ENADA BELTZA
I
Ura, bai, zala lagun zintzoa
leio-ertzeko enadatxoa!...
Udaberriro bazetorkidan!
Mingain jatorraz abesten zidan
eresi xamur, polita.
Txo-rro-txo-txio!... egun osoan
egoten oi zan nere leioan,
leioan tente jarrita.
Goiztarra izanik esnatzen niñun
pipir alaiez oraindik illun!...
Ta irabioka
jolas-txioka
nere gain beti egunik-egun.
Arazo garaiz aldiz zetorren...
txio zorrotz bat eman ondoren,
nigan xabalik
begik jarririk,
kiñu politak zizkan egiten,
mingain bikoitza erakutsirik.
Arto bizar ta lokatz biguna
elkar josiaz, kabi txukuna
ipiñi zidan zintzilik...
Jolas-alditan gordetzen oi zan
arret aundiaz kabi-ondarran,
ni zaintzearren barrendik.
Ikusten niñun billa ezinik!...
Buru koxkorra erdi-jasorik,
kiñu naikoa!...
Txio gaiztoa!
Ta ixilik berriz sartzen zan geldi,
nere zai beti... beti lapurki!...
Elkarren leian ezin obeto
biok emen bizi giñan.
Lagun oberik arkitu ezin;
orren maitagarri baitzan!...
Leio-ertzean tente jarri-ta,
zeinbat atsegin zemaidan!...
Ura, bai, zala lagun zintzoa
leio-ertzeko enadatxoa!
II
Eldu zitzaigun negute otza,
zorigaitzaren odei mingotza...
Ezur damate zugaitzak...
Urez gañezka datoz ibaiak,
ta apairidu ditu eusko-mendiak
elur txurien orratzak.
Or daramatzi aize zakarrak
zugaitz adarren osto bakarrak.
Ekaitzen mende,
noralde gabe,
nekez gaindurik mende-lepoak,
igeska doaz pagausoak.
Aldatu ziran beste txoriak,
aldatu ziran urrun, guziak;
ez da bat ere gelditu...
Bakar-bakarrik bart arratsean,
enada beltza leio ertzean!
Nolaz nigandik urrundu?...
III
Txio ta txio, ega motxean,
enada beltzak leio-ertzean
itunki negar dario...
Nolaz ixildu ene txoria,
zintzilik zeukan kabi guria
gabaz izoztu bazaio?...
Iñolaz ezin... ezin eraman
geldi-geldiro jeixten ari dan
elurra batez izotza.
Txori gaxoa!... egati arro
abegi eske asekai dago;
noizbeinka txio zorrotza!...
Ideki nion leiatil xarra!...
ta ideki zidan bere paparra!
Txio ta txio
negar dario!
Nolaz ixildu ene txoria,
zintzilik zeukan kabi guria
elur ixilez bete bazaio?...
IV
Ezin sinistu!... Ametsa ote...?
Illotz... illotzik dakust, ai! ortxe
elur-lorez estalia!...
Zeru berberak ordaindu zion
lagun on batek ziñez zor dion
atsegiñezko illobia
Atseden adi, evada beltza,
egin zak, bai, lo gozoa!
Ire jolasen ordaingarritzat
artu zak nere txaloa!
Atseden adi leio-ertzean,
atseden lagun zintzoa!...
Zeruko Argia 147, 1931ko martxoa, 37. or.
Mila euskal olerki eder (Aurrerantzean MEOE) 961. or.
Eusko Olerkiak IV 1933, 111. or.
Yakintza 1933, 335. or.
|