ILLARGITARA
Pulchra ut luna...
Nolaz diteken, nongo gertari
iges dagio adimenari...
Ta alaz ta ere,
egirik bada,
eskutu auxe
errañukada...
Sortzetik, Miren, Erruge zera,
Ama ta Birjin biak batera!
Kopet-mamia gotargiz arro,
sakona dazaut, naizenez txarro...
zenbat dagidan
ega gorago,
ainbat, zalantzan,
dakust arago.
Ta ala badere, Erruge zera,
Ama ta Birjin biak batera.
Arrats-zoriak illuna dakar,
esna-eraziz ontz ta xaguxar...
Oro geldi da.
Otsik iñun ez...
Sorgin egada
guzion gañez...
Sorgiñak berak txistua jo du
ta illargi-izarrak izeki ditu...
Izarrak lagun, illuna etsai,
itsas-ertzean nago egi zai.
Illargi bete,
adar urdiña,
lurrun irule,
zillar-joskiña...
itsas-auspoak darakar zikor.
ta izar erdian apurka dator.
Illargitara... oro geldi da,
marmarka itxaso... neurriz taupada.
Pizti-txirrika
ulu eziñik...
Buru-ausika
gogait egiñik,
barren-odeiak noiz ta beltzago,
itsas-orpoan nasturik nago.
Illargi meak dagit musuka,
ugin-gezalak aitz-atzimurka...
Ta itsas altzoan
musu borobil...!
Noruntz digoan
aruntz darabil...
Nondik dan ori... asege nago...
Uretan izan geroz geiago!
Ugin-barrenak argiz josiak,
itsas-osiñan par illargiak.
Itsas-erraian
par illargiak,
jira nasian
kiñu pitxiak...!
Garden azala, diztiz ondarra,
garbi azpia, gaña leiarra...!
Illargiaren biko bizia,
izar txurien kiñu berria...!
Ugin-azala
urratu barik,
barren-itzala
urrez jantzirik...
be-bean dabiltz parre ta mugiz,
legor-bustian batera biziz...
O Miren eder! Erruge zera,
Ama ta Birjin izar antzera!
Irudi dezu
itsas-kolkoa...
Ta askatu degu
korapilloa...!
Nondik ta nolan, argitara da,
ezkutua gaur erraiñukada...!
Itsas-errota kanta-kantari,
ta izar-ugiñak elkar-dantzari...
Zeruko Argia 156, 1931ko abendua, 159. or.
MEOE 955. or.
Eusko-Olerkiak IV 1933, 105. or.
Yakintza 4, 1933, 251. or.
|