www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lora sorta espirituala
Pedro Antonio Añibarro
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Lora sorta espirituala, ta propositu santuac vicitza barri bat egiteco, Pedro Antonio Añibarro. La Lama, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN LOREA

 

        Bigarren lorea izango da, sarritan, ta deboziñoaz konfesatu, ta komulgetea. Diñot deboziñoaz, bada zetako da sarri konfesetea, deboziño bizi egiazkoaz egiten ezpada? Egiaz, askotan konfesetea, ta lenagoko bekatu andietara biurtzea, erakusgarri da, uste-izateko, uts guzurrezkoak diriala konfesiñoak. Bada iños ez ondu, ta ez obetuteak, adietan emoten dau, egiazkoa eztala biotz-damua, ta benetakoa eztala propositua; ta eurok baga utsa da konfesiñoa.

        Kontu bada zuek,beti zabiltzenok iños ondu baga, beti sarturik, ta zarturik ekandu gaistoetan, dana dala bekatua, nai dala mandamentu onen edo bestearen kontra, beti gora ta bera, bein jausi, beste bein jagi, nosbait jagiten bazara; kontu, diñot, zuek, bekatuzko okasiño galgarrietan buruz sarturik zagozanok; ta ameneko sarriturik sakramentu santuak, debotoen paper polita egin oi dozuenok; baña eztozuez zorrak kitutzen, ezteutsazube jabeari biurtuten gauza ostua, ez osotu besteari kendu zeuntzen famea. Zetako ain argiro guzurtu, ta engañetan zara? Ezer balio eztau biurtuko dot otz batek, sekula biurtzen ezpada. Benetakoak balira proposituak, eurok betetako alegiñak egingo litekez. Laburtuko litekez gastu kostotsuak, gitxitu larregia soñean, janean, jokoan, bisitan, kuartelean, otseiñ alperretan. Egiten da au? Baita bearbere; bai askotan jarraituten dira bere oñean, gerorik gero andiagotuten ezpadira.

        Eta ikusi arren, onela jarraituaz, zorrak pagatu bearrean, geirik geira doazala zor barriak, orregaitik bizi da kezka baga soseguz. Sarri ta ondo sarri enzuten da pulpituetatik san Agustinen sentenzia erabagia: Ezta parketan bekatua, ezpada biurtzen gauza ostua. Uts guzurti prestueza da, egiten daben penitenzia, aldaiela, biurtzen eztabenak zorrai eranzutea. Enzuten da, baña jaramoten ezta. Zer esan oi dozue zuek, besteren batek zeurok iraindurik, biurtzen ezteutsuenean onrea? Dedar egiten dozue, alakoak engañetan dabela konfesorea, deungaro konfesetan dala. Biurtu egizue orain barrukoaz kanpora soñekoa. Zegaitik auxe berau eztozue zeurok gaitik uste izaten? Jangoikoaren legea bat bardiña ezta guztientzat? Nos edo nos irazarri zaiteze, ta zabaldu egizuez begiak ikusteko zeuroen pelligruzko ondamendia.

        Bekatuak benial arin txikiak, ez egizuez itxi konfesazaga euren damu andiaz; bada arinak izan arren berez, astun pisutsuak dira Jangoikuaren aurrean, zerren diran bere ontasun maitegarriaren kontra egiñak. Ez izan ume txikiak legez, zeintzuei euren amak arpegia garbitu, ta arik laster zikindu ta loituten dira barriro. Eztakutsue au askotan zeuroen etxeetan? Eta au jazo dedin, gura dozue, zeuroen konzienzietan? Seintxo espiritualak zara.

        Ondo konfeesetako, artu, lora onen iru orri diran, iru adi-bideok. Lenengoa, esamina, edo konzienziako billakuntzaren ondoan, emon daizuela ordu lauren bat, gogoratuten Jesusen ontasun, esker, ta mesede andiak, ta zeuroen esker-bagetasun, ta billautasun prestueza; biztuteko oneen gomuteaz bekatuen damu, ta gorroto egiazko bat.

        Bigarren. Konfesetara zoazen guztian, uste izatea, bearbada auxe izango dala zuen azkenengo konfesiñoa. Bein, edo bein izango da atzerengoa, baña nok segurutuko deusku, zein izango dan? Enda zelan konfesatuko ziñateke, bazengoze eriotzako ordu larri birldurgarrian, kandela erexegiña eskuan, ill-jantzia aburdikoan, ta arimea urten agiñean? Orduan gura zendukean legez, konfesatu bear zara, konfesetara zoazen bakotxean.

