«MAITASUNA EZ DA MAITATUA»
Udazkena zan. Odol tantozko
ezti-margoa
eguzki-galdak zixurin.
Ibar-gangarrak doi-doi bekozten...
Arrats-giroa
atsegiñaren atsegin.
Sartalde-goian izpi trinkoak
jolas zegiten.
Ibai-ertzetan sorgin-ardoak
ditu moxkortzen
sasi-ama ta xulufrin.
Muñoan ziarduten aspaldi poxpoliñak;
baratzean txoriak txirri-otska lertzen.
Ostendu zan euzkia,«urrezko talo ederra»,
lurriñez sagardia zuela estaltzen.
Ta amilka daror mendi-kolkotik
itur-aria,
basauntzen mama gozoa.
Untzak lanbrotuz iges dirudi
suge lodia...
gorde-ageriz lepoa.
Ta abeska poil-poil, zurrunbillotsu,
mur-mur ta zotin,
bere betiko leloa,
astintzen ditu sarats itunak
ta arindu ezin
negarka zegon xoxoa!
Txioka dabil xoxo mindua
adarrik-adar:
zerbait zekusan sasian...;
lotan zetzala pizti zarren bat,
narraska zear,
lapurki sartu kabian.
Ega motxean minduki dagi
pir-pir samiña,
kulunka sarats-gerrian.
Iruntsi naian badabil nunbait
pizti muskiña...
badakus zerbait azpian.
Maitasuna gañezka, naigabea tontorka
ara or Asistarra, Goi-gotzon galdua.
Sukarretan biotza, urraturik bularra,
zauriak gori-gori, ai! odolustua...
«Ene nere Jaun Ona!, oiu aundiz ziotsan,
ene! maitasuna iñon ez da maitatua!»
Xamurtu zuten xoxo-amaren
pio zorrotzak!
biozti urbil zitzaion...
«Zer dek negarka, xoxo anaia?
Jarrai mirotzak?
Ator niganontz» zesaion
«Kabi barrendik etsai maltzurrak
atera al aute?...»
berriro galdetu zion.
Esku ertzera, parra!... egatuz
kiñuak tarte,
baietz, baietz!... zerantzuion
«Egia diok beraz, orrazturik ziotsan,
ire laguna nauk bada. Noruntz dek kabia?»
Purruts!... ega batean, sasipean sarturik,
adierazi zion nun zegon etsaia.
Ura etsaia!... So dagi aruntz
ta arri biurtu!:
kabian suge zitala!
Ume tartean biribildurik,
guzien buru,
zai zeukan kankar zabala.
Amorru biziz odol-usmoka
zegoen garaiz,
limurtuz larru azala.
«Suge anaia, suge anaia!
nolaz ari aiz
itotzen ume makala?»
Eldu zion lepotik sumindurik Prantziskok,
astindu zuan zumez, urratuz eztena.
Ta irristada luzean, lerdea zeriola,
eskuta zan txistuka sasien barrena.
Moko xabalik ume minberak
jan eske zeuden:
eldu zitzaien Prantzisko...
Ta amari batez beatz-mamiaz
eman zizkien
igortzi leun ta jan naiko.
Maitasuna gañezka, naigabea tontorka
biurtu da negarrez Serapin mindua.
«Ene!, nere Jaun Ona!, suge gaiztoak nunnai,
Maitasuna ez da-ta guztiz maitatua!»
Zeruko Argia 154, 1931ko urria, 148. or.
|