|
IRUGARREN LOREA
Izan bedi irugarren Lorea libru santuen irakurtza gitxi bat, eta adimentuzko oraziñoa. Ezin bizi liteke jan, ta lo egiten eztaben gorputza. Irakurtza da arimearen janaria, ta bere loa da oraziñoa. Bai; gorputzak artuten daben legez bere deskansua, loa, ta atsegiña igarorik eguneko lan bear nekezkoak; alan arimeak, itxirik alde batera lurreko ardurak, artzen dau bere atsegiña ifinirik oraziñoan Jesusen oñetan; emonik guztia, bere esker mesede muga bageak gogoratuten. Zer gura dozue, bada, beragaz jazo dedin, kentzen badeutsazue bere jatekoa, ta ukatu asti gitxi bat espirituzko egotaldi baterako? Ez esan, astirik ez dozuela onetarako, ta zeregin andiz inguraturik zagozela. Esan: eztozuez idoroten ordu asko, gorputzari jaten emoteko, olgetako, ta zuek gura dozuezan gauzetarako? Eta bakarrik arimarentzat ezta izango ordutxo bat? Zein da lenago, ta zeinek balio dau geiago?
Oraindiño gitxiago eskatuten dot. Ah! Guk egingo bagendu, dendariak, ta jostunak egiten dabena! guztirako legoke denporea ta astia. Ara zelan oneek billatuten dituezan atal-zati enparauak, ta geienetan ostuak, ta eurekaz egiten dituez seintxoen buru txapel politak. Ardura andiaz, bada, gorde egizuez zuek bere eraldi utsak, ta orduan eukiko dozue astia, irakurtza ta oraziñoa emoteko.
Joateko erromeria batera, etzara jagiten bestetan baño ordu bi, edo iru goxago? Eta zeruko erromeriarako ordu bi lenago jagiko etzara? Esazue emakume deungak, idoroten eztozue denporarik asko, irakurri, ta eskribietako papertxo ero zoragarriak zeuroen adiskide maiteai? Eta esango dozue, astirik eztaukezuela, Jesusegaz berba egiteko, bere bizitza, ta pasiñoko mirariak irakurteko? Ez ori; esaizue bai, nagiak zareala, ta onetarako gogorik ez dozuela. O zeinbat arima, nekatzalle artean bere dazaudazan, zuek baño asti gitxiagogaz, idoroten dabenak denporea oraziño, ta Jangoikoaren gauzeetarako!
Gura dozuez adi-bide batzuk onen ganean? Alan izan bedi bada. Ara: lenengo, egin bear dozuena, irakurten asten zareanean, da, jakitean baño, ondo egitean ardura geiago ifini daizuela. Jakintsuak izatea baxen, santuak egitea, geiago gura izan bear dozue; jakituria baxen lenago billatu bear dozue deboziñoa; onelan guztia idoroko dozue; ta bestela, ez bata, ta ez bestea.
Bigarren, artzen dozuenean esku artean librua, uste izan, Jesusek biralduko karta bat irakurtera zoazela. Berau eskribidu daben gizona, eztala ezpada Jesusen sekretario bat, baña Jesus berak eskribidu dabela. Zeruko angeru bategaz biralduko baleutse Jesu Kristok paper bat, ze gozotasun andiaz irakurriko etzeunkee? Irakurri alan, irakurten dozuena.
Irugarren, ez estutu, asko irakurtarren, ezpada irakurten dozuena, ondo iruntsi, ta egostearren. Obe da ondo egostea, eze ez, asko jatea. Lenengoa da osasuntsua, bigarrena barriz kaltetsua, ta asko ill dituana. Kontu bada neure maiteak, adi-bide onegaz; bada bestela, galdu, ta otzitu zan zuen berotasun guztia. Surik andiena egon arren zeuroen suatean, laster ilgo da, ezarten ezpadeutsazue egurra, ta aurretuten ezpadozuez illintiak. Irakurtza da gure arimeko berotasuna biztuten daben egurra; berotuko etzara, irakurten ezpadozue. Batez-bere, Jai-eguna euki bear dozue, korreo eguntzat. Nongoa? Zerukoa. Norena? Jesusena. Aste guztia emoten dozue korreo joan-etorriakaz, Londres giñokoak dozuez; eta zerukoak?