        Irugarrena. Konfesorearen oñetan zagozenean, uste izan, idoroten zareala Jesusen oñetan, zein iltzan krutze baten zuek zorionduteko. O ze maitetasun, ze humiltasun, ze biotzmin, ta negarrezko lotsa santuaz esango zeuskioezan zeuroen erru, ta argaltasunak Jesusi berari, aurkituko baziñatee Magdalenea legez etxunik bere oñetan, edo bere krutze-pean Kalbarioko mendian! Alantxe eldu bear zara zeuroen konfesoreetara. O alan egingo bazendue, eta ze erraz, ta ze laster, sarriturik sakramentu santuau, aterako zendukean zeuroen biotzean dirian biziorik sustraituenak!

        Eztago infernuaren kontra, sakramentu santuak, sarri, ta ondo artutea baño arma izugarriagorik. Guzurraren aita asmu-gillak berak, konjuroen indarraz premiñaturik, alan zala, esan eutsan aldi baten, aita santo Domingoren ordeako erlijioso on bati, beronen eriotzako orduan.

        Baña bildur lar artu ez daien arima bildurti, ta biotz garbikoak, adierazoten deutsuegu, eztaizuela itxi, sarri konfesetea, askotan jausi arren bekatu, ta uts txikietan. Eldu zaiteze damu humil bategaz; ta aldaizuen gogo sendoaz propondu, ez biurtzea beste bein onelako uts-egiteetara; ta beti irabaziko dozuez graziazko ondasun ugariak.

        Gara bekatariak, arako ura sartzen jaken barkutxo zar neketuak legez. Elegoke ondo eginik, itxitea onei urez beteten, bada ondatuko litekez. Atera egizuez, bada, bertatik, zueroen biotzean sartuten dirian bekatu benial, edo arinen urak. Orain sarri garbitu arren, bazabiltze ondo loiturik, zer izango litzateke meatz, ta luzero garbitu ezik? Alan, bada, maiz, ta sarritan garbietan dozuezan legez eskuak, oneek barriro loitutera biurtu arren; alan, askozaz errazoi andiagoaz, ta ardura benetakoagoaz, garbitu bear dozuez zuen arimak.

        Ez esan, askok esan daroena: zer konfesauko dogu? Bada nor da ain aitua, ta mena, eta egun guztian bekatu txiki askotan jausten eztana? Onexeek dira arimeko gaisotasunak; eta bada, eskuak min gitxi bat egiten jatzuenean, bereala ifinten dozue osagarri bat, eztozuez ardura gitxiagogaz osatu bear zuen arimeko gatxik txikienak. Orrez ostean, sakramentu santu au ez bakarrik da bekatuen parkagarria, baita sendagarria bere, aurrerantzean bekatuan ez jausteko. Eztozue on gitxi irabaziko, ateretan badozue, ez jaustea aurrerantzean bekatuan.

        Baña nosik nosera konfesatuko gara? itanduten deustazue. Gura neunke zortzirik, zortzi egunera. Asko eskatuten dot? Aldatuten eztozue alan alkondarea? eta lartzat eukiko da, astean bein zeuroen arimea garbitetea? Onen alkondarea da konzienzia. Ez egidazue esan, zeregin andiak daukezuezala, bada dakizue, au dala bear-lanik ardurazkoena. Eztozue idoroten denpora, ta astia jateko, lo-egiteko, alperrik egoteko, eta baita bekatu egiteko bere? Eta bakarrik ezta izango bearren dozuenerako?

        Batez-bere gura neunke, etzengiela luzetu konfesiñoa amostik aurrera; ta geiago luzetuten badozue, esango dot, ondo gitxitan dozuela zeuroen arimea. Baña onetan, ta esan dodan baño sarriago konfesetako, ez urten konfesoren esanetik; bada eurok dira, Jesusek itxi eutsuezan angeru ikusgarriak, zuek zaindu, ta zuzenduteko; obediturik euroi, obedituko deutsazue Jesusi. Alan dauko adierazorik Jesusek berak.

        Orrez ganetik erregututen deutsuegu, beneraziñorik andienean euki bear badozuez bere Jangoikoaren ministro guztiak, zerutik jatsiriko angeruak bailitzen legez; baña alanbere euren artean danen onik onena autu bear dozue fietako zuen konzienzia. Eztozue alan egiten zeuroen gorputzeko mediku osagilleaz? Zeuroen auzietan letradunaz? Begira bada, onenbeste, ta askozaz ardura geiago merezietan badau arimeak, ta betiraun guztiko zeregiñak!

        Eta gura badozue artu gure adibidea, uste dogu, konfesorerik onena izango dala zuentzat, estuago, ta ziurrago idoroten dozuena. Sugeak aldatu gura dabenean azal zarra, ta jantzi barriaz, igaroten da zulo estu batetik, ta estura onegan itxiten dau azal zarra. Alantxe geratuten da barriztaurik. Bildur nas, konfesore zabalen billa dabiltzenak, iraun gura dabela euren oitura, ta ekandu txarretan, ta deungaro konfesetan ete dirian.

