OTOI, ADISKIDE...!
Il intzan il i ere...! Eraman induten...
Ire itzalak ordea ni baitan dik lurmen...
Eta abia bai intzan
laño ta eurite...
beste alde ortan
bai al duk aterpe...?
Sukarretan aitu zan Uda, jaun gorria,
otzikaran utzirik, seme negartia...
Aurrari pa eta pa!... sukaldean ama
min-ariaz ari da josten min-oiala...
—Esan, ama, esan:
non degu aitatxo...?
Aspaldi jun baitzan,
laister da itzuliko...?—
Sutu zaio malkoz aurpegia
ta alderaka ustutzen du biotz-intziria...
Lotzen du besoetan laztanka umetxoa
ta ixillean txukatuz begi-jarioa,
—zer diozu, seme:
non degun aitatxo...?
Aitatxo, bai...! zure
aberrian dago...!—
Ta artean txikiari eskua altxaturik,
—antxe pian, diotsa, bitxiz buresturik...—
Geroztik iñork aitaz galdetzen badio,
belaxen eskutxoaz aurrak darantzuio.
Ta aingeru batek itaz bai zidak gaur esan,
nigandik aldatzean noruntza jo uan...
Otoi, adiskide,
otoi nere alde...!
Iruña 1931-XIean
Zeruko Argia 167, 1932ko azaroa, 184. or.
MEOE 954. or.
Eusko Olerkiak IV 1933, 119. or.
Yakintza 1933, 339. or.
|