URKIOLAKO ANTONIO DEUNARI
ESKARIA
Begiekin ez arren, bazakust biotzez
maitasunak damaidan argiaren bidez.
Ortxen zakust, Andoni, Anbotoren koxkan
pagauso bat bezela egarako itxuran.
Ortxe zaude leiatsu noiz gu etorriko,
gure aiton zarrak lez, onak irixteko.
Urkiolara bada zinitzaigun jetxi
nai degun ainbat esker emateko guri.
Maitasun-zalea da euskalduna, bañan
arkitu ere badu maitalea zugan...
Zorionez badegu biotza non ustu;
badegu, gau ta egun, norekin mintzatu!
Zoritsua benetan orra lijoana:
etzaio damutuko artutako lana!
Naigabe latzik balu... poztua litzake
ta illunean balebil eguzkia luke...
Zenbat aldiz bada or, gure aiton zarrak
auzpez erori ziran, erreta min-garrak!...
Bañan... bai jaso ere zure oñetatik,
zekarzkiten arantzak lore biurturik...
Ortxen arkitu zuten biotzeko indarra;
ortxen, ekaitz aldian, poztasun-izarra.
Ta itxaso aserrean barrundu baño len,
laguntza ta argi eske orra zijoazten.
Eleiza ta arkaitz oiek al baligute esan
zenbat esker iritxi zizkiezun bertan!...
Baña argi dasaigute orko sineskaiak,
biotzeko odol-malkoz neurtu ta bustiak!
Zuk, Andoni, eskerrez ta asabak agurka,
baziñituzten ortxen amaika burruka...
Ta arritzeko ere ezta olako zalea,
euskalduna bai-zan ta zure amandrea!
Izan dituzu, noski, poz-orduak ere;
bakartasun-gauetan argi ta adiskide...
Ordaindu izan dizute zerbait zor galanta,
osotara ezpada, osoaren tanta...
Zer baña? Ez al zaude gaur ere, Andoni,
esku-zabal ez ezik, eme ta iratzarti?
Ez al ziñan ba jetxi Urkiolara zu,
ekaitzean genezan non jo ta aterpetu?
Aspertu ote zera, nonbait, eleiz ortan,
ez dakuszulako gaur iñor Urkiolan?...
Ez ori! Or zaude bai, oiuka goi-goitik,
ez gaitezela aldendu asaben bidetik.
Goazela guziok zuregana laister,
datorkigula-ta naiko etsai oker...
Zure begirapean babesten bagera,
lertuko dala illuna etsaien gañera...
Entzungo al ditugu zure dei maiteak;
eragingo al digu zure eskubideak...
Aiton zarrak bezela, guk ere, Andoni,
elduko bagenio zure esku onari!...
Arren! begira iguzu antxinan bezela:
zuzen zazu berorrek gure euskal-batela.
Luza zazu eskua, ta itz bat ez besterik,
gesalduak ditugu etsaiak bertatik.
Zaude, zaude gurekin: elkartu gaitzatzu,
nora ere goazen, ara darraiguzu.
Begira, bai, Andoni: suzko sorgin ori
ez dedilla geiago Anbototik jetxi.
Gorrotoa erein du biotz geienetan
ta anaiak berak gaitu nasi burruketan.
Lotu zazu ba, katez, arkaitz barrenean;
dagola antxen uluka sugarren artean.
Gorrotoa sortzera etorria bada,
berari dioguna... arrapa dezala!
Ta alaz ere baletor miru beltz, gaiztorik,
ez dezala iges egin zure sarepetik.
Urka itzatzu goi ortan, batera, guziak,
goizean oi duan lez gaua eguzkiak.
Bultza zaiezu gogor Anbototik bera
ta Anboto bera gero durundiz gañera...
Utziko al digute orrela pakean,
ez genduken ezkero beraien artean.
Baztertzera badatoz Lege ta Jainkoa,
moztu zaiela berai gaur bertan lepoa!...
Eutsi, eutsi, Andoni, Euskalerriari,
aritzak oi dion lez alboko untzari!
Bildu zazu estuki zure lokarriaz
ta atera burrukatik bizi ta garaiaz.
Batu, ainbat lasterren, euskal-artaldea
ta alde oietan eman zeruko larrea...
Ageri zaigula, bai, guri Urkiola,
ekaitz-egun beltzetan dirdir dariola!!...
Zeruko Argia 162, 1932ko uztaila, 87. or.
MEOE 964. or.
|