 |
OTSOA ETA ZIGOñA
Jakiña da zigoña
dala egaztia,
lepa luze, moko me,
andi, beltz-zuria.
Otso bat zegoan bein
arkume bat jaten,
eta ezur bat zaio
eztarrian sartzen.
Itotzera zijoan
ezin aterarik,
ez zeukan iñondika
erremediorik.
Zigoña bat gañetik
zan egan pasatzen,
otsoa intziriaz
asten zaio deitzen;
ikusten du zigoñak
aoa zabalik,
iñolaz ere ezin
asnasa arturik;
jatxitzen zatio eta,
utzirik beldurra,
atera bide zion
mokoaz ezurra.
Zigoña pozez dago
beterik guztia,
itxoroten otsoak
zor dion saria,
atera zuelako
estutasunetik,
bada geldituko zan
bestela itorik.
Ikustean zigoñak
zerbait zuela nai,
otsoak esan zion:
«Adi zazu, anai:
bazoazke emendik
pozez kontatzera
osorika lepoa
dezula atera
gaur goizean, maitea,
zuk nere aotik,
eztarrian mokoa
sartu ezkeroztik.
Ez dauka zori on au
nai duen guztiak,
bakarrik eman dizu
nere eztarriak».
Errepañak oi dio:
egin ezazu on,
eta egin ezazu
ez dakizula non.
Otso gaiztoa beti
gure iges dabill,
beldurrez ez dezagun
atzeman eta ill;
eta zigoña berriz
bizi da gurekin,
zeren ez dizaioke
iñork gaitzik egin.
|
 |