36 TXARTELETAN
Urtero bezela, orduan ere joan zan Pernando txartel billa.
—Zer dakartzu, Pernando? Dotriña Ikasi al dezu?
Ta Pernandok erantzun zion:
Errespetoa ekartzen diot
erantzirikan txarela
dotriña pranko badakit eta
eman bear dit txartela.
* * *
Pernando joan zan garizuman txarteletara. Erretore jaunak galdetu zion:
—Nor da Jaungoikoa, Pernando?
—Jaungoikoa bera.
—Orixe aixa esan dezu. Obra miserikordiazkoak bai al dakizkitzu?
—Ez jauna.
—Ez dizut bada txartelik emango. Datorren iganderako ikasi ta etorri.
—Ala bearko... Ta berorrek bai al daki ardi bakoitzak zenbait ortz dituan?
—Ez...
—Ia bada berorrek ere iganderako ikasten duan.
Urrengo igandean, etorri zan berriz Pernando, ta erretore jaunak galdetu zion:
—Ikasi al dituzu, Pernando?
—Bai jauna. Ta berorrek ikasi al du?
—Bai; ardi bakoitzak zortzi ortz dauzka.
—Goian ala bean?
Erretoreak ez zekian. Eta txartela ixil-ixilik eman zion Pernandori.
* * *
—Pernando, zer gauza da dolorea? —galdetu zion erretore jaunak.
Eta Pernandok erantzun zion:
Zer gauza dan dolorea?
Ez adukitzea ezer gordea;
jan bearra, ta errotan laborea:
ori izaten da gure dolorea.
* * *
Txarteletarako garaian, an joan zan gure Pernando ere, beste amezketarrakin batera, sakristira. Erretorea bertsolaria zan, eta Pernando atean sartzen ikusi zuan bezin laister, bertsoz galdetu zion dotriña.
Ona nola:
Esan bear dirazu
ixtante batean
liburutik txartela
nik atera artean,
nola sinisten dezun
zuk zere artean
daudela iru persona
Jaungoiko batean.
Eta Pernandok, itzetik ortzera, alaxe erantzun zion:
Nota sinisten dedan
arrazoiarekin,
orain esango diot
sagartxo batekin.
Usai ta saborea
kolorearekin,
orra iru jenero
gauza bat-batekin.
Bi zortziko oek, batez ere lendabizikoa, oso politak dira.
* * *
Garizuma batean Pernando txarteletara joan zanean gertatua.
—Peinando zer nai dezu galdetzea?
—Txartela eman eta bidaltzea.
|