Berein aldats ifinten deuskuzuez, oraziño eukitera, premiñatu gura zaituguzenean! Asko dira, baña ondo txikiak. Aita, nik eztaukat atarako gogorik, ez bururik. Maiteak, Jesus eztabil buru eske, ezpada borondate, ta biotz humil billa. Eldu zaiteze biotz zuzen garbiaz, eze, ganekoa berak emongo deutsue. Beragandu zaiteze, diño profeteak, ta berak argituko zaitue. Bazaudaz andra nekatzalletxo nekor jakinezak, zeñen oraziñoen enbidia beti izangot. Nok irakatsi deutse? Jesusek; zegaz irabazi eben irakaste andiau? Humiltasunaz erago, ekin, ta irauteaz.
Bai, bere berbakuntza gozo zeruzkoak ditu Jesusek arime senpletxoakaz, beragana humiltasun garbiaz eltzen dirianakaz; eta onelako txikertxoai agertzen deutsez, Jakintsu arrotuak euren jakituria guztiaz ezagututen eztituezan zeruzko egiak. Ekin, bada, ta iraun beti humildurik, ta etxunik Jangoikoaren aurrean, egin eban legez arako aita san Iganazio Loiolakoari asto serbitzaritzat opa, ta eskiñi jakon nekatzalle pobrea legez; eta ikusiko dozue, ze oraziño andira jasoko zaituen Jesusek. Alan da, bada; eta nire aita San Buenabenturak esan eutsan legez fr, Gileri: atsotxo sinple ezer eztakian batek amadu lei Jangoikoa, munduan dan gizon jakintsu letradunik dun beste; bada badauko burua, Jesus ametako, eukiko dau beronen obetande miragarriak ikasteko.
Eztozue au beingo batean irabaziko; baña bai denporaz; ezta gitxi, zeinbat lasterren onetara elduteko poza. Irakurten, eskribietan, kontuak ateretan, josten, goruetan, ta kaltzerdiak egiten etzenduen beingoan ikasi; baña geroenez, eurai iñardun, ta ekiñaz, maisu egiñak zagoze. Ze oker egiten etzenduezan lenengo letra, ta goruetak? Orain barriz laster, ta arin eskribietan dozue; eta albora begira, ta baterik bestera adi egon arren, goruetan, ta kaltzerdia egiten dozue. Sarri egiteak dakar erraztasun andi au.
Ume txikiak lenengoan eztakie berez ibilten, baña gero arin ta karra egiten dabe galanto. Txoritxoak bere ezin egaz egin dabe jaioparriak dirianean, gero barriz, erraz dabiltz aidean baterik bestera. Alan arima bati, neke-gatx egin arren asieran oraziñoa, atara emonik ta Jaunaren laguntzaz, erraztasun andia irabazten dau. Eztau logretan? alanbere meritu andia aterako dau; aterako dau humiltasuna, pazienzia, ta ezta au merezimendu gitxia. Santu askogaz au alan egin eban Jesusek; ze asko frutu garratz-minau bekatariok jan bear izatea?
Bestetan barritz, nai dala epeltasuna, nai nagitasuna, nai gogoraziño txarrak, askotan asmauko dozuez, ta pazienzia andia bearko dozue, ez gogaituteko; baña zuek epetasun, humiltasun, ta soseguz irauten badozue oraziñoan, beti zerbait irabaziko dozue. Pazienziaz iraunik, bardin zein bazengoze deboziño beroaz agradauko deutsazue Jesusi; ta Jesuseri gustu emonik zetako dozuez ganeko gauzak? Kontentu bada Jesus, zer doa, zuek ez egotean? Bada ondo dakizue, nai dala oraziñoan, nai beste edozein gauzatan, eztagoala gure zoriontasuna, guk gura doguna egitean, baña bai Jesusen borondatea betetean.
