10. URHE-ZILARRAK ELHORRI-XURIAN
Jesus Jauna eta JonDoni Petri hemen gaindi zabiltzalarik, pobre-behar guzieri, amoina zerbeit norbeiti hartu zutelarik, bethi solas hau bera entzuten zioten JonDoni Petrik: «Esker mila: Jainko onak itzul dezautzula!».
JonDoni Petrik orduan erran zion Jesus Jaunari: «Jauna, ez noake gehiago zurekin; bazter guziak zorrez betheak dituzu eta; ezen, eskale guziek hau derasate bethi: "Jainkoak itzul dezautzula!"».
—Eta Jesus Jaunak ihardetsi zion berehala: «Nerekin aski ibili balin bahaiz, Piarres, goazen bakotxa bere alde». Eta hala egin ere zuten.
Bainan, ordu berean, Jesus Jauna hurbildu zitzaion elhorri-xuri ondo bati, hura inharrosi, eta sekulako urhe-zilarrak handik erorrarazi.
Zilar eta urheak ttin, ttin, ttin erortzen entzutearekin, laster egin zuen JonDoni Petrik, eta diruaren biltzen hantxet hasi.
Orduan, Jesus Jaunak erran zion: «Ez, Piarres, ez; diru hoi ez bil! Horren beharretan nauk, nere zorren pagatzeko».
Bainan, JonDoni Petrik ihardetsi zion, xitun xitun:
«Oi, Jauna, zorrak errexki ordainduko ditutzu zuk, orai eta geroan, eta zure lagun nahi naiz bethi».
|