HOGOI ETA HAMABOTZGARREN KAPITULUA
Eztela bizitza hunetan seguranzarik Tentamenduen kontra.
1. Semea, sekulan eztukezu seguranzarik bizitze hunetan, baina bizi zareino bethi ere arma espiritualen beharra duzu.
Etsaien artean zabiltza, eta eskuin esper akometatua zare.
Bada alde guzietarik baliatzen ezpazare pazienziazko arrondelaz etzara luzeki egonen zaurtu gaberik.
Are geiago, zure bihotza tinkatzen ezpaduzu ene baitan gauza guzien ene gatik pairatzeko borondate hutsez, ezin eginen diozu hain gudu beroari buru, eta ezin ardietsiko duzu doatsuen golardoa.
Behar duzu beraz gizon gisa iragan kontrako guzien gainetik, eta guzien kontra beso sendo batez gudukatu eta peleatu.
Ezen garaia duenari emaiten zaio mana erran nahi da zeruko eztitasuna eta nagitze denari hainitz miseria gelditzen zaio.
2. Bilhatzen baduzu sosegurik bizitze hunetan, nolatan orduan ardietsiko duzu sekulako sosegua?
Etzaitezila prepara hainitz deskansuz gozatzera, baina bai pazienzia handiaren ardietstera.
Bilha zazu egiazko bakea, ez lurrean, baina zeruan, ez gizonen artean edo bertze kreaturetan, baina Jainkoa baitan xoilki.
Jainkoaren amorioa gatik behar ditutzu nahiz diren guziak gogotik pairatu, nolakoak baitira nekeak, trabailluak, doloreak, tentazioneak, bidegabeak, atsekabeak, hersturak, beharrak, erbaltasunak, eritasunak, hitz gaixtoak, aitzin gibeleko gaizki erranak, urgoiak, eranzuteak, liskarrak, beheramenduak, ahalkeak, sensamenduak eta mesprezioak.
Horrelako gauzak heltzen zaizko gizonari bertutearen ardietsten, frogatzen dute Iesus-en soldadu berria, zeruko koroa egiten dute eta arrimatzen.
Nik sekulako saria emanen dut neke labur baten gatik, eta fingabeko loria laster iragaiten den ahalke baten orde.
3. Uste othe duzu izanen ditutzula konsolazione espiritualak zure nahiaren arauera?
Ene sainduek eztute izan zuk nahi duzun bezalakorik; aitzitik hainitz atsekabe, tarritamendu eta deskonsolamendu handi iasan dute.
Ordea guziak hartu ituzte pazienziaz, eta geiago fidatu dira Jainkoa baitan, berak baitan baino; zeakitela eztela mundu hunetan pairamendurik etorkizuneko loriaren ardietsteko aski denik.
Nahi othe duzu berehala eman dakizun, hainitzek hain nigar isuriz eta hainitz trabaillu iraganez gero nekez ardietsi dutena?
Iguriki diozozu Jainkoari, hari zaite gizon gisa egizu buru, eztezazula esperanza gal, etzoazila, baina gorputza eta arima para tzatzu fermuki Jainkoaren loria gatik.
Nik hagitz geiago bihurtuko derautzut; ni zurekin izanen naiz zure herstura eta tribulamendu guzietan.
|