|
EGIN BEAR DANA KOMUNIÑO SANTUAREN ONDOAN
Ez eban alperrik esan Jesusek berak beragatik, janaria zala. Nire aragia, ziñoan, da egia guztiaz janaria. Oartuten deusku, alegin guztia egin bear dogula bere graziaz bitartez, ondo egosi edo dijerietako. Janaria osasuntsuenak, ondo egosten ezpada, on gitxi edo bapere egiten ezteutso jaten dabenari. Ain bertute andikoa da sakramentu santu au, eze, bein ondo artutea, izan bear leuke asko, gareanok santu egiteko. Mirari arrigarriak jazoten zirian elex barria zanean. Ete dau orain bertute gitxiago? Ez; ezpada geienetan ezkara lenengo kristiñauaren antzera prestatuten komuniño aurrean, ta komulgatu ezkero. Eta asko, janari santu au jatea, ondo egosi edo dijeridu bear da, berotasun zeruzkoaz artu ezkero. Modua da au: itxi ta zarratuten dan legez kontxea, zeruko iñontza artu ezkero, intz tantakaz perlak bere barruan sortuteko; era onetara arimeak artu ezkero iñontz zeruzko au, zarratu bear da bere bakarrean, ta bertan ondo gogotu, nor zarratu daben bere biotzean; ze mesede miragarria egin deutsan Jaunak; ta onetarik erne ta biztuko dirian afekto ta gogarte santuakaz, zeintzuk erexegingo ditu Jesus berak, egosten da ederto janari zeruzko au. Orretarako:
Gauza guztien aurrean, aztu egizue, dozuen ekandu deungea askok, iges egitea elexatik komulgau ta bertatik. Zer esango leuke herejeak au alan zuekaz ikusiko balebe? Uste izango leuke, euren ustekoak ta sinisten etzenduela Jesusen egote egiazkoa sakramentu onetan. Egiaz: eztator ondo sinismen au, ta bestetik alako lotsari ezaina. Egingo zenduke alan lurreko Errege bategaz? Kontu egizue, sartu jatzuela zeuroen etxe barruan; itxiko zenduke bakarrik? Ibilliko zintekee eskas ta urri beragaz? Ta alan balitz, ze mesede itxadon ziñeikee beraganik, izan arren Erregerik prestu esku zabalena? Aramen errazoietatik bat, zegaitik frutu apurrik ateretan eztozuen ainbeste komuniñotik.
Euki daizuen zetan emon komuniño bakotxean, oraintxe emongo deutsuedaz gogarte, edo meditaziño labur batzuk; ez guztiak beingoan batera egiteko, bai zeuroen komuniñoetan zatika ta aldizka eukiteko. Eta artu egizue adibideau gogoan, eta da: ez dozuela bata bestearen jarraian joan bearra; ezpada, ekin egiozue sarriago, ondoen berotuten zaituenari, edo deboziño geiagora zakartzenari. Erleak estabiltz bestebaga lora batik bestera, doaz nai ta geratuten dira, non ezti-gaia ondoen arkituten daben. Izan bedi bada.
Lenengo gogarte, edo meditaziñoa. Gogoratu egizue, ze arin, ze prest, ta ze deboziño andiaz joan zirian Jesus jaioparria adoretara Belengo arzaitxo pobreak, angeruak barri on au emon eutsenean. Ze amore, erreberenzia, ta humiltasunaz etxun zirian bere oñetan; mun egingo eutsezan, busti euren begietako negarrakaz, gurari andiaz berari opa ta eskiñiteko euren biotz maiteak. Orain bada: Jesus berbera, Belenen jaio zana, artu dozue zeuroen bularrean. Biztu bada fedea, ta erago arzai aen antzera, al daizuen gogo guztiaz humiltasun, amoreko egikaiak.