Baña onez-guztiaz artu adi-bide au, eta da, irakurten badakizue, artu daizuela meditaziño, edo gogarteak dituan librutxo bat; jarraitu berean, erleak lorak legez. Ikusten dozue zelan dabillen erle bat egaz lorarik lora; baña eztoa baterik bestera, arik eta ustu artean ango ezti guztia. Eta onetara geratu gogarte bakotxean; eta ez igaro bigarrenera, arik eta ustu artean ango deboziño, ta un gozoa. Darabiltzue baterik bestera gogoa? Irakurri beste zati bat; eta onetara bete oraziñoko denporea. Muleta, edo makillaz baño ibilli ezin dana, ezta orregaitik ibilli baga egoten; jarraitu egiozue bada oraziñoko bideari, arturik irakurtza esku-makillatzat.
Bearbada jazoko jatzue seintxo txikerrena, zeintzuek ezin ibilli dira oñez, ezpada amaren eskutik oraturik; baña gero ikasten dabe berez arin oñez ibilten. Arako zeure adiskida maitearen billlete zoragarriak, amorez itsuturik, irakurten zenduzanean, etzinian ego-taldi ero lotsabagean geratuten? Irakurri egizuez amoreaz Jesusaren finezak; bada oneek berez dakarde zaletutea bere amorio maitegarrira.
Baña irakurten ezpadakizue bere, aramen oraziño egiteko modu eder erraz bat. Kontu egizue, begien aurrean dakutsuela Jesus; edo gogotu gura dozuena; izan bedi v, g, zelan Jesemaniko hortuan emo-eban odolezko izardia; izan bedi, errudun gaisto bat legez lotu ebenean soka, ta kateaz; edo gugatik eroan zituan azote gogor erruki bageak. Esan bada orain; idoro izan baziña an, gogortade oneek igaro, ta iruntsi zituanean Jesus maiteak, etzeuskion zerbait esango? ta etzirian erexegingo bere maitetasunean zeuroen biotzak? Ah! mirarituko ziñian, ikusirik guri euskun amoreak ta ez bestek, igaro-eragiten eutsezala ain neke garratz minak!
Eta ze erruki andia biztuko etzan zuen biotzetan, ikusirik, batetik bere erru-bagetasuna, ta bestetik bere nekaldi gogor latzak? Ze lotsa andia artuko etzenduke, ikusirik Jesusen pazienzia, ta ixiltasuna bere penen erdian; ta zeuroen sufrimentu gitxia neke, ta gatxik txikienean? Ze damu, ta erruki andia artuko etzenduke, gogoraturik, ze garratzak izan zirian Jesusentzat gure pozkari, ta atsegin guzurrezkoak? Ze amorio andia zor jakala, uste izango zendukee onenbeste amore gaitik?
Baña ezta au bakarrik. Uste dot, eze, idoro baziña Jerusalenen orduan, au ezeze, baita etxungo zineala bere oñetara, eurai laztanka; erexegingo zineala bere amorean; bustiko zenduezan begietako negar-ampulluakaz bere oñak; egingo zenduen alegiña bera defendietako; erregutuko zeunzeen borreruai, azotadu ez leiela Jesus ona; eskiñiko sendukeen zeuroen solbardea, beretzat egozan azoteak artzeko; eta au laketu ezik Jesusek edolabere etxungo zinean auspez bere aurrean; batuko zenduen bere odol baliotsua; gorde odol tantak perla estimagarriak legez; ta negarturik, ikusteaz ostiko-peturik, batuko zenduen ardura andiaz, laztanka mun-egin, ta iruntsiko zenduen gozotasunez beteriko edari zeruzkoa legez. Ea bada, maiteak, egizue orain oraziñoan, egingo zenduena, idoro izan baziñee Jerusalenen, Jesus biotzekoak padezidu ebanean.
