 |
LEOIA ETA ASTOA
Leoi andi bat zan bein
goizetik atera,
asto bat bere lagun
arturik, eizera.
Artzai-txaol batean
uzten du astoa,
bide-txidor batera
bera badijoa.
Astoak bear zuen
andik arrantz egin,
leoiaganontz eiza
guztia joan zedin;
ain gogoz egiten du
astoak arrantza,
non zuen leoiaren
orruaren antza.
Abereak dabiltza
batetik bestera,
eta gero dijoaz
bide-txigorrera.
Astoak sartu zien
alako beldurra,
non ez zuten ikusten
begiakin lurra.
Jaten ditu leoiak,
utzirik ezurrak,
usaiez ase ditzan
astoak sudurrak.
Ezurrak ikustean,
esan emen zuen:
«Piska bat lentxeago
egon banintz emen,
ez nuen, ez, utziko
bakar bat bizirik,
ez zezen, ez kata-motz,
ez otso, ez artzik».
Aditu zuenean
fanfarroikeria,
leoiak egin zuen
algara aundia.
Onen tripa betea
gelditu zan eizez,
astoarena berriz,
len bezela, aizez.
Farra eragiten du
gizon beldurtiak,
esaten asten bada
bere balentiak.
|
 |