 |
ASTO LEOI-LARRUZ JANTZIA
Astoak leoiari
enbidia zion,
eta pensamentu bat
burura zitzaion:
leoi-larruz jantzirik
mendira irten zan,
an sortu zuen festa
ikustekoa zan!
Otsoak, basurdeak,
artzak, azeriak,
astoaren igesi
zebiltzan guztiak.
Orra non artzai batek
bere etxolatik
zein dan ezagutzen du
belarri-ertzetik.
Artzen du makilla bat,
badijoakio,
golpeka bereala
erasotzen dio.
Asitzen da astoa
miñez arrantzaka,
abereak dijoaz
argana presaka,
zergatik egin zuen
gaisoak arrantza,
baldin bazuen ere
leoiaren antza.
Ikusi zutenean
lurrean astoa,
arras elbarriturik
makillaz gaisoa,
leoi-larru zar batez
erdi estalia,
eta ortzen artean
zeukala bizia,
eztanda egin nairik
omen ziran asi,
ikusirika noren
zebiltzan igesi.
Zenbat asto ez dira
munduan ikusten,
leoiaren papera
dutenak egiten,
eta, kentzen bazaie
larrua gañetik
gelditzen diradenak
arras lotsaturik?
|
 |