|
LAUGARREN LOREA
Opa izan deutsuedan laugarren Loreak, izan bear dau, ardura guztizko bat ifintea, ez jausteko bestebein bekatu txikietan, dala, guzur txikietan, edo murmuraziñoetan, desobedienzietan, inpazienziatan. Onexek dira, arako Espiritu Santuak esaten zituen, arimeko mastui guztia banatu, ta galduten eben azearitxoak. Zorionekoa azi, ta nagusitu baño len, ilten dituena arerio txikiok; erraz da beeratu, goiartu, ta iltea edozein bizio txar bere asieran; baña bein andi eginik, ainbat gatxago. Zuetarik zantarrenak apurtuko ditu amabi otsa-kume jaio-parriak; baña nok zuetarik ilgo dau bat bakarrik, otso nagusia egiten danean?
Txatar batetik biztu zan su exetu andi bat, bearbada txua egozteaz amatauko zan; baña garrak indar andia arturik, gitxi dira erriko auzo guztiak bera ilteko. Jakinuk zagoze, maiteak, eze, asmetan dabenean deabru asmutsuak, arimaren batek erabagi dabela Jesusi jarraitutea, ezteutsala esetsiten gauza andietan. Baki ezteutsala onek ondo urtengo; eta zer egiten dau? Asten da gauza txikietatik, v, g, bekatu arineetatik, esaterako, okasiñotxo bat, berbaldi gitxi bat, adiskidetasun guztiz txarra eztan bat, eldute bat arako etxera, txantxa bat, ta beste onelakoak; eurokaz idigiten dau atea, ta bidea, lapurrak egin oi daben legez, zeintzuk lapurtxo bat biraltzen dabe, eurak baño aurrerago etxean sarturik, ta atea idigirik, nagusiak gero ostutera, ta iltera sartzeko. Kontu bada onetan kristiñau maiteak. Bestela, erreski biziko zara milla urtean, baña kentzen ezpadozuez bekatu benialak, edo arin-txikiak, alper alperrik neketuko zara, ta eztozue atz bat aurreratuko zeruko bidean.
Etikuak bizi dira, ta batzuetan erregaletan dira, baña beti dagoz argal. Zetan ete dago au? Da, euren humore txarrak eragozten deutselako. Alan bekatu txikien humore deungak galarazoten dabe bertutearen aurre-bidea. Ifini egizue hortu baten letxuga landaren arlo danik onena, baña iñurriz betea; ikusiko dozue ze gitxi azten dirian, satsa ta ura ezarri arren. Ara zelan, zantar txikiak izan arren iñurriak, ze kalte andia egiten daben.
Oraindiño geiago miraritu bear zara, ikusi nebanagaz aldi baten gure kolejioan. Gomute dot, ikusi izana igarturik, beste denpora baten bere orri ta lora ederrakaz poztuten ginduzan arbola bat; itandu neban, zelan igartu zan au, ta erakutsi eusten iñurri pilo andi bat ebillela goirik bera, esaten eustela: oneek onexek txiki pildinok, aita, galtzen dabe arbolea. Jangoiko santua! dedar egiten dot gogoratuten jatan bakotxean gertaldi au; arerio ain pitin ezetakoak maskartuten badituez aretxik sendoenak, zelan azi litekez bertute argal meak, esetsiten badeutsee bekatu benialak? Emen dakusku, ze errazoi andia eukan esposo santuak, aginduteko bere esposeari, ill egizala len esan nituen azearitxo txikerrak.
Baña nik orain bakarrik berba egiten dot, geuk egin oi doguzan bekatu txiki ekanduzkoa kaitik; ez argaltasun ta borondate oso baga jazoten jakuzenakaitik; ezpada guk gura dogula, gure borondatez, ondo begiratuaz, ta ezer ezpalitz legez, esanik guzur txantxetako bat, murmuraziño gitxi bat, ta epetasun andiaz esaten dala; ea, onegaitik iñor eztoa infernura. Ai neure Jesus! dirudi, onelakoak bakarrik daukela kondenetako bildurra, ez zu sentimentuz betetearena, ez zu iraindutearena. Zer egingo ete leuke, bekatu mortalak ezpalekar betiko erretea infernuan? Sartu begie eskua bularrean, ta eranzun begie argiro.
Baña goazan aurrera; bakarrik bada orain berba egiten dot arako oitura txarreko ekanduzko bekatu beniala kaitik, ta dirudienean, eztaukala batek emendetako borondaterik. Bai, ze beste bekatu txiki argaltasunez, edo bearbada premiñaturik legez egin oi dituezanak egiazko arima onak bere; oneekaitik diñot: baldin jausi ta laster damututen bajake, ta artzen badabe gogoa, aurrerantzean ez jausteko, ezta zer bildur asko izan onelako arimakaitik.
