www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lora sorta espirituala
Pedro Antonio Añibarro
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lora sorta espirituala, ta propositu santuac vicitza barri bat egiteco, Pedro Antonio Añibarro. La Lama, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTKARREN LOREA

 

        Boskarren lorea izan bedi, eldu zaitezeela lasterren konfesiño santuko garbi-tegira; jausten bazara argaltasunez bekatu ilkor, eriotzko, edo mortalean. Egizue oi dabena basauntzak, zeñek ikusten danean eriotzturik, ta zaoriturik, bertati arin egiten dau iturriko urera, anditu eztidin geiago zaoria. Egizue oi dabena muskerrak, zein edendu dabenean sugeak bere izpiaz, bereala karra-egiten dau kardoaren latztasunaz odol edendua ateretera.

        Egizue, oi dozuena, gaisorik etxuten zareanean. Esaizue: ezteutsazue bertatik deituten medikuari? Bai, ze bestela, diñozue, indar, ta su andia artuko leukela zuen gatxak. Eta zer besterik, uste dozue, jazoko litekela zuen arimetan? Eztakutsue au ondo sarri askotan? Erraz da, llaga, edo zaori bat egi-parria danean osatutea, baña gero nekez, belu, ta gatx; beste onenbeste jazo oi da arimeko gatxetan.

        Zer bada orain? Orren ardura andikoak izanik gorputzeko gatxetan, bakarrik izango zara nagi nasaiak arimearentzat? Gorputza sendatute arren, pagetan dozue mediku osagillea, ta iruntsiten dozuez min andiak, ta edari garratzak; eta barriz, eukirik askozaz galdu gaisoagorik arimea, doarik osagillak, ta osagarri bigunak, orren gogorrak izango zara beragaz? Sinismen apurrik badozue? Bazauzue, idoroten zareala Jangoikoaren arerio eginik? Betiko galdu, ta ondatuteko zorian zagozela?

        Bakizue, zer dan, kondenetea betiraun guztiko? Gogoratu dozue, zer dan, Jesusen laguntzatik erbesteturik egotea; betiko infernutarra, deabruen auzo, ta arerio gogor onen serbitzari, ta men-pekoa izatea? Bururatu dozue, zer dan, erretan egotea infernuko karobi sutuan Jangoikoa Jangoikoa dan artean; prixidu, ta kiskaldutea gorputz, ta arima ango txingar gori, su, ta garrean, zeinen aldean eztauke zer ikusi munduko karobi exetuenak, ez Babiloniako laba gori famatuak, ez metal gorizko zezenak, ez mundua danik asmau dirian nekaldi arrigarrienak? Arima maiteak Jesusegan, gizon ta emakume delikaduak sentikorrak, ta su-txatar bat eskura jausirik, negar-anpulluak begietara ateretan deutsuezanak; arimak, zelan lo-egiten dozue?

        Zelan lo, jan, edan, ibilli, ta ain pozik bizi zara, egonik bekatu mortalean? Egongo ziñateke eskegirik torre altu baterik firu-albiñu mee erbal batetik? Zeuroen bizitzea baño ze ari meagorik, izan arren zuek gazte sendo indartsuenak? Eztakutsue egunean egunean zeuroen begiakaz?

        Aztu daiguzan atxinako jazoerak. Zelan eztakartzuez gogora, arako zeuroen lagunak, arako adiskidak, zentzuekaz, ezta denpora asko, berba egiten zenduela, ta zuekaz paseetan urteten ebela? Esan orain: zer egintzan eureekaz, ta non dira orain? Etzirian ill, indartsuak izan arren? Begira bada orain, nogiño elduten dan zuen itsutasuna, bada bildur etzara onenbesten aurrean, ta egonik eskegirik firu argal mee baterik, jausteko, ez torre altu batik, ezpada mundutik infernura. Eta alan zagoze? O! Irazartu zaitezee.

        Ondo galanto berba egin eban Karlos boskarrenak itandu eutsenean bere kapitaiai, ea nor zan munduko gizonik azartuena? Eta entzunik guztien erantzuerak, ixildu zituan dirianak, esanik, ez egoala munduan, bekatu mortalean egonik, bildur-ikara baga bizi zan gizona baño azartuagorik. Nos artean lo egingo dozue? Baldin egia bildurgarri oneek entzunik, irazarten ezpazara, esango dot, eztala ori loa, ezpada eriotzea.

        Jakin, bada, eze, katea bateko gartza, edo elestunak dagozan legez ain alkarturik, non bati tiraturik, onek besteak beraganduten dituan; era onetara, bekatuak alkartu, ta bilduten dira; batak besteari deituten deutso, ta bekatu bati darraio beste batek. Jangoikoaren arerio zagozen artean, aurkitzen zara bere grazia oituar baga; ta graziazko egokeran zengozeela, jausi baziñan bekatuan; zer gertako jatzue grazia baga egonik?

        Zuen ondamendien bildur izango nas beti, argalak legez jausirik bekatuan, zenbat lasterren jagiten ezpazara; aurrerantzean ardura andiago bat ifinten ezpadozue, ez biurtzeko bekatura; ta ezaguturik zuen ezereztasun prestueza, eskatuten ezpadeutsazue Jesus onari, gaur-geiago bekatura ez biurtzeko grazia, eskua, sendotasuna, ta bitartetasuna.

 

aurrekoa hurrengoa