, iragarriz bialtzen aurreti,

baiña laiñoz zaude inguru bildua, nai zaunak ikusi.

Ikustez aserik begia dut apal niganat itzuli:

mandeuli, ez liztor, ez eltxo, ez euli,

barneko musika naiz entzun-egarri.

 

Eserita dago Indio beltxeran, an jaio ta bizi,

argiz aseago ni baiñon; ark are zerbait nai ikasi.

Lepoa makurtuz galdez ari zaio bere kitarrari

beti gauza bera, baiña beti berri.

 

Biotza nai ase. Kitar-sabelean kuka du gordeki.

Zer du billatu nai? —Nik nai nuken Ua... ta berak ez daki.

Agur, anai, biok, jakin ez jakin, batera goazi;

kitarra joaz zu, neurtitzak onduz ni.

 

Zer geigo bear dut ikusiz Bolibi?

Itxaso ta zelai ezin neurtuzkoak iragan ondoti,

noizpait arki nezo azkena lurrari;

agortu nezazke; aundiago nauzu oriek baiño ni.

 

Baiña, Zu sumatzen doi doia naiz asi.

 

aurrekoa hurrengoa