        Sakramentu santu komuniñokoa besteak baño miragarriago da, dan legez iturria bera urez beterik dagoan edontzi baten aldean. Zeruzko sakramentu onetan idoroten da Jesu Kristo, zein dan grazia guztien emollea, ta iturria. Ez kontentu Jesus, guri eginiko mesedeakaz, emen emoten jaku bera eginik janaria, mantenduteko gure arimak.

        Begira bada, ze bildur lotsazkoaz, ze humiltasun, ta amore erexegiñaz eldu bear zarean, bera artutera. Eta ze mesede, ta ondasun ugariak itxadon ezin ziñaikez? Zer ukatu leigu, dan guztia emoten jakunak? Ze garbitasuna erantsiko ez jako, ondo artzen daben arima zorionekoari? San Franzisko Salesek diño, Alpesko mendietan jan, ta janaz erbiak edurra, biurtzen diriala zuriak bera legez; alan Jesus sakramentadua ondo artuten dabenak, janari zeruzko au sarri jateaz, biurtzen dira edurra baño zuriago, ta ederragoak.

        Eldu zaiteze sarritan, deboziño, humiltasun, ta maitetasun egiazkoaz, ta orduan ikusiko dozue, ze maitegarria dan gure Jauna, ta ze gozoa, ta osasuntsua dan bere gorputz, ta odolaren janari miragarria.

        Gura dozue oraindo, lora onen orri bi legezko adi-bide eder bat, konfesatu, ta komulgetako espirituaz, ez bakarrik egunean egunean, baita ordu guztietan bere? Ara: bekaturen baten jausten zareanean, uste-izan, elduten zareala Jesusen oñetara; ta humiltasun, ta damuaz, baña izutu baga; eta konfianza osoaz bere ontasunagan, etxuten zareala bere aurrean. Onetan esan egiozue humildanzia maiteaz oneek, edo onelako berbakuntzak: «Orra, neure Jesus maitea, nik ostera bere egin dot, oi dodana! Ostera bere jausi nas kriatura zantar prestueza legez. Baña aramen, Jesus maitea, non naukazun parkeska, damuturik, ta lotsaturik zeure oñetan. Damu dot, o neure jabe bakarra, damu dot biotz guztirik zu ofendidua; ta zure graziaren bitartez, artzen dot gogo sendo bat aurrerantzean zu ez irainduteko. Nik seme billaua legez egin badot bere, egizu nigaz, o Jesus maitea, aita errukitsua legez. Zer ezpada onelako ar, ta arantza gogor gaistoak emon leikezan nire biotz zorigaistoko onek? Eta zer itxadon lei nire arimeak zure ontasun andiaganik ezpada grazia, ta parkaziñoa? Bai arren Jesus zareana zarealako».

        Au egin ta bereala geratu tristura baga epetasun andian; ta Jesusek emon bailitzuen legez penitenziaz, egin nekeren bat, erea danean, zelan dan lurra mun-eegitea, zerbait errezetea, bekatu egiñaren kastiguan. Orra modu erraz bat biotz-konfesiñorako, zein egin ziñeike nosnai, ta non-gura, ta batezbere arratseko konzienziako billakuntza, edo esaminea egi-torduan.

        Alan egiten badozue, itxadoten dot, onik asko aterako dozuela; ta bein baño geiagotan jagiko zareala Jesusen oñetatik, bekatuak parkaturik; zerren Jesusek emon eutsenean konfesoriai, bekatuak parketako eskubide, ta poderioa, etzan bera baga geratu Jesus. Baña alanbere preminaturik, ta bearturik zagoze esatera konfesoreari zeuroen bekatu mortal guztiak.

        Komuniño espirituala, edo arimazkoa, da, eukitea gurari erexegin bat, ta gose-egarri bizi bat Jesus sakramentadua bularrean errezibietako. Nok eragotziko deutsue berari deitutea, zeurok gura dozuenean, edozein lekutik, nai arta-jorran zagozen solotik? Nok galazoko deutsue, deitutea biotz guztirik? Alan, bada, gogoratu, sakramentu adoragarri onetan geratuteaz, erakutsi euskun maitetasun oxin bagea, biziteko gure laguntzan, ta sendotuteko gure argaltasun, ta gatx guztiak. Bai, ontzat artuko dau, ta pozik etorriko da gure biotzetara, deituten badeutsagu maitetasun egiazkoaz.

        Deitu, bada, ze bere graziak eztau uts egingo; eta dei-egin onako berba, edo beste onelakoakaz: «Nos elduko da, Jesus maitea, ni zugana elduteko ordu zori-onekoa? Neure Jesus laztana, zergaitik luzetuten zatxataz? Merezietan ezpazaitudaz bere, zu zara nire zori-on guztia! O neure jaun, ta jabe bakarra, deustazun amore andia gaitik erdu, erdu sagrariotik nire biotzera; bada biderik geiena emon dozu!». Etzinian etorri zerutik lurrera, zorionduteko nire arimatxoa? O joan albaneiteke zu errezibietara, eta ze pozik elduko nintekean zugana, Jesus neurea! Erdu laster nigana, ni poztutera, bada argaldurik nauko zuri asko gura izateak.