Baña ezteritxat au asko; oraindiño jatsi bear zara gauza bakarretara; esaterako; maitetu pobrezea, beartasuna, ta bakartasuna. Pobre beartsuak bazara, eroatera pazienziaz. Aberatsak bazara, askatu biotza lurreko ondasunetatik, josirik euki baga emeko gauzai; luzeturik eskua, besteen premiñak betetako; gogoan eukirik san Juanek diurautsuena; eztabela balio aozko errukitasunak, eskuak laguntzen ezpadeutse. Bada zer balio dau, diño Santiagok, esatea ao gozo laban bategaz bearturik ta premiñaturik dagoan bati: ea, zoaz, berotu zaite, erremedia zaite, ezerbere emoten ezpadeutsazue? Kontu bestetik, ez iñori ezetan kalterik txikiena egiteaz. Propondu egizue jarraitutea pazienzian, eroanik Jesusen amorea gaitik, onetan, edo atan jazoten jatxazuezan nekeak, despazenziak, gaisotasunak, irainak. Egizuez propositu banak ta bakarrak, irabazteko bearrago dozuen bertutea, edo azpituteko gerrarik andiena egiten deutsuen bizio gaistoa.
Sekula geratu etzaiteze beingoan igaroten dan azalezko deboziñoan. Ez eta gogo guztirokoetan, izateko humillak, pazienzia dunak. Alan erabagitea andizka, izatea humildeak, ez jaku gatx egiten. Nekea ta ondo andia dago, gertaldi bakarretan ta gora bera nekezkoetan humiltasunau euki ta erakustean; ta auxe da balio dabena. Zer balioko deutso presona bati, martirioa, ta purgatorioa bera igarotera opa ta eskiñitea Jesusen amorez, arik laster dollorturik makurtuten bada edozein pasiño txikiaren azpira? Berbatxo batek itxiten badau iraindurik ta soberbiaturik? Neuk daukat milla bider neure errukia; ta negar egin bear neuke, ikusirik, ainbeste promes eder eginik, bapere betetan eztodala. Adibide au euki bear da buruan meditaziño guztietan, ta gogozko oraziñoa egiten ifinten zarean bakotxean. Nik alan egin oi dot; entero beartsua da, ta agaitik gura neunke, josirik geratu zedin zuen biotzetan.
Bigarren gogartea: gomutau, zelan Errege Magoak izarra ikusi, ta argiturik Jangoikoaren graziaz, abia zirian prest ta pozik adoretara Jesus seiñtxoa, largetan zituezala euren erriak etxeak ta ondasunak, aztuten zituela bide luzeak ekazan neke gogor guztiak, ta jenteen zer-esanak. Begira, ze humiltasun andiaz opa deutsezan Jesusi euren biotzak, euren koroiak, urrea, mirrea, inzienso, ta doe estimagarriak. O arimak! andiago da zuen zoriona, bada komuniño santuan, ez bakarrik adoretan dozue Jesus Errege Magoak legez, baita zarratuten dozue or zeuroen biotzetan. Zelan maitetasun andiaz estutu ta laztanduten eztozuez bere oñ ederrak arimeko besoakaz, esanik esposeagaz: idoro dot neure maitea, eutsiko deutsat, ta ezteutsat itxiko. Esan egiozue Jakobgaz: etzaitut, Jauna, largako, bedeinketan enozun artean; neure bekatuak parketan ezteustazuzen artean; arako bizio agintaria goiartuteko, arako bearrago dodan bertutea irabazteko, sendagarriak emoten ezteustazuzen artean.
Ta ez Erregeak, ez Aberatsak ezpazara bere, eskiñiteko koroiak, urrea, opa egiozuez eurok adierazoten dabena. Koroiaren ordez, egotzi egizue Jesusen oñetara griña geiago egiten deutsuen pasiño txarra, milla bider gorrotauten dozuela biotz guztitik. Urrearen ordez, opa egiozue amore benetako bat, ez zatika, ezpada oso osorik biotz guztia; alangoz eze, maite badozue Jesusen ganetik beste gauzarik, ez bedi izan Jesusez kanpora; au da, amau egizue maite izan bear dozuena; baña Jesusegan, Jesus gaitik, Jesusentzat. Aberatsak bazara opa limosnaren bat; ezpadozue zetarik, asmau errukizko gauzaren bat lagun urkoaren onerako, bada asmagilla andia da karidadea.
