|
KOMUNIÑO SANTUKO PRESTAEREA
Lenengo prestaerea: garbitu egizuez zeuroen arimak konfesiño on, humill, damuzko, ta benetako bategaz; erabagiten dozuela, Jesusen graziaz, gogo sendo bategaz bizitza barri bat artutea, ez erdizka, ezpada osoro.
Bigarren prestaerea: Fede bizi bategaz sinistu komuniño santuko sakramentuaren anditasun miragarrian. Sinismen baga pausurik aurreratuko eztozue; bera da argi zuzengillea.
Irugarren prestaerea: Biztu Jesusen graziaz batera, Jesus sakramentadu beraganako maitetasun andi erexegin bat. Amore au da ezteguko apaindura edergarria. Eta zelan nei nik ori, diraustazue? Ara: nola ezin euki giñei amore au, Jesusek berak emoten ezpadeusku, berari lenengo eskatu bear deutsazue; eta bada emoten deutsue bere gorputza ta dan guztia, ta onetarako aginduten deutsue, amoreaz presta zaiteela, eskatu egiozue, arren ukatu ezteizuela, berak ainbeste deseatu, ta zuek ainbeste gura dozuen doe estimagarrien au.
Geiago: gogoratu egizue ondo, Jesusek erakusten deutsuen maitetasun muga bagea zeruzko mai santu orretan. Ah! ziñoan san Juan Krisostomok, ama maite batek erakusteko bere amore andia, azten dau bere umetxo laztana bere bularreko ugatzagaz; eta idoroten dira ama asko, diño santuak berak, neke gitxi au artutezarren, emoten dituenak azteko euren seintxoak beste andra iñudeai. Baña o neure biotzeko Jesus! Zuk gugaz egin oi dozu alakorik? O, zati bat ezeze, zarean guztiori emoten zatxakuz, gorputza, odola, arimea, Jangoikotasuna. Eta mesede neurri-baga ori bakarrik egin ete zeuskun txikitan? Ez, ezpada bizitza guztian. Eta oraindiño geiago dana, Ai, izan arren bere gu milla bider esker-baga gaisto okerrak, baldin humildurik, ta damuturik elduten bagara, amorez beterik zatorkuz. Neure Jesus: balitz zu etortea arima garbi ta serafinen antzera amorez erexeginetara, ontzat igaro litekela dirudi; baña Jaun andia, zelan daroazu ontzat ni, ta nilako billau prestuez ta kriatura zantarren biotz, ta bularretara etortea?
Begira, zor baiako amorea; ta premiñaturik bazagoze egiteko alegiña berau irabazteko. Amoreaz amorea pagetan bada, ta alan egiten badozue, mesederen bat egiten deutsuenagaz, zelakoa izan bear da zuena, komulgetan zarean bakotxean? Errege batek konbidauko bazinduez bere maira; berak bere eskuakaz platera egin; ta geiago dana; berak bere gorputz zati bategaz prestauko baleu janaria; nor mirarituko ez liteke? Orra bada au eginik Jesus Erregeen Erregea gaitik. Ze maitetasun andia, bada zor ezteutsazue?
Atera egizuez, bada, zeuroen biotz zitelak, baldin maite badabe, Jesusek gorroto daben gauzarik. Eta baldin, opa ezpadeutsazue Jesusi amore guztia, esatera niñoian san Pablogaz; ta zegaitik esan bearko eztot egiaz? norbaitek maite ezpadau geure Jesu Kristo Jauna, altareko sakramentu santuan, diñot orain nik; madarikatua izan bedi. Betor Jangoikoa bera juzgetara, azalduten dau Duamelek, maitetasun au da geien Jangoikoak eskatuten deuskuna, ez bere bearrik dabelako; bai, bera dalako prestamenturik bearrena, sakramentu santu onen frutu ugariak errezibietako. Orregaitik arako atxinako mana Zeru-janaria, onen irudia, gordeten zan urre-gorrizko utxa baten. Urre-gorria da karidadearen irudintza; berau irabaztarren ifini bear dogu alegin ardurazkoena, Jesusen graziaz batera.
