26 ALKAR IL
Aurretik ibiltzen zan ardi eskurakoi, maite bat zuan Pernandok. Alkar esaten zioten ardi orri.
Bein batean Alkar gaxotu zitzaion, eta abel-sendalariari deitu arren, ez zan agiri ta ez zan agiri. Ardia il zan, eta barrunpeak saski batean artuta an joan ziran Pernando ta bere emaztea errekan garbitzera.
Irtetzerakoan, Pernandok esan zion etxean gelditu zan semeari:
—Gure galdezka iñor etortzen baldin badek, Alkar ilda errekan gaudela esan akiok.
Laster etorri zan abel-sendalaria. Zaldi ta guzi atarira sartu zan, eta sukaldeko atetik burua sartuaz:
—Eup!... —esan zuan—. Ama ta aita nun dira, txikito?
—Alkar ilda errekan daare...
Abel-sendalaria, ori entzun bezin aguro, joan zan sendalariaren etxera, ta erretorearen etxera, ta an eraman zituan errekara guziak arrapastaka. An ez zeudela ikusi zutenean, Pernandoren etxera joan ziran egiñalak egiñaz, senar-emazteak alkar ilda arkitua zituztelakoan, baña... bai zera!... ondo patxaran zeuden biak sukaldean Alkar goxoaren gibela jaten.
|