Mirrearen gomutean faltako etxazuez atsekabak, naibageak, nekeak, ta krutzetxoak, Jesusi eskiñiteko; arako gaisotasuna, arako persekuziñoa, arako eregi eutsuen guzurra, galdu dozuen auzia, ondasuna, senarraren gogortadea, emaztearen muker ta oñoteak, ugazabenak.
Inziensoaren lekuan, eskiñi ordu laurengo oraziño gogozkoa egunean. Berau da Jangoikoaren aurrerako inziensorik estimakizunena. Eta nok egiaz esa lei, eguneango oraziño au ezin euki leiela? Ogeta lau ordu ditu egunak; geiegi eretxiko deusku, batxo arimeari emotea? Zeregiñak dagoz? Eta zer, arimeko salbaziñoko lana zeregiña ezta? zein da berau baño ardurazkoagoa? Baldin salbetan bagara, betiko zorionekoak izango gara, ill arren arrak janik, ta hospitale baten. Kondenetan bagara, oraingo zoriontasun ta pozkari uts laburrak zer balioko deuskuez? O! Eta zelan dan egia, Jeremiasek dirauskun legez, galdurik badago mundua, dala aitutasun ta konsideraziñoaren faltaz!
Orrez geiago, opa egizue Jesusen presenzia, ermuko mana baño balio andiagokoa dana. Beragan ditu gustu zalegarri guztiak; gozotuten ditu neke-bearrak; sendotu gure arimea; argitu gure konzienziako kezka ta dudak; ta egiten dau izan ditezala merezikizun ta balio andikoak gure egitekorik txikienak. O Jesusen presenzia santua! O doe estimagarria! Zelan gurari andiagoaz billatuten etzaitugu? Ibilli zaiteze beti Jesusegan, arraiñak uretan legez. Uretik urteten daben arraiña, laster ilten da; bildur bada, ill etzaiteezan Jesus azturik bazabiltze. Uste izan zeuroen alboan darabiltzuela krutzeaz astundurik; edo daukazuela zueuroen biotzaren erdian. Gogoratu, zerbait esaten deutsuela, ta eranzun egiozue zer edo zer.
Irugarren gogartea: pensatu, ze maitetasun, humiltasun, biotzbera, ta damuagaz, urtuten eban Madaleneak bere biotza, negar andiak emoten zituala bere bekatuakaiti, etxunik humildurik Jesusen oñetan. Gomutau bere egizue, ze gurari erexegiñaz egotziko zan san Pedro Jesusen oñetara, negar egiten bere bekatua, agertu jakanean bizturik. Ea, ez dozue zer joan Jerusalenera, Jesus idoroteko, eztaukezue zer igo zerura; or ortxe zeuroen biotzean daukazue. Arimak! zelan etxuten etzara amorez, ta zeuroen bekatuen dolorez? Negar bada humiltasun, ta esperanza andi bategaz; zatitu an zeuroen taiu guzurrezkoak, zeintzuk dirian zeuroen griña ta bizio txarrak; erabagi egizue Jesusen graziaz, iges egitea onelako ta alako okasiño ta bekatu-bideetatik; artutea au edo beste sendagarria; ateretako sustraitik arako oitura ta ekandu gaistoa; irabaztea bertuteren bat; asteko bizitza barri bat; ta jarraituteko eriotzara artean egite on santuetan.
Bada zer balio deusku kristiñauak izatea fedean, fede bageak bagara ekanduetan? Ori beragaitik izango da gogor garratzagoa gure kondenaziñoa; bada egiaz desonretan dogu gure Jangoikoa, san Pablok diñon legez, ta ezainduten dogu kristiñautasuna; ta zeinbat andiagoak dirian gure sinismena, gure argiak, guk arturiko esker-mesedeak, ta sendagarri errazak, gu erraz salbetako; ainbat andiago ta estuagoak izango dira kontuak, karguak, ta juizioa; ta emetik etorriko da, ikaragarriagoa izatea gure kondenaziño galtzaera ta ondamendia, atxakia, ta eskusa bagea gure bekatua.