Bai; baña amore sendo egiazko bat; ez lastozko suaren antzekoa, zein ain laster da garra, zein ketan amatau itoa. Zer balio dau negar anpullutxo bi ezartea, ta arik laster lengo zitelkerietara biurtzea? Ez. Biztu bear dogu amore oso eragin-gille bat, mugietan gaituena Jangoikoaren legea gordetara; bekaturik txikienari gorroto andi bat artutera; Jesusen borondatea geurea beeratu ta azpitutera; gurari bizi bategaz berari gustu emon, ta bere bertute amagarriak jarraitutera; benik bein humiltasuna, pazienzia, garbitasuna ta guztien ganean karidadea, bertute guztien Erregiña, baña ez aozkoa, ezpada eskuz ta egitezkoa.
Eztiñot, sakramentu santu onek egingo gaituela illezkorrak edo iños ilgo ezkareanak, baña zorigatx andi ezaina da, ez beste bein gaisotuteko ardurarik ez artzea; orain santututen doguz geure miñak Jesusen gorputz santua berean ifiniaz, ta arik laster odoltu, ta ezainduten doguz miñok, bein murmuraziño ta esaka gaistoakaz, beste bein berba loiakaz, biaroakaz. Baña nos artean alan egingo dogu? Biurtu gaitezan lengo firu albiñua artutera.
Laugarren prestaerea: Komulgetara joan baño len, badakutsue daukezuela gorroto ta ikusi ezin txikienen bat personaren bategaz, edo joan bertati beragaz baketu, ta adiskidetutera, edo aserraldi andia ezpada, artu asmo sendo bat, lenengo era danean, au egiteko, emonik amore fin baten señale adigarriak. Zerren, doerik artu gura ezpadau Jesusek arerioturik dagoanen eskutik; ta agindurik badauko Ebanjelio santuan; Altarearen oñeetan dagoana doeak eskiñiten, baldin gomuten bada, arerioturik dagoala iñogaz, antxe itxirik doea, edo ofrendea len bait len bakeak egitera arerioagaz; ze deungerotzat eroango eztau, amore baga eldu gaitezala amorezko sakramentura?
Au adierazo ta irakasteko dispondu eban sakramentu onen geia izan zedilla ogia, ta ardaoa. Ogia egiten da gariagaz, baña oñetarako gari garauak alkar batu bear dira. Eioten da, eralgi, alderatu zaia, garau baten uruna bilduten da bestenagaz, oratu, ta gorputz bat egiten da. Alan alde batera bota bear dira aserre ta gorrotozko zaiak, ta alkartu arimak maitetasunean, gustetako sakramentu onetako gozotasun, ta ondasunezko iturriak. Bardin ikusiko dozue, egiten dala, mats garau irazietatik ateretan dan ardaoagaz.
Baña berba bat; eta da, eztala bardin, asmetea batek bere arteko griña edo inklinaziño txar karidadearen kontrakoa, zein karidadean uts egitea. Baldin, gomutaurik Jesuen maitetasun prest gozoa guri parketako, kentzera egiten badau bere griña, mugida edo mobimentu txarra, ta eskatuten badeutso Jaunari, gozotu ta beraatu daiola bere biotza, ta orrez geiago, txera onean ondo portetan bada esatez, ta egitez bere arerioaz; eztau orregaitik uts egiten, berari jatorkan premiñari. Alogera gitxiago zor ezjake marinelai, ekatx ta axearen kontra itxasoan doazanean. Griña, ta naigura deungak ezirik Jaunaren graziaz, eztabe gitxituten meritu ta bear-saria; geiagotu bai. Eta orregaitik itxi euskuzan bateo santuan, kendu al izanik. Dira urrezko merezimentu asko atera geinkezan mina edo meatzea. Alan balia zirian santuak Jesusen graziaz, ta bardin guk egin giñei.
