 |
EUSKAL-ERRIKO GAZTERIARI
Nere Euskal-Erriko
gazteri ederra,
ez det uste derala
egin lan alferra,
ipuiak ifintzean
gure zortzikoan,
kantatzeko, nai bada,
arturik gogoan.
Badirade latiñez,
badira erderaz;
ez al ditugu bear
guk ere euskaraz?
Bai, on da jakitea
lengo denboretan
txit omen zekikela
ederki itzketan
txakur eta katuak,
auntzak, azeriak,
itz batean, orduko
abere guztiak.
Ala dio Esopok;
gizon egitia
ote zan, ez dakit nik,
edo gezurtia;
baña ez da dudarik
zala txit txikia,
bizkar makurra eta
jakintsun andia;
eta lendabiziko
onen mesedeak
mintzarazo zituen
ederki abereak.
Aditurika oien
jardun-erausiak,
egingo dituzute
askotan irriak;
esango ere dezute
egiñika farra:
«Ez uen orregatik
jende ura narra!».
Ipuien akaballan
dauden sententziak,
agiri da dirala
egia andiak;
eta, sartzen badira
zuen biotzetan,
damutuko ez zazute
zeren egunetan.
Orra Esopo jaunak
nai duen saria,
eta orra nik ere
nai dedan guzia.
|
 |