Betoz, diño san Pablok, etorri bitez deungero bizi dirianen ganera, Jangoikoaren aserrea, atsekaba, larritasun, ta gogortade guztiak. Baña ara, zer diñoan: betoz diño lenengo judeguen ganera, gero barriz jentil fede bagearen ganean. Baña zegaitik lenago Judeguaren ganean? zerren fedeaz argituago, ta Jangoikoa ganik mesede geiago artu dituan. Eta ara, ezer balio eztau, onelako propositu bakar onak artutea, gero barriz aztu, jaramon ez, ta ez betetea; zerren kunpliten bada, gizon prestu bati emoniko berbea, orrenbeste zor ez jako Jangoikoari? Ta au da bearren doguna.
Laugarren gogartea: gogoratu zelan egoten dan gaiso bat mediku osagillea itxadoten, ta ze luze egiten jakan bere etorrerea. Asmetan daben bakotxean oñatz edo zarata bat, uste dau, medikua datorrela. Ze argiro agertuten deutsazan bere gatxak! Ze arduraz betetan dituan bere esanak! Neure Jesus! bago zu lako medikurik? Jesus zeure izen bera da osasuna. Zelan egonik ni ain gaisorik, ain maskar argaldurik, ez dot zure bisita gozoaren gurari andiagorik? Beste medikuak, milla bider, eurak gura ez izan arren, osasunaren lekuan, eriotzea emon oi dabe; zu neure Jesus! zara ain mediku ta osagilla egiazkoa, eze, berba bategaz, ta gitxiagogaz osatuten zenduzan gatxik gatxeenak. Esan begi arako Ebanjelioko lepradunak, zeñi, esateaz bakarrik: gura dot; garbitu zaite, kendu zeuntsan sarna ats guztia.
Esan begi arako odolezko gatxagaz amabi urtean gaisorik egon zan andra errukigarriak; zeure jaztekoaren magaleko erza ukututea zan asko, guztiz osaturik geldituteko. Zure aoko txuak ekien begiak argituten itsuai. Zure gerizea, zure Berbea zan guztia al ebana. Esateaz bakarrik Lazarori, urten egizu kanpora, usteldurik sepulturan illik etzala, emon zeuntsan bizitzea, ta sendotasuna. Zer kosta jatxun biztutea Naingo alargunaren seme illa? Ukutu bat egin zeuntsan zeure esku bedeinkatuaz bera eroien ill-oeari, esan zeuntsan gazteari, zuri dirautsut, jagi zaite, ta bestebaga biztu ta bizkortu zan. Azkenez; ez dabe mugarik Jesusen mirariak; bere gura izate bategaz sortu zituanari zerua ta lurra, ezin ezer kosta lekikio, egitea, ta ezereztutea gura daben guztia.
Guk orain gure gatxeetan ainbeste desetan badogu medikuaren bisitea, zelan da, idororik gure arimea guztiz gaisoturik, adiña denporan komuniño santura ez eldutea? Zelan komuniño ondoan agertuten eztzeutsaguz argiro ta humiltasunaz gure gatxak? Zelan artuen eztoguz bereala berak emoniko errezeta osagarriak? Bitarik bat; edo illik dago gure fedea, edo maite eztoguz gure arimak. Ta eztakit, zein bietarik dan deungago. Alan bada arimak! agertuten deutsazuezan legez zeuroen gatxak osagilleari, ta artu berak aginduko sendagarriak, eztozue gitxiago egin bear Jesusegaz; bada, zer da, gure arimeko osasuna lain beste, balio dabenik?
