ALLELUIA!
Oztin damait ortzeak, eguzkiak urre
ta argi-loreen erdi piztu naiz garaille.
Atsegingai dagozkit zeru ta lur-ama,
esku naramatela poz-biderik barna.
Tinka begiz jo naute mimiko guriak
ta agur-pipirri dauzkat leiaka txoriak.
Ñir-ñir dakarkit intzak, janzkia loreak
ta itzul-inguru, dabiltz aingeru taldeak...
Jeiki bitez erriak amorru beltz gainka
ta arnaseaz, ez beste, or dira lorrinka.
Zuzen bedi berriren onat borreroa
ta ikus beza nora dan bere gorrotoa!
Ikus beza buruan, arantza orde, izpi
ta ubelune bakoitza zorion-iturri.
Ikus beza bularra dirdian urrinka,
ene uso larriei kabia eskeinka.
Ta aittu bazidan bein bat miñez-min bizitza,
ene baitan nuen Nik bizitzaren giltza.
Ta argiarekin batez jeiki naiz garaille,
sortitz oro detala lagun ta pozkille...
Erraiñu-lore dago goian gurutzea,
besoetan dularik pizkunde-lorea...
Poztu bitez gallurrak, kanta beza beak
ta abestien otsera betoz maitaleak!
Betoz, itzali da-ta ekaitz erasoa
ta ageri da poztari uztargi gozoa...
Ekaitzetik jaio naiz ibaika diztia,
arantzatik oi dan lez arrosa zuria.
Ez da lurtarrarentzat beste poz-biderik,
elordi latza zear abitzea baizik.
Malko-ttanttan ezpada ez dio emango
uztaiak odeiari, ez muñ ta ez margo.
Kalbariotik nator urrez buresturik,
udalena bezela negu gordiñetik...
Ez bedi, ba, bildurtu ene maitalea,
laño badakus noizpait biotz-mugaldea.
Beti oi du ekaitzak irripar-lorea
ta ara Ni gogoaren eguzki betea...
Eskutuki odeian erne ta zai nago
zenbat durun ekaitzak, ainbat urbillago.
Ta iñoiz lertuko balitz eztanda-marruan,
dir-dir nagerkioke saria eskuan.
Zeruko Argia 160, 1932ko apirila, 52. or.
|