www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkiak
Nikolas Ormaetxea, «Orixe»
1950-1954

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Orixe. Idazlan guztiak II: Sorkuntzazkoak, Nikolas Ormaetxea Orixe (Paulo Iztuetaren edizioa). Etor, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

AZKEN-AFARIA

 

                Etena 6 aldioro

 

«Opa nuen opa aspaldi Pazko au zuekin jatea,

semeak! Oraintxe Aitarenganako bete zait epea.

Nerekin jaten dun zuetan batek du asmo Ni saltzea».

 

Jaunak morroeiri oiñak garbitzea maitasun garbia;

baiña gorputz-odol jaten ematea maitasun berria!

Oiñaze-bearrak biotzaren garra ez du itzalia.

 

Oiñaze bezperan begiak jasorik bere Aitagana,

ogia zatituz, onetsiz, onela mintzatu zan Jauna:

«Jan ontatik orok: nere gorputza da, gaur salduko dana».

 

Afaldu ondoan, ikasleen erdian maaiean zegola,

orobat ardoa onetsiz: «uzute, au nere odola.

Auek berritzean nere oroipenez egizute ola».

 

Gure siñestean zer mamiagorik afari au baiño.

Egunero dugu kristauook berritzen mendeen menderaiño,

argitasun eder biur dedin arte fedearen laiño.

 

Ikusten, ukitzen, entzuten, usmatzen, jastatzen, SIÑESTEN.

Margo zuri antzo, fedea zazpitan zaigu barreiatzen.

Nik dakidantxoa, siñeskizun ontan eder da kokatzen.

 

«Au nere gorputza, au nere odola», siñes-aitorkizun.

Nik ikasi asko kolokan dabilla, ba dut uste aizun;

baiñan egi ori, Zuregan etziñik, nere guzien muñ.

 

Uste, diotenez, aburuz, iduriz... zenbat uste ergel!

Oietaz burua bete bizi dira bost eta bost ergel.

Agur guzieri! Ez dut oien mende bizi nai otzepel.

 

Margo denen ama argia dan eran, Egien Erregin

Fedea. Margoa, bai, baiñan argia iñork ikus ezin.

Begien argia ikus ezin arren, emen dut nerekin.

 

Siñestargia dala, izkutuen dala, argirik argien.

Gure baitan illun, bere baitan argi, margorik zurien.

Ortatik irten da zazpireun izpitan jakiterik geien.

 

Gure siñestea argi zuri dala, argi gorri, bero.

Jakin nai lukena betor maai ontara murgilki goizero.

Nor otzik gelditu usu bizi ontara urbildu ezkero?

 

Illunean argi, begiak itxirik ikusten obeki.

Garrik ez, ta gori. Biotza su ontan dugun irazeki.

Mundu itsu otzak argi-bero auen berririk baleki!

 

Biotzez bizi da gizona. Biotzez Jainkozale dana.

Gure jaureskuntzak biotza du nausi. Argi, bero, bana

biak dira bear; baiña biotzak du laztantzen Laztana.

 

Afal-ondo samur, itzez, itzik gabe gure Jaunarekin...

Baiña bereeri jerdun zerutarra orduun zien egin.

Onaa emen itzak, urardotu gabe gure lurtarrekin.

 

Irakur dezadan jardun goitar ori itsaso-ertzean.

Urrungo urrunga, uiñena, itzena belarriz artzean,

sar bekit ots ori nere gogoaren muiñik barnenean.

 

aurrekoa hurrengoa