Eta zetako da deitutea medikuari, bere errezetak enzun, ta beinbere artuko ezpadira? Jesus maiteak emoten deuskuzan osagarri arimazkoak dira; lenengo gure konfesoreen adibide ta abisu santuak; ta gero, arimetan zabalduten dituan argi, biotz-kisketada, ta dei zeruzkoak, batezbere komuniño santuaren ostean. O arimak! enzun egiozue Jesusi amore ta humiltasunaz; egizue beragaz, egingo zendukena baño obeto mediku bategaz, idororik txito txarrik, bazenkie, emongo leuskizuela egia guztiaz osasuna. Munduko medikuetan, jakintsuak izan arren, ozta fia liteke, baña bai ziur ta duda baga Jesusegan. Gura dozue osatu? dirautsue arako Ebanjelioko perlatikoari legez. Benetan gura badozue, seguru alkanzauko dozue. Nekerik bapere, ez lauziritxo bere kostako ez jatzue osasuna. Ta gaisorik zagoze? O errukizun negargarria!
Boskarren gogartea: eta zelan poztuko liteke esposa bat, bere esposoa luzaro kanpoan leku urrinetan egon ezkero, enzungo baleu, ondasun andiz beterik eldu dala urrengo portura, ta ya ur urrean egoala? Ze poza artuko eleuke? Ze gozotasuna berea gogoraturik ya laster zala? ze maitetasun garbi, ta amorez laztanduko eleuke aurrean ikusirik? Eta zer esan giñei bere alaba bategaitik antxe bertan aurkituko balitz? Ha! Ondo gogoratuten badozue, oneek baño askozaz afekto biziagoak erne ta jaioko dira zuen biotzeetan, Jaunaren graziaz batean.
Bada, ze esposo, ze guraso dago, Jesus baxen gozoagorik, laztanagorik, ta aberatsagorik? Alan, ikusiko zara bearturik esatera Jakob legez, Josepe bere seme maitea ikusi ebanean: pozik orain ilgo nas, bada euki dot zorion ta ditxa, ikusteko zure arpegia neure arimeko begiakaz. Ya esan bearko dozue esposa santeaz: nire maitea niretzat, ta ni neure maitearentzat. Ya dedar egingo dozue Simeon santuaz: orain, Jauna, itxiten dozu bakean zeure serbitzaria; zerren ikusi dabe nire begiak neure salbatzallea. Ta onen ondoren asmauko dozuez zia amorezkoak, esker on, humiltasun, ta konfianzaz betekoak.
Eta auxe komuniño santuko asti au da erarik onena, ez bakarrik mesedeak eskatuteko, bai ta gogorik sendoenak artuteko, ya Jaunaren izenean au edo beste ejerzizio debotoa egiteko, ya oni edo beste bertuteari ekin ta eragoteko, ya alde egiteko arako okasiño dongetik. Eta gauza oneek, esan ezeze, egin bere bear dira. Bada egiaz, eztago gure irabaztea deboziño sentikorrean, ondo eretxi arren; dago bai bearrenez, bertuteetan aurreratutean. Eztia gozoa da, baña ez adiña osasuntsua. Ez egizue bada egin ume txikiak legez, zeintzuei emoten deutsenean euren amak ogi ganean eztia, jan oi dabe ezti gozoa, millisketan dabe ogi gana, ta jan joan danean eztia, ogia botetan deutse txakurrari. Ze erakeria! zeinbat osasuntsuagoa da ogia, eztia baxen? Alan gustuzko zalegarriak irudi arren guri geure egite deboziñozkoak, esaterako komuniñoa, oraziñoa, onen bat euroetarik ateretan ezpadogu gure arimentzat, errazoiaz bildur izan bear gara, onak dirianez gure deboziñoak.
