1. LAMINAK SENPEREN, UTSALEKO ZUBIAN
Duela bizpahiru ehun urthe, Laminek ba omen zuten egoitza bat, Senperen, Utsaleko zubiaren azpian. Bainan, nahi bezenbat behaturikan ere, nehork ez omen zuen deus jakiten ahal barne hartako berririk.
Behin batez, bizkitartean, Lamina hetarik bat hiltzerat omen zoan. Haren lagunek bazakiten arras ongi, orena ethorria zuela; eta, futxo, ez ziteken hil, deus gisaz, gutarteko jende batek, Lamina ez zen batek, hura ikusi eta, haren aintzinean, den othoitzik ttikiena erran gabe.
Laminetarik bat gan zen beraz, —Gaazetxean baitzuten ezagun bat eta— haren ganat.
«Ethorri behar duzu, othoi, gure etxeraino!... Gure lagunetarik bat arras gaizki da, eta ez du bere azken hatsa botako ahal, zuk ikusi eta, othoitz ttiki bat harentzat erran dukezun arte. Sari ederra izanen duzu, berrogoi eta hamar liberako bat, eta gainerat oraino, ikusgarri zerbeit».
Berrogoi eta hamar libera ez baitziren orduan nola nahizka irabazten, Gaazetxeko gure emaztekiak deliberatzen du beraz gatea, zer nahi izanen bazen ere.
Utsaleko zubiari buruz heldu zirelarik, Laminak erraiten dio emaztekiari:
«Gure etxetik sarri atheratzearekin, deus harramantzarik entzuten baduzu, ez othoi gibelera beha! Zoazi bethi aintzina, zure bidean... Bertzenaz, zure ikusgarria galduko duzu, zuhaur batere ohartu ere gabe».
«—Ontsa da; ez dut segurki gibelera behatuko!».
Utsaleko zubiarekin ondora heltzen dira beraz, eta, hekien etxean sartzeko, behar baitzen urean iragan, Laminak, makila berezi batekin, kaxk, jotzen du ura, eta ura egiten da berehala bi zathi. Biak gero iragan ondoan, Laminak berriz ere kaxk emaiten dio makilarekin, eta ura, kuxean jen zen bere lekurat.
Gure emaztekia sartzen da beraz etxe barnera, eta Lamina hil-urrenaren aintzinean othoitz bat erranik, abiatzen da kanporat.
Bainan Laminek ez zuten hola gan zadien nahi, deusik hartu gabe:
«Pokadu bat bederen jan behar zuela!».
Emaiten diote beraz arras ongi jatera, eta gero, berrogoi eta hamar libera dirurekin, gainerat oraino, urhe tabakier bat.
Gure emaztekia loriatua bazoan beraz etxe alde, noiz eta ere harrabots zerbeit entzunik, burua itzultzen baitu, eta, adio!, batere berak sumatu gabe, galtzen du, tabakiera urhezkoa.
Doi-doiako lamina eta biak heltzen dira ur bazterrera. Aintzinean bezala, Laminak hartzen du makila, eta kaxk jotzen. Bainan, aldi huntan ura ez da bi zathi egiten.
Berriz ere jotzen du kaxk, bainan berriz ere alferretan. Ordutik bazakien Laminak zertako ez zen ura bi alde emaiten. Bainan, ez zitaken oraino mentura emaztekiari erraitera. Bertze behin jotzen du beraz makilarekin... Ura bethi geldi geldia!
Orduan Laminak erraiten dio emaztekiari:
«Uste gabetarik hartua, izan behar duzu zurekin gure puxka zerbeit?».
Emaztekiak, nahizik eta gorde, ihardesten dio:
«Ez dut uste, andre Lamina!... non ez dudan ixkilima zenbeit...».
Miatzen da, eta: «Ez, ez, ez dut deusik kausitzen».
«—Bizkitartean, nik ez dezaket ura bi alde egin, eta ez baduzu hartu duzuna aithortzen, hemen gare ittant batendako!».
Emaztekiak erraiten dio orduan: «Nik dudan guzia, ogi pitta bat dut mokanesaren buruan hartua, ene etxean erakusteko zuen ogia zein den xuria». (Elhurra baino ere xuriago omen zen).
«—Nor nahiri gerthatzen ahal den gauza da hori. Bainan, gure etxetik ez da deusik erematen ahal. Hortakotz, othoi, behar dautazu ogi hori itzuli, zeren ez duen nihork gure gauzarik ikusi behar sekulan».
Gure emaztekiak itzultzen dio beraz ogia, eta berehala, makilarekin kaxk jo orduko, idekitzen da ura eta baztertzen.
Hainbertzenarekin, suntsitu zen Lamina...
* * *
Gaazetxeko emazteki gaixoak harat hunata irabazi zuen gau hartan; ezen, bidean heldu zelarik, bere berrogoi eta hamar liberak ere suntsitu omen zitzaizkon sakelan!
Horra zertako xuxen ez dakigun, oraiko egunean oraino, Laminak nolakoak diren, zertaz bizi diren eta nolako bizitegietan.
|