Artu bere egizue bitarteko au; euki zeuroen eskuetan Santo Kristo bat, begiratu egiozue goitik bera Jesus krutzean josiari; mun egin erreberenzia andiaz bere llagak; estutu zeuroen bular ta besartean amorezko laztanakaz; ta uste izan, bizirik balego legez, berba egiten deutsuela krutzetik, esanik: Semea begira ze amore neurri bagea euki neutsun, ta zuk maite izango enozu? Begira, zenbat kosta jatazan zure bekatuak, ta gurako dozu bekatuari jarraitu? Begira, zenbat humildu nintzan, ze pazienzia andiaz igaro ninduan erru baga gogortaderik mintsuenak; zelan obeditu neban, ta ze maitetasun andia erakutsi neban krutzean josirik ifini ninduenakaz. Arimea, ta au alan izanik, jarraituko eztzeustazu? Esan bada orain, au alan balitz, Jesusek zuei berba egitea, zer egin, ta zer esango zendukee? Ze amore, ta ze damu bizia erexegingo ez liteke zuen biotzetan?
Baña onetan, kalte andiak ekarri ta guztia galdu-erazoten deutse oraziñoa daben askori, daukeen umeen ekandu txar batek. Ara ze bakean, ze moduz dagozan eskola-mutillak euren aurrean dagoan artean maisua; bada oneganik urrindurik, ta eskolatik urtenik, banatu zan guztia; alkar joten dabe, dedar egiten dabe, eztago eurekaz bakerik, batzuk asten dira tronpan, besteak pelotan, besteak zezenka.
Auxe berberau jazoten da arima askogaz; oraziñotik urten da arik laster, otzitu, ta aztuten dabe guztia; baña eleuke alan izan bear, ezpada atera bear leuke oraziñotik, ondoen deritxen konsideraziñotxo bat, barrirotuteko nosik bein, egiten daben legez lora-tegi baten sartzen danak, zeñek beti ateretan dau loratxo bat, betibere usaiñ egiteko. Bestela, or emen darabildenak zabaldurik euren gogoa, nekez beraganduko dira; ta oraziñoko denpora guztia emon bearko dabe bildu ezinik euren almen, ta zenzun deslaituak, dabiltzeen legez guraso asko, batu ezinik jatorduan erri guztitik zabaldurik dabiltzen euren ume deungaro aziak.
Eta oraingiño gura badozuez konsideraziño errazago bi, ibilteko beti Jesusen aurrean, ta gitxiago neketuteko burua; aramen. Gogoratu leku guztietan darraitzula Jesusek, krutze santea lepoan dabela; ta betibere gugananz biurturik, amorezko kexa bategaz dirautsuzala berba oneek: Zer da au bekataria; krutze astuna lepoan dodala zugaitik, noa zure alboan; ta ori baño geiago lagundu, ta jaramongo ezteustazu? Erantzun egiozu: O Jesus maitea, zuri lagundu, ta zure oñai mun-egitea baño, besterik desetan eztau nire arimeak.
Edo uste-izan, dakutzula Jesus, seintxo baten antzera, krutzetxo bat solbardan arturik, pintetan daben legez, lirio, ta eguzki guztiak baño sotilagoa; ta onetan dirautsula: Orra bekataria, non, neure amaren sabelean sortu nintzanak ona, ibilli nintzan krutze onegaz zugatik; eta zuk maite-izango enozu? O Jesus! Nos erexegingo dozu zure amorezko sua nire biotz otzituan; zerren gura eztot ezpada amorioaz erre, ta iltea zugaitik? Zu zabiltz neketurik krutze astunaz nigaitik, zer egiñei, ezpada zuri pozik jarraitzea neure neke, izardi, ta penetan, bada zuk astun-gogorragoak eroan zenduzan nigatik?
Auxe egiten badozue sarritan, ikusiko dozue, zelan Jesusek egiten zaituezan prest, gai, ta aurreratuak oraziñorako, ta bekaturik urrinduteko. Alan prestago, ta zoliago egongo zara gauz on guztietarako; bestela, geratuko zara epeldurik, ta itsalturik, biztaten eztan kandela erexegin bat legez, zeinek, lenengoan argi bizi argitsua emon arren, gero, erdi illik geratuen da, biztuten ezpadabe barriro.