Seigarren gogartea: gogoratu, oraintxe errezibidu dozuen Jesus, dala, zuek aberastutera datorren Errege andi bat. Enda, eskekoak erakusten dituezan legez euren soñeko eten zarrak, euren errukia euki dagien Jaun aberatsak, alan zuek bere erakutsi egiozuez Jesus errukiorrari zeuroen premiñak. Pensau, dala arzai maite ardurazko, ardi galduen billa datorren bat, ez ilteko, bai bere lepo ganean arzai on baten antzera eroateko. Gogotu, dala zuei ikasbiderik oneenak emotera datorren maisu jakintsu bat; abogadu bitarteko bat; bada au ta geiago da zuen Jabe maiteau, zeinegan idoroko dozue pensa alitekean guztia. Eta graziaz batean, zeuroen biotzeetan asmetan dozuezan onelako gogarte santuetan, zagoze astiro komuniño santuaren ostean; gomutaurik, ez dala, berau baño asti ta era oberik, bada berean dozue zeuroen bularretan, ez Jesusen irudina, ezpada Jesus berbera. Zenbat bider enbidiau dozue Marta ta Mariak euki eben zoriona, euren etxe barruan Jesus artuteaz? Simeon santuarena, bere besartean euki ebalako? Eta zer egingo zenduen, onelako era zori onekorik euki izan bazenduen? Egizue orain. Baña adibide bi.
Lenengoa: Norbaitek min dabenean atzean edo edononbere, an, non mina dan, ifinten dau unguentu sendagaia. Arima debotoak ara: komuniño guztiak, len adierazo dodan legez, zuzendu bear dozuez, edo zeuroi kalterik andienak egiten deutsuezan bizio agintariari buru gaistoa ebagitera; edo bearren dozuen bertutea irabaztera. Eta alan, komuniño baterik bestera, propondu ezkero Jaunaren laguntasunaz graziau alkanzetea, bizi zaiteze kontuz bitartean, alan egiteko.
Bigarren adibidea: aurre-bide guztiz andia izango da, zati bitan erdibitutea komuniño baterik bestera dagoan bitartea; emonik lenengo erdia emoten esker onak Jaunari, ta gogo onezko afektoakaz, Jesus sakramentadua oraindiño gure bularrean balego legez, adoretan dogula amore ta erreberenziaz, nosik bein biotz-berba gozoak esaten deutseguzala. Beste denpora erdia urrengo komuniño giñokoa, ondo izango da emotea, eskatuten Jesus berari, bere Ama maitea bitarteko ifinirik, presta daizala gure biotzak bere gorputz beneragarria ondo errezibietako urrengo komuniñoan.
O arimak! esa-lei moduren baten desonretan doguzala zeruzko misterio miragarriok; bada jagi bearrean mai santu onetatik leoi indartsuen antzera, esetsi, goiartu, ta azpituteko era guztiko bizioak, urteten dogu argal, erbal, otz, maskarrak. Suzko txatarrak bota bear gendukezenean, ikusten gara epelak, zer epelak! edurra baño otzagoak. Zori txarreko miraria! Zeruko su guztia euki geure bularrean, ta ez gu erretea. Zer esango dabe hereje adu gaistoko, sinisten eztabenak gure Jesus adoragarriaren egotea sakramentu onetan? Gogortuko dira euren dotrina guzurtietan, deungaro uste izanik, an balego egiaz Jesu Kristoren gorputza, mirari enzuezak gugan ikusiko litekezala; ezin liteken gauzea dala, izan Jangoikozko janari bat, jan ain sarritan, ta idorotea gu ain argalik; izan zeruzko osagarri ezin geiagoan osasun-emollea, gu barriz beti gaisorik. Eta berba baten, izan Jesus errezibietan doguna, ta ez guk maitetasun geiago berari eukitea! Au alan izanik, eztogu zerbait parte izango herejeen itsutasun gogorrean?
Baña ez neure Jesus! ez, geurea da errua, geurea zorigatxa, geurea galtzaerea. Eta zergaitik? Obeto prestetan ezkarealako. Kafarnaun dun beste mirari, etzituan Jesusek egin Nazaret bete errian; ta au zetan ete zegoan? bere erritarrak federik sinismenik ez eukelako. Eztozuz, Jesus, nigan mirariak egiten, epela dalako nire sinistea, ta laburra nire prestaerea; ta oraindiño epelago nago zu errezibidu ezkero. O! iguzu, Jauna, grazia, nos edo nos ondu ta obetu gaitezan. Alan izan dedilla Jesus.
|
|