        Abia zaite onelan, ta etorri bailitza legez Jesus zure biotzera, beroen giltza guztiak emon egiozuz berari. Ezarri egizuz bera oñetara zure almen, ta zenzun guztiak; erregutu egiozu, euki zaizala beti bere oñetan; eskatu egiozuz, bearren dozuzan mesedeak, batez-bere kentzea arako kalte gogor geiago egiten deutsun griña, ta ekandu gaistoa.

        Ez ibilli Jesusegaz pildinka. Eskatu egiozue gauza andiak, zerren Errege andia da. Esaizue: edozein Errege lurreko elitzateke aserratuko, lauziriko bat eskatuteko, biralduko bazeunskioe paper, edo memorial bat? Fraide pobrea nas, baña eneunke ontzat eroango; eta ontzat eroango dau Jesus Errege guztien Erregeak?

        Baña aita, zer esakatuko deutsagu? Esanik daroat, eskatu bear dozuezala gauza andiak; eta izanik txikiak, zantarrak, ta prestuezak lurreko gauzak, edo ez eskatu eurok, edo eskatu bigarren lekuan. Ah! baña ze okerretara egiten dozuen! Onetan dirudizue arako elex-ateetan ifinten dirian eskeko gaixoak, zeintzuek erruki andiaz eskatuten dabe, lauziritxo emon daioela, baña aztuten dira osasuna eskatutea. Zuek bere lauzurikoak esketan dozuez, ta ez osasuna; ta baldin iños eskatuten badozue osasuna, da gorputzekoa, ta ez arimekoa. Ze zorakeria! Ardura andia astoaren osasunaren, ta jaramon ez bere jabeari. Gure gorputza da gure astoa; ta nor da bere jauna, ezpada arimea? Alan bada.

        Zarratuko dot irakurtzau urre gorrizko giltze bategaz; au izango da, konfesiño, ta komuniño guztietatik atera daizuela ondasunen bat, esaterako, irabaztea au, edo beste bertutea; edo ebagitea au edo beste ekandu txarra. Egizue zuen arimakaz, egin oi dabena andrak alkondara zar lexibian ikuziaz. Jarten dira, artzen dabe eskuetan, ta goirik bera jagokaz adi, ikusteko non dagoan urraturik; asten dira ebagiten atal ifin gaiak, ta adobetan zuloak, ez guztiak beingoan, ezpada banaka, ta bearren daben lekutik:. Auxe egin bear dozue, zueuroen konzienziakaz, garbitu ezkero lenago konfesiñoko garbitegi zeruzkoan. Zer bada, miesazko alkondareagaz egiten doguna, eztogu egingo gure arimeko alkondareaz, zein dan gure konzienzia?

        Eztozue gitxiago egin bear komuniño santuagaz. Negargarria da arima askogaz jazoten dana. Testamentuko kaxa santua ifini ebenean filisteoak Dagon Jainko guzurrezkoaren elexan, jausi zan esku-taiu uts au bere altaretik bera, ta zatitu zan. Ezta errukigarria, guk ainbeste bider artutea Jesus sakramentaua, zeinen antzirudia zan a kaxa edo utxea, ta orrez guztiaz gure Dagonak, au da, bizio txarrak bere oñean gelditutea? Ain sarri, gu osatutera etorri zeruko mediku osagillea, ta alanbere gure arimak beti gaisorik geratutea? Ah! gorputz-etiku batentzat, milla arima tisiku idoroko dira.

        Arima asko mantenduten dira sarritan komuniño santuko janari gozo miragarriaz; komuniño santu bat ondo egiñik, izan bear leuke asko, bekataririk andiena santu egiteko; ta orrez guztiaz ikusten da, etiku dagozanak, jan arren jatekorik oneenak, ezerbere aurraratuten eztaben legez osasunean, alan onelakoak gitxi edo bapere irabazten eztabela, Jangoikozko ogiau jateaz.

        Edozein neke artuko leuke etiku gaiso batek, urtetearren bere egokera errukigarritik; inguratuko leukez erriak; joango liteke Londres, ta Paris giño bere; ta poz pozik urtuko leukez onetan bere ondasunak.

        Ara bada emen sakramentu santu onetan osagarririk sendoena irabazteko osasuna, ta au neke baga, doarik, ta lauziri kosta baga. Begira zelan; baña nola dan ardurazko lana, goazan astiro zabaldutera urrengo adi-bidetan. Enzun bada.

 

aurrekoa hurrengoa