GAUZARIK TXIKIENETAN DA AUNDIENA JAUNGOIKOA
Nork esan gure Jaungoiko onak
gauzarik txikienetan
poderiorik andienaren
muestrak dizkigula eman?
Au ikusteko istoria bat
on da nik konta dezadan.
Ingume zuri itsusi batek
oi ditu udaberrian
millaka arraultzak or-emen uzten
masust-arbolen orrian,
au jan dezaten, andik irtenik,
arrak alegin guztian.
Ala gertatzen da, zergatika,
ozta dirade irteten,
berealaxe asten dirade
gogotik ostoa jaten;
illabetean gutxienean
ez dira jaten gelditzen.
Ostoz aseaz egiten dira
beatza bezin lodiak,
eta orduan aiek aotik
botatzen duten lirdiak,
berak jiraka darabiltela,
uzten ditu estaliak.
Badirudite ezkur-aleak
orduan oso-osoak,
aur jostatzeko boltsa batean
norbaitek sartutakoak;
nork sinistatu, bear dutela
piztu gero onelakoak?
Udaberria datorrenean
asten dirade irteten,
txulo bat boltsan egin ondoren,
eta egoak zabaltzen,
zergatik boltsan diran artean
inguma dira biurtzen.
Gero arraultzak, amak bezala,
arbol-ostoan egiñik,
berealaxe, oientxen gisa,
gelditzen dirade illik;
gure bizia laburra dala
ez degu zer kejaturik.
Aien lirdiak, zeñak dirudi
armiarmaren sarea,
boltsa gisara dagoalako
du izena kapulea;
zirikuaren izena artzeko
falta zaio iruitea.
Ziriku au da zuria edo
arto-bizar kolorea,
gero bakoitzak ematen dio
nai baldin badu obea,
purpurarena jantzi beauena
baldin bada erregea.
Kolore gorri purpurarena
maskor baten barrenean
maskorra jaten gosez asi ta
txakur batek ondarrean
arki-arazo zuen, muturra
tintez busti zuenean.
Orra erregeen soñeko ederrak
inguma batzuen lana,
eta kolore gain-gañekoa
maskortxo batek emana;
au ikusi ta zein da gizona
aurrera arrotuko dana?
Oraindik balitz norbait munduan
nai ez duena sinistu
bear degula dudarik gabe
denboraz guztiok piztu,
sinistamentu milagrozko au
ingumak dio erraztu.
|