Hortulauak euren hortuan ateretan dituezan bedar txarrakaz egiten dabe sats ona. Alan egiazko arima debotak ateretan dabe onik asko euren falta txikienetatik, edo dala negarrez ustelduaz, edo damu erexegiñaz erreteaz. Balio dabe, diñot, dala humilduteko, dala Jaunaren serbizioan ardurazkoagoak aurrantzean izateko, eurak eureetan ez fietako, itxaromen geiago Jesusegan ifinteko, ta biztuteko gugan erakusten daben maitetasuna, ikusirik ain errukitasun bigunaz sufrietan gaituzala.
Azkenez, esango dot Espiritu Santuaz: Unguentuaren usaiñ ona galtzen dabela, unguentuan bertan ilten dirian euliak. Orain esango dot neure aita maite san Franzisko Salesgaz: kalte gitxi egiten daben legez balsamuan, eldu bat egin ta bertatik iges egiten daben euliak, alan kalte gitxi egiten dau ariman, jausi ta bereala gorrotauten danean bekatu beniala; baña jausi balsamuan, ta bertan ill ta usteldu dan euliak galduten deutsan legez usaiñ ona; era onetara ekanduzko bekatu beniala galarazoten dabe deboziñoa. Arrak ta aranzak soloan itoten dabe frtua, baña gordegillak dira ifinten badira esian. Zenbat arimetara sartuko liteke soberbia amurratua, uts txikiak adierazoko ezpaleutse euren ezereztasun argala, ta emongo ezpaleutse humilduteko bidea? Ezaguera onek zarratuten deutso atea arerioari, sartu eztidin. Laprastute txiker bategaz, alde egiten dau batek menturaz jauste andi bat. Dakus bide txarra, ta kontuz dabil. Alan.
Baña arinak izan arren, gatx gitxitzat eukiko dozuez bekatu benialak? O! ta ze bestela gogoratuten dozuen, zeuroen adiskide mesedetu batek egiten deutsuenean esker-bagetasun txikien bat! Etzara orduan gogaitu, sumindu, ta aserratuten, esker gaisto andiak beilitzen legez?
Sinistu egidazue, oraziño, ejerzizio, ta deboziño guztiak baño, obe dala, bekatu txikietan ez jausteko, ardura alegiñezkoa ifintea. Eztozue eukiko zorakeritzat, asko errezetea, barau luzeak egitea, ta au guztiaz, ardura baga bekatu benialetan jaustea? Zer esango zenduke dama bategaitik, bitxiz, loraz, ta apaindura ederrez galantuko balitz, baña jazteko zar eten atsitu baten ganean? Berein barre egingo zenduke; erotzat eukiko zenduke; ta esango zeuskioke: urlia, jazteko loi bitxitu guztiori baxen, obe zenduke soñeko leun garbi bat.
Onetan artu bear dozue, Maria santisima amarik maite, ta irakaslerik onenak irakasten deutsuena. Ara zer diñoan beronegaitik Dabid santuak: Egoan Erregiña Erregearen eskoatara urre-gorrizko jaztekoaz, zein zegoan bitxiz ederturik; begira zelan dagoan; lenengo jazten dau zeruko Erregiñak urre-gorrizko soñekoa; gero barriz ifinten ditu bere ganean apaindura politak. Auxe da egin bear dozuena zuek bere; janzi zaiteze karidadezko soñeko zuriagaz, alde egizuez bekaturik txikieneak; ta onen ondoan datoz galanto oraziño ta deboziñoak.
Baña ez uste izan, diñodala orregaitik, ikaratu bear zareala, jausten zareanean uts egite arinetan; au litzateke, aztutea, argalak, ta geldo prestuezak zareala. Nor zeñatu, ta miraritu da iños, ikustea gaitik, lurrean jausten ume txiki bat, edo austen bideriozko ontzi argal me bat?
Gogoratu bear dozue, seintxo txikiak zareala oraindiño bertutean. Etzara ikaratu bear, eztozue gogaitu bear, jausten zareanean gatx biziozkoen baten; ezta au osagarria, ezpada humildutea, damututea, Jesus gana konfianza osoaz eldutea, ta aurrerantzean ardura andiagoaz bizitea.
Onexek dira atera bear dozuezan frutuak zeuroen falta txikietatik, ta orduan jazoko da, san Pablok diñoana: Jangoikoa maite dabenai, guztia onean biurtuten jakeela. Bai, falta txiki oneek, berez deungak izan arren, dira arimeen onerako; bada dakardez humiltasuna, ta len esan dodazan probetxuak. Erleak lupetz loien balia dira, euren eztiabia gozoak egiteko. O ze maisu egille miragarria dan gure Jesus! bada gure gatxetatik bere ateretan dituz onak.
|
|