Boskarren prestaerea: Humiltasun andi bat, baña ez konfianza gitxiago. Dira Jesus gana egaz egiteko ego biak. Egaztirik bizkorrena, baldin ego bakar bat osorik, ta bestea ausirik badauko, ozta jagiko da lurretik; baña egaztirik txikienak bere ego biak osorik ta ondo lumaturik baditu, kanta ederka igoten dau kanpantorrerik altuen ganera. Oraintxe mirarituten nas, ikusirik, ze erraz ta bizkor egaz egiten daben, auxe eskribietan nagoala, emen dabiltzen euli txiki gogaikarriak. Ha neure Jangoikoa! kriatura guztiakaz irakatsi ta biztuten nozu. Eulitxo pitinok alan egaz egiten badabe, zelan egaz egingo dabe zure arime maiteak humiltasun, ta konfianzako ego biakaz, zure graziaz lumaturik?
Mugitu zaitezen humiltasunera, eskatu ezkero Jangoiko doe guztien emolleari, biztu egizuez gogarte bi oneek. Lenengo: Jangoiko sakramentaduaren anditasun adoragarria. Bigarren: zuen txikitasun, ezereztasun ta billautasun prestueza. Humiltasun onetara egiteko, egun aurretik emon zaiteze gauza humillak egitera, edo dala, lurra mun egitea, besoak zabalik belauniko, edo buruz auspaz lurrean etxunik ifintea, kolpeak zeuroen bularrean jotea; edo uste izan, oñak mun egiten zogozela gorrotoren bat deutsazuen personaren bati; edo bisitau hospitaleko gaisoren bat. Ez geratu bakarrik gogozko humiltasunean. Erraz ifinten gara, gogoz baño ezpada, danik txikienen oñetan; baña atzerapena, eurtada, ta aldats eskergak asmetan ditu gurezko amore ta askogureak, au egiteko gure bardin bategaz biztuteko konfianza andi egiazko bat Jesusegan, gogoratu egizue, bere ontasun ezin geiagoan andian, ta ez bakarrik geratu zala sakramentu santuan arime garbientzat, baita egiaz beragana biurtuten dirian bekataririk andienentzat.
Seigarren prestaerea: egun aurretik nekegarri gitxi bat egin. Atxinako bildots pazkoetakoa (oraingo sakramentuaren irudinza), jan oi zan letxuga edo urraza garratz-minakaz nasturik. Prestaurik arimea nekaldi ta penitenzia gitxi batzukaz, obeto abiatuten da, gozotasun geiago idoroten dau, ta on geiago egiten deutso zeruko janari miragarri onek. Enago gauz andien eske; baña edolabere auxe egizue: itxi jan baga gauza zalegarriren bat, edo laburtu afaria. Premiñaturik dagozanak gura ta gurez labur egitera, auxe berau borondate pozaz eroanik, izango da Jesusen aurrerako nekegarri, ta prestaerea agradu andikoa. Era onetara asmau egizuez beste penitenzia txiki batzuk, bada eginik borondate onagaz, andiak izango dira Jangoikoaren begietan.
Zazpigarren prestamentua: eta da, albaitenez, beinbere joan etzaitezeela komulgetara, konfesau, ta bertatik. Premiña andiren bat ezpadozue, zagoze asti gitxi baten, gogoratuten, zetara, ta zer errezibietan zoazen; ta orduantxe da ordurik onena, gomutetako Jaunaren anditasunean, ta egiten deutsuen mesede andian. Ez gitxiago biztu bear dozue zeuroen ezereztasuna, ateretako emetik esker onak, humiltasuna, amore erexegiña. Gero eldu arrotasun ta baneria baga; kontu onetan; bada ezain ta dongero dirudi, erakutsirik Jesus ain humill sakramentu onetan, beragandutea goituraz ta andiustez arroturik gu autsa ta lurra baño ezkarean kriatura bekatuaz astunduak. Allega zaiteze altarera astiro, ta moduz, zeuroen Jangoikoa errezibietara. Baña konbeni bajatzuez prestaera oneek, komuniño aurretik; eztira beeartsu-ezagoak emotera noatzuezan adibideak komuniño osterako. Goazan bada.
|
|