RESURREXIT
(6 ta 6).
Terraemotus magnus factus est.
(Mt. XXVIII, 2)
Lurrikara aundia gertatu zan.
Poz aundiak dardar eragin oi dio gure biotzari.
Egun oetan, bai, poza sartu zaio lurrari berari...
Mendian ein dut lo. Argi-zirrintean zerk nau iratzarri?
Ego-aizea da. Beorrak irrintzi, laugainka, zabala
zalapartan dute alden-alde laister, ixil azkazala;
baiña sail aundiak dardarazia du lurraren azala.
Eup! Nik dakit zer dan goizean mendian esnatzeko poza!
Oiean bildurik gelditu dan arek ez dezake goza
lurraren ikara, irrintzi aiekin laugaiñaren otsa.
Aurten Salvador'en larunbat Gurenez, lur onek bost aldiz
dardar egin digu: emen pasa dira Aingeruak zaldiz.
Iru dardar txiki ta bi aundi ziran, jende dena baldiz!
Zu zera nagusi, zeru, lur ta lurpe. Ikara ta bildur
zeuden deabruak bere giltzapean. Emen ere kuzkur
jendea. Zuretzat zoro dabiltzanak, biurtzen dira zuur.
Ez zan ikaratu ill-obirakoan Maria Madalen;
ez ta Donibane, laisterka joana Petiri baiño leen;
obi-zaiak, aldiz, ikara lauorriz, il antzeko zeuden.
Au poza! Onekin naigabeak oro estal dira gaiñez,
irrintzi, poz dardar, lekaio ta laztan, txaloz ta mingaiñez.
Ar zagun atsegin! Jauna piztu baita, esana zigunez.
Piztuko gu ere. Jesusek zerua digu irabazi.
Egunero baratz, zeruko mugara urbilduz goazi.
Betor egun ua Jesus ikusteko. Il Bai! Pizten asi!
|