BANOAKIZU...!
Txirristaka darorzkit
oraindik malkoak,
ene amak muxuka
ateratakoak.
Ene amaren azken-muxua!...
ene amaren aiotsak!...
Malko garratzen gezaltasunaz
urtu zaizkigu biotzak.
Korapildurik daukat mingaiña...
barrenai odol dario...
Miñaren miñez utzik badere,
urrundu bear natzaio.
Zorionaren zori samiña!
Zugandik, ama, urrundu?
Alde-bearrak askatu ordez,
biotz-kateak estutu!
Banoakizu!... bazakust ere
naigabe miñez urtutzen...
Maite banauzu, ez izan urri
zure baimena ematen.
Atozte, arren! erle txukunak:
igortzi nere kopeta!...
Berriren berriz odol-loreak
ezti-jarioz daude-ta.
Miztu arretaz biotz-lorea,
ozpiña bezin garratza;
mimikotxoan gorderik, leundu
amaren bizitz-arratsa.
Atoz sasitik, euskal-xoxoa:
urratu borboil paparra;
txiruliruka eres biurtu
ene amaren negarra!
Ar zazu gaurtik zure amatzat...
Leioan egin kabia,
ta sasian lez, kabi-ertzetik,
poztu dantzari bizia!
Zaindu baratza nere ordean;
gorde pipirriz etxea...
ta azken-aldian, ene txoria!,
laztandu ama nerea!
Banoakizu..., banoakizu,
biotz-mamiko kutuna!
Yainkoak nai. du! Ordaingarritzat
goian daskeingu zoruna.
Alaitu zaitez alik geienez!
Yantzi gaur eztai-yantziak...
Estali lorez ate-buruak;
zabaldu kutxan usaiak!
Alaitu zaitez!... zure semea
zeru-lurreko errege...
Yainko berberak igortzi nau-ta
bakaldun, artzai ta jabe.
Nolaz nik gero gaitzetsi, ama,
Yaunak dalmaidan yabetza?
Nolaz zimeltzen utzi dezaket
Yesus Onaren ametsa?
Aundi natzaio, aundi dagert-ta;
urrunduko naiz berela,
Yaunaren naiak guztiz lotu nau,
untzak aritza bezela.
Egunik-egun, Yesus, bazabiltz
ixil-adikor deiezka,
beingoan beingoz gertu naukazu
Zurekin ega naiezka.
Badakit ziñez gogorra dala
kentzea seme bakarra;
badakit iñoiz ez dala asetzen
ama bateren negarra.
Baña gaxoa!, ezin ukatu
Yesusi gure baimena;
maite badegu, aldendu bear
zorrotza badere eztena.
Yainkoak nai du! Yainkoak nai du!
eman zaiogun laguntza;
aundi agertu, aundi zera-ta...
begiak jaso goruntza!...
Begira zertaz Gurutz batean
iltzen utzi zan Yaun Ona.
Begira nolaz ibilli oi zan
erostearren gizona.
Ta azpiratuko zenuke, ama,
Yesusen odol saindua?
Artzai Onaren deia entzunik,
negoke zuri lotua?
Aundi natzaio, aundi dagert-ta.
Urrunduko naiz berela;
Yaunaren naiak elkartu nau-ta
ntzak aritza bezela.
Banoakizu..., Yainkoak nai du!
Gurutzeakin baturik.
Bera da nere lagun eztia;
nun gero ura lakorik?
Gurutz maitea: zu zera gaurtik
nere begien argia;
zu nere ama, lagun bakarra,
alaitasun-iturria.
Indarra zera ta indartsua naiz,
zurekin naiz ni garaille...
Auzpeztu bitez etsai gaiztoak
ta auzpeztuz, agur zaitzate!
Orru ta marru naskaldu bitez
lur eta itxaso zakarra!
Zurekin banaiz, ez det beldurrik...
nekin daramat Indarra
Nekin daramat indarren-Buru,
nekin daramat bizia;
nekin daramat arantz tartean
margotuko dan azia.
Ez det beldurrik!... Gurutz doneaz
ziurki naiz ni garaille...
Maitasun bidez aitortu ezik,
zigorrez agur zaitzate!
Zure zaurien dirdir biziaz
uxatuko det otsoa;
ta auzpeztuko da zure aurrean
apalki ludi osoa.
Batuko dizut giz-artaldea;
arkituko det bildotsa;
mendi gaiñetik zabalduko det
maitasunaren abotsa.
Tontorrik zear, basorik barna
urratuko naiz oiuka;
ta arditxoren bat iges badabil,
biurtuko det muxuka.
Moztuko dizut alor-arantzak;
zusterkatuko sasiak...
Urte bat buru erneko zaitzu
«Berri Onaren aziak».
Sendotu bitza euzki oraillak;
urtatu goiak naikoa;
ta azken zorian makurtuko da
arnaripean soroa.
Bekit biziro zure besoak;
indazu arren Yaun Ona:
zure laguntzak indartzen banau,
eziko det nik gizona.
Agur azkenik, ama kutuna;
agur... begira goruntza.
Zure semeak uzten bazaitu,
Yaunak dakartzu laguntza.
Agur, Euskal-Erria,
zugandik banoa:
maite bazaitut ere,
maitago Yainkoa.
* * *
Iruntsi naiez orruz zabiltzan
itxaso gezal, nastua:
estutu zure ugin-orratzak,
askatu gentza-gorua.
Urreztu zure bekaitz-adarra;
otzandu bizkar-ezurra,
lotu asarre dunboslaria,
neurtu jokaldi biurra.
Zure mototsa zorrotz orraztuz,
ara antxen narras ontzia!
ta ardatz-ertzean moko xabalik
pakezko uxo txuria.
Noletan gero galdu ontzia
ur-mendi-saillak amorruz,
odei-tartean irripar gozoz
Izar bikaiña badakus?
Ta ixilik doa egatu naiez
euskaldun uxo txuria;
ta aurrera beti, beti garaitsu
uxotxoaren kabia.
Ez du beldurrik, indartsu da-ta;
barruz darama itxasoa;
maitasun-galdak zabal-erazten
dio sarriro mokoa.
Eskutatu zan urrun-aldean
intxaurtxo bat lez igari:
ta Izar urdiña Euskal-Errian
usotxoaren zai beti.
Iruña 1931-9-6
Yakintza 16, 1935eko uztail-abuztua, 266. or.
|