 |
ETXE-ARRATOIA ETA SORO-ARRATOIA
Soro-arratoi batek
etxe-arratoia
ikusi zuen lodi,
gizen eta joia.
«Adiskidea —dio
bertatik esaten—,
zure mardultasunak
guztiz nau arritzen;
nonbait ongi ona da
daukazun biziya;
egia esateko,
dizut enbidiya».
«Nere bizi-modua
jakin nai badezu,
—erantzuten dio ark—,
zurea esazu».
«Ni —dio sorokoak—
zelaiz zelai nabill,
ale bat edo beste
ote dezadan bill.
Askotan biurtzen naiz
zulora lerturik,
aletxo bat bakarra
bildu gabetanik.
Orduan jaten ditut
belarren sustraiak,
eta izaten ditut
sabel-errabiyak.
Nere bizi-modua
orra, adiskidea;
orain jakin bear det
nik ere zurea».
«Arrazoia daukazu
—dio erantzuten,
eta asitzen zaio
onela esaten—:
Zure bi saietsetan
det ongi ikusi
ase eta betean
ez zerala bizi;
argia agiri da
batetik bestera,
negu onetan zoaz
goseak iltzera.
Eroen kontua da
nekez bizitzea,
zurrena neke gabe
tripa betetzea.
Sinistatu nazazu:
nik, adiskidea,
oraindika ez dakit
zer dan nekatzea.
Bizkitartean nago
beti uguiturik,
jan baño jan naiago
eta ezin janik.
Atoz ikus dezazun
nola nik etxea
goitik bera daukadan
janariz betea.
An daukatzit zintzillik
gazta Frandeskoak,
odolkiak, lukaikak
eta txorizoak.
Bakarrik nago eta
nai nuke laguna,
igarotzeko pozez
jostatzen eguna».
Ozta soro-arratoiak
zuen au aditu,
berealaxe zion
atzetik jarraitu.
Etxera zirenean
elkarren ondotik,
sartu ziran despensan
katuen txulotik.
Sorokoak ozta du
goratzen burua,
uste du ikusitzen
duela zerua.
«Zer da au? —dio ojuka—.
Au bai dala mauka!
Onelako fortuna
munduan nork dauka?».
Pozez eroturika,
trast, salto batean,
igo eta jartzen da
lukaiken gañean.
Jan eta jan ari da
ezin uguiturik,
ez du iñork ikusi
alako jalerik.
Onela ari dala
sabela betetzen,
katuaren miauak
dirade aditzen.
Aditu bezin laster
eta salto bian,
etxeko arratoia
sartzen da kabian.
Ura ikusi eta
gero, sorokoa
lasterka ondotika
argana dijoa.
Nai baño nekezago
sartu zan txulotik,
zeren sabela zeukan
lukainkaz beterik.
Ikusten du laguna
ikaraz betea,
neke andiarekin
artzen asnasea.
«Zer da? —esaten dio—
Zer da beldur ori?
Zer gertatzen zaik, mutill?
Esan zadak niri».
Asnas eziñ arturik
dio erantzuten:
«Katuaren miauak
ez dituk aditzen?
Badituk lau etxean,
laua eiztariyak,
oiek jan zizkidatek
nere bost anaiak.
Begira zak nola nik
daukadan buztana,
erdiya larrutua,
beste erdiya jana.
Doi-doia egun batez
nian iges egiñ,
kontentu gelditu nak
onenbesterekin.
Geroztik galtzen diat
osoro burua,
aditzen dedanean
katuen miaua».
Au entzun zuenean,
dio sorokoak:
«Maiz badira ikara
gaur bezalakoak,
oa, mutill, nai badek
deaurru-etxera,
naiago diat nik joan
sustraiak jatera».
Gabaz irtenik joan zan
esanaz bidean,
peligrotika libre
arkitu zanean:
«Obe diat nik askoz
pobreza pakean,
ez aberastasuna
ikaren artean».
|
 |