 |
12. ANDRE ALFERRA ETA KUKUSOAK
Orai duela aspaldi, Hergaraiko gain horietan, omen zen beraz ithurri bat hauta, Ur-onttoa deitzen zutena. Ur-onttoari hurbil, eta kasik Ur-onttoan, bizi ohi zen emazteki bat alferra... bainan alferra! Zotza, hots! Deus fitsik ez omen zuen egiten sekulan, Ur-onttotik hurrup eta klik bizi izan balitz bezala.
Hura alfer-zotz hola ikusteaz okaztatu zen azkenean Jainko maitea, eta andre higuina zerbeitetan bermarazi beharrez, egin zituen beraz... lehenbiziko bi kukusoak. Eta ixtanteko sortu ziren bertze sekulakoak. Handik harat, lan izan zuen emaztekiak, bederen kukuso miatzen. Zorigaitzez, ez zituen oro hil —hain zen alferra!— Eta Ur-onttoaren aldean iragan gizon eta emazteki guzien gainera jauzi egin zuten kukusoek, eta orai, badira bazter guzietan ilumina.
|
 |