Ezin bada adierazo lei, denpora, ta paper asko emon arren, ze ondasun zorionekoak dakazan, beti gogoan Jesus erabilteak, ta onetan gogarte labur batzuk, ta biotz-dei santuak egiteak; bada dira, zerugiñoko eltzen dirian deiak. Onen bitartez irabaziko dau arima batek, egotea beti adimentuzko oraziñoan, bere lan, ta bear guztietan; ta baldin ordu erdiko astia bere itxiten ezpadeutse bakarrean egoteko bere ardurazko zeregiñak; kitutuko dau onelan, galdu baga orregatik bere bearra, ta denporea.
Ikusi izan izango dozuez andrea pobre batzuk dabiltzela janzirik makina bat atal-zatiz adobaurik dagozan soñekoakaz. Ezagutu bere ezin lei, zein zan lenengo telea. Zati bat da gorria, beste bat zuria, bata baltza, ta besteak urdiñak ta kolore nastukoak. Baña alanbere eztakutsuez, ze berorik, ta ze eskutadurik dabiltzen otzetik? Onelan bada zuek bere egun artean, ta zeuroen era askotako zeregiñetan, jaso betibere Jangoikoagana zuen biotzak, aterarik biotz-berba ta afekto maitegarriak, laburrak bai, baña erexegiñak. Eta arraintxoak jasoten dituezan legez euren buruak ureen artean, alan zuek bere goratu zeuroen arimak Jesus gana, era askotako afekto labur, baña bero exetuakaz, ya amorezkoak, ya humiltasunezkoak. Alan bete ziñeie, zeuroen zeregiñ premiñazkoak eragozten deutsuenean noisbait, oi dozuen oraziñoa; ta onelan aterako dozue, zeuroen lan-bear neke, ta zeregiñak izatea oraziño betiko jarraitu bat legez. Eta sinistu egidazue, eze, gona atal askoz adobauak berotu, ta estalduten daben legez dezenziaz presonea, alan zuen arimea otzituko ezta karidadean; ta gomutaurik, begira jagokala Jangoikoa, gauza guztietan ibilliko da garbiro.
Egizue bada, neure kristiñau maiteak, egiten dabena etxe askotako otseñak, ta serbitzariak, zeintzuk gose dirialako, edo asti gitxi ugazabak emoten deutseelako, oñez dabiltzela jaten dabe bazkaria; ta onelan batzuk eta besteak egiten dabe berea; edo egizue oi dabena denderuak, zeintzuk feria denporan erabatera egiten dabe guztia, saldu, ibilli, berba egin, bear, jan, ta diruak batu. Alantxe zuek bere iñardun ta ekin bearrari, ta oraziñoari; oraziñoari, ta lanari.
Adierazoteko oraziñoak dakartzan on andiak, bear litekez eskribidu libru asko, ta andiak. Baña atarako iru gauzen bearra daukagu, eta dira, denporea, dirua Librugillearentzat, ta jakituria experienziaz; ta onegatik biralduten zaitueguz ama santa Teresak bere bizitzearen ganean atera eban librura. Ni kontentu nas, egia bakar bat zuei esateaz, au da, lozorroak artuko zaituela Jangoikoaren serbizioan, azturik munduko gauzak, atsegin ta egotaldi bat egiten ezpadozue Jesusen oñeetan; gogoraturik edo eriotzea, edo juizio, edo Jesusen pasiño santua. Eta alan, baldin aurreratu gura badozue arimeko gauzetan, ez galdu oraziñoko egokerea. Uste dozue nire esatea dala au? Ez; urte asko da, irakatsi euskula Espiritu Santuaren esposeak esan ebanean: Ni lo natz, baña irazarririk dago nire biotza. Oraziño-lo santuari darraio zur zoli egotea bertuterako.
Bestela jazoko jatzue, oi dabena, bear daben loa artu baga, bear egiten ifinten danari. Ifinten bada irakurten, itxiten jakoz begiak. Asten bada josten, jausten jako burua almo adatxoen ganean, oeko aburdiko ganean legez. Zergaitik alan? Loaren faltea daukelako. Bai, milla burujauste emongo dozue Jesusen serbizioan; nagi epel alperrak urtengo dozue, ta laprast egingo dozue bere lege santuaren bidean, artuten ezpadozue bear dan atsegiña oraziñoan. Gura dozue bada egon irazarririk? Ardura guztiak azturik, gelditu nosik bein, ta egotaldi bat egizue oraziñoko loan; ta onelan Jangoikoaren bitartez, egongo zara irazarriak bere lan santuetan.
Zarratuko dot irakurtzau irudintza eder bategaz. Uste dot, oraziñoa, batezbere gogozkoa, dala bizitza espiritualaren arimea legez. Eta alan emon egidazue gizonik sendo, bizkorrena, ta ikusiko dozue, zelan alderaturik arimea, geratuten dan idulki bat legez illik; ta gai ezta pausu bakar bat emoteko. Hai! bildur izan bear da, ozta pausu bat emongo dabela Jaunaren serbizioan, oraziñotik alderaturik dagoan arima batek. Geiago: aldegiñik arimea gorputzetik, izan arren au len eder politena, geratuten da guztiz ezaina ta ikaragarria. Ha! Zenbat bider au ikusi oi da, oraziñotik aldegiñik dabiltzen arimakaz?
Oraindiño geiago: begira ze laster ustel-kirastuten dan, arima baga gelditu dan, gorputzik sendo indartsuena. Berpetatik asten da emoten usain txarra; betetan da ar atsituz. Eta zer, beste onenbeste jazo eliteke, oraziño santua alde batera largetan daben arimeagaz? Itxirik oraziñoa, ezta asko izango, itxitea, len eukan moduzkotasun, ta berba-egikune ona; ta orra emen; non gitxituten jakan lenago emoten eban usain gozo santua. Ta gauza barria izango da, arik ara eldutea arimau, ardura bagea izatera bere zenzunetan, ta laprast egitera bekatu txiki arinetan? Ta bekatu txikerren ondoan, ze bildurkizuna ezta, bekatu mortalen batek guztia ondatu ez daian? Berein onelako gertaldi errukizunak daukeguz begien aurrean.
Ai Jauna! Arimai dakarkezan zoriontasunak oraziñoak, balekarkez gorputzai; au da: oraziñoagaz arindu, bizkortu, edertu, ta osatuko balira gure gorputzak, gareanok izango gintekez oraziñogillak. Zer egingo ez geunke ez iños atso-aguratuteagaitik? Zer emongo eleukee emakume batzuk, balitz edononbere, euren arpegiak edertu, ta betiko edertasunean iraunerazoko lituan gauza edergillaren bategaitik? Non da bada orain gure fedea, gure sinismena? Maite badogu osasuna, ta gorputz galdukor onen edertasuna; zergaitik egiten eztogu irabaztarren, betiko iraungo daben gure arimeko edertasuna? Eta santuak mantendu ezin baziran bertutean, ez goi-beratu euren arerioak oraziño baga; zelan egin al izango dogu bekatariok?
Zer balio dau esateak, argalak gara? gru geurok kondenetan gara; ta guere eranzute onegaz arpegian emongo deusku Jangoikoak, Ebanjelioko serbitzari alperrari legez; esanik: gizon gaistoa zeure aotik atera dozuzan berbakaz juzgetan zaitut. Badazaugu gure argaltasuna, sendotu, eskudatu, gorde bear giñatekez, emonik oraziñora, sakramentuak sarri ta ondo artuteaz. Osasun gitxikoa dan argala kontuz dabil, alde egiteko gatx egin leioen gauzetatik, ta artuten ditu on egiten deutsen sendagarriak, garratz-minak, ta kostu andikoak izan arren. Dituanak esku artean osdagarri bigun, erraz, ta onak, baldin ilten bada, artuezarren, egotzi begio errua